Dibertimentua

Dibertimentua –

Asier Azpiroz, Bertsolari aldizkarian.


Pasa berri ditugu ihauteri festa gehienak eta kohesionatu dute komunitatea. Baserri giroko herri askotan egin dira puska biltzeak eta dantzatu dira tokiko dantzak, seguruenik gure herri honen luze zabalean gehien errepikatu izan den festa klasea.

Dibertimentua
Añorgako dibertimendua, 2022an. Arg: Xalba Ramirez, Irutxuloko Hitza

Herri urbanoagoetan festa modu desberdinak egin ohi dira. Tolosakoa jakina da oso, mozorro/karroza zirikatzaileak eta abesti herrikoi sorta ederra txarangaren alegrantziarekin. Beste zenbait herritan ere egin dira urardotutako desfile koloretsu eta zaratsuak, ur eta ardo zalea izanagatik, nahiko arrotzak eta errorik gabeak iruditzen zaizkidanak. Ihauteri festa berezirik egiten ez den lekuetan, bi aukera daudela uste dut: bata, todoazieneko mozorro estandarrak erosterena eta bigarrena, tradiziora jotzearena.

Añorgan martxoaren 22an laugarrenez egin zen Dibertimenduak bete-betean azaltzen digu nola sortu litekeen festa bat ezerezetik eta aldi berean nola errotu festa hori tradizioan.

Nafarroa Behereko Libertimendutik hartu dira joko-arauak eta Añorgako komunitatean lur bat eman zaie. Barrikadak egin dira herriko zenbait tokitan eta barrikada horietan dantzak, bertsoak eta zintzur bustitzeak. Herriko plazan egin da ekitaldi nagusia, antzerki kritiko eta zirikatzailearekin eta Giria erre da lepotik helduta kantari ari zirela.

Festa bat komunitatean txertatzeko modurik onena, komunitatea bera festan txertatzea da.

Herriko dantza taldeak inguruko ihauteri doinu herrikoiekin dantza berriak asmatu ditu, ederrak oso eta festaren bizkarrezurra direla esan liteke.

Antzerki taldeak urtean zehar pasa denaren entresaka egiten du eta txikiak handiari egiak zapla jaurtitzen dizkio. Erabateko justiziarik ez da egingo akaso baina bakarren batzuei belarriak gorrituarazten zaizkie.

Herriko bertsolariek saiotxo motzak egingo dituzte barrikadetan. Hauen lana izango da momentu hartan bertan pasatzen ari dena aletzea eta festari bat-batekotasun puntua ematea.

Musika nork jarriko du? Herriko bandatxoak. Ez da Vienako Filarmonika baina auzoko jubilatua txindata jotzen ikusteak asko balio du.

Festa borobiltzeko bazkari herrikoia eta sagardoa txotxetik. Horrek ere komunitatea asko trinkotu dezake.

Zorionak benetan antolatzaileei eta gainontzekoentzako hara hor festa berri bat sortzeko formula zahar-berri bat. Beste nonbait errotzekotan, lur eta komunitate hartaraxe egokitu beharko da baina utzi ditzagun, otoi, pinguino eta Superman jantziak.

Dibertimentua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude