Doaneko Jazzaldia, zuzenean edo streaming bidez

Doaneko Jazzaldia, zuzenean edo streaming bidez –

Abian da 56. Jazzaldia, aurten nazioarteko izarrak ere oholtzaratuko dituen arren, oraindik ez dena iraganeko formatu osora bueltatu. Bost egunez eta zortzi eszenatoki ezberdinetan 60 zuzeneko programatu ditu jaialdiak, eta erdiak inguru, doan.

Oholtza nagusienetako eskaintza ordainpekoa da Jazzaldian, eta asko dira gainera dagoeneko sarrerak agortu dituzten ikuskizunak, edukiera mugak gorabehera -Trinitate plazako eta San Telmo Museoko kasik guztiak, eta  Silvia Perez Cruzen igandekoa Kursaalean-. Baina ez da derrigorrean sosik gastatu behar jazz musika entzuteko egunotan.

Bi modu daude Jazzaldiaz doan gozatzeko; bata Donostiara bertaratu eta Kursaal inguruko terrazetan, eta bestea etxetik mugitu beharrik gabe, streaming bidez.

Hona hemen doaneko guneetako egitaraua:

Doaneko Jazzaldia, zuzenean edo streaming bidez

Kursaal inguruko terrazetan bi gune ditugu erabat doanekoak, agudo beteko direla aurreikus daitekeen arren. Guuk izenekoa da bata, eta Frigo gunea bestea. Lehenak 500 lagunentzako edukiera du eta igandea bitarte bi zuzeneko jasoko ditu egunero, 19.00etan eta 21.30ean. Handixeagoa da bigarrena, 750 lagunentzako edukiera baitu, eta egunero eskaintza hirukoitza jaialdia bukatu bitarte, 17.45ean, 20.15ean eta 22.45ean.

Gainera, Euskal Herriko musikariek osatzen dute, nagusiki, bi guneotako eskaintza.

.

Izar nagusien zuzenekoak, streaming bidez

Jazzaldiak, bestalde, hamazortzi zuzeneko emitituko ditu streaming bidez, nahi duen orok pantailaren bitartez jarrai ditzan.

“Kontzertuetara hurbildu ezin duten jazz-zale guztiei eskuragarritasuna eta gozamena errazteko” streaming bidez eskainiko diren kontzertuen artean Victoria Eugenia Antzokiak jasoko dituen guztiak daude; espainiar jazzaren erakusleiho izango den JazzEñe programako guztiak, eta asteazken eguerdian jo duen La Locomotora Negra kataluniar taldearena (hona hemen lagin bat).

Eta gainera, Jazzaldiak oholtza nagusia duen Trinitate Plazako guzti-guztiak, igandeko Brad Mehldau piano jolearena izan ezik.

Doaneko Jazzaldia, zuzenean edo streaming bidez

Goiko programan dituzuen kontzertuak streaming bidez ikusteko, jaialdiaren webgunera, App-ra edo Yotubeko kanalera jo beharra dago.

.

Azaleko argazkia: Lolo Vasco (Jazzaldia).

Doaneko Jazzaldia, zuzenean edo streaming bidez

Nola zaude?