Dena itzul daiteke euskarara?
Zein euskaldunek ez du ukan arazorik zerbait euskaratzerakoan. Batzuetan ez dugulako kontzeptua xuxen ulertzen, bestetan ez dakigulako euskarazko ordain egokia zein den… Beti bada zerbait bidean trabatzen zaiguna.
Lehengo batean, esaterako, lagun bat etorri zitzaidan gaztelaniaren “salir de rositas” esamoldeak euskaraz nola behar zuen galdezka. Jakina, nik ezin erantzun, ez dakit eta. Zenbat halako geure egunerokoan?
Gaur, ostera, Eduardo Gil Beraren blogean latinetik gaztelaniara eginiko itzulpen bat aurkitu dut, latinezkotik ezinezkoa da nik ezer argitzea, ez baitakit tutik, baina jarri naiz pentsatzen gai ote nintzatekeen gaztelaniaz ematen diren Pan jainkoaren 48 bokatibo horiek euskaratzeko. Eta erabaki dut ezetz, ez naizela gauza, ez eta hurrik eman ere.
Beste kontu bat ere etorri zait gogora galdera moduan: dena eta zernahi itzultzeko baliabideak ote ditu euskarak? Irainak ere bai?
Seguru asko bai, euskarak izango ditu trepetak behar den guztia itzuli ahal izateko, baina ni bederen ez naiz gauza izaten askotan, oraingoan bezalaxe: ezin dut hemen azpikoa inola ere itzuli.
Agian zuk bai, ordea. Nola egingo zenuke zeuk Ovidiori egozten zaion testuaren itzulpena?
¡Rústico, rondamalezas, patacabra, cornudo, bimembre,
del río Cinifio, engendro lobuno, veloz, tarugo, insolente,
cerdoso, indócil, inculto, bárbaro, rudo,
semicaprino, velludo, huidizo, mentiroso, biforme,
atrevido, irracional, impetuoso, empellejado, tosco, mudo,
silvícola, tornadizo, bailón, depravado, falso,
escurridizo, ventritonante, hinchante, rechinante, jadeante,
erizado, hirsuto, bicéfalo, impostor, negro, híspido, chato,
sarnoso, adivino, sucio, brutico, faunejo!
(Ez eman beste munduko garrantzirik proposamen honi, har ezazu astebururako gurutzegaramaren ordezko jolas moduan. Hala ere, ederra litzateke denon artean egindako iruzkinen bidez lortuko bagenu osorik itzultzea. Ez?)
Ez diot inolako arazorik ikusten testu horren itzulpenari: hizkuntza-gaitasun minimo bat eta lan handia, besterik ez da behar (nik ez dut inolako asmorik, argi gera dadila).
Peru, azkenean “larrosatxotara irten zara”
Horietako batzuk errazak dira, baina beste batzuk ez dakit zer esanahi daukaten ere. jakin nahiko nuke nola esango lirateken rondamalezas edo patacabra euskaraz, jaja!
rondamalezas -> sasi-ibiltaria
patacabra -> ahuntz hankaduna
Ez dugu ahaztu behar fauno itxurako jainko honen deskribapena egiten ari dela.
http://sobreleyendas.com/wp-content/uploads/2008/09/pan1.jpg
“Rondamalezas” ez dago RAEren hiztegian, eta google-n bilaketa bat eginez 4 emaitza agertzen zaizkit, horietako bat Zuzeu-ren hari honetara dator, eta beste 2 hemendik lotutako blogera doaz. Beraz, esan daiteke hitz hori berariaz jatorrizkoaren “lustrivage” esateko asmatu duela Gil Berak.
Galdera: gaztelaniaz asmatu badute, arazorik egongo litzateke euskaraz ere ordain bat asmatuko balitz?
Ba ez dakit dena itzul daitekenik baina askotan euskararen ordez euskañola erabiltzen dugu.
http://farm5.staticflickr.com/4002/4505146423_d6dc0c1873_z.jpg
http://www.argia.com/argia-multimedia/docs/bideoak/Egunero.jpg
Guk pentsatzen dugun baino hizkuntza aberatsagoa da euskara, zaindu dezagun.
trauskil, gizagaldu (Ovidio mutila zen, ala?), ahuntzule, adardun, atalbiko
Cinifio ibaiko, … 😉
Nire latina ere ez da batere ona, baina aspaldi banintzen gauza hiztegia eta deklinazioen txuletarekin itzulpen erraz batzuk egiteko. Gauza batez konturatu nintzen: gauza askotan, latinaren baliabide askok ez dute baliokiderik, ez euskaraz, ez gaztelaniaz ere.
Bestalde: hizkuntza moderno jakin batean, euskaraz adibidez, latin klasikoan idatzitako guztia “itzul daitekeen”… Nahiko gauza lausoa da, nire ustez. Behin esan zigun literatura irakasle batek, seguruenik egungo hizkuntza moderno bakar batean ere ez dela iritsi Virgilioren eta Homeroren poesian dagoen artifizio-mailara. Eta euskaran, are gutxiago: gure larreko hizkuntzan, ez gaude ohituak hizkuntza azken azkeneraino bortxatzera eta korapilatzera, ez bederen gure auzokoak bezala…
Alegia: egin, egin daiteke, baina ez luke INORK ulertuko, aski ohituak baikaude horrelako gauza konplikatuak beste hizkuntza “garatuagoetan” irakurtzera….
Nola itzul daiteke gaztelaniazko “Ojalá” euskarara? Erantzuna: nik dakidanez ez dago ordain zuzenik hori esateko. “Oxala” eta horrelakoak asmatu dituzte batzuek, euskarak gaztelaniaren aurrean gu gehienon buruan erakusten duen mendekotasunaren erakusgarri. Artikulu hau ere, bide batez, zidor horretatik doa.
Baina nola itzul daiteke “Ojalá” ingelesera? Erantzuna: ez dago itzulpen zuzenik. Itzulinguruak erabiltzen dira horretarako. “I wish…”, alegia, “Nahi nuke…”
Baina ez, ez da itzulinguru bat, ingelesea ez baitago gaztelaniaren menpe. Ingelesez horrela esaten da eta kitto. Ingelesak ez dauka “Ojalá” hitzaren ordain zuzenik eta BIrminghamen ez dira horregatik kezkatuta bizi.
Badakit zaila dela, baina gaztelaniaren mendekotasunetik apur bat askatzen ikasi beharko genuke.
Pink Floyd, “Wish you were here”:
http://www.youtube.com/watch?v=QCQTr8ZYdhg
Barkatu, assar, baina Bizkai aldean “ojalá” esateko “hoba!” (hobe!) esaten da; beraz, badago ideia bera adierazteko forma jatorrik. kontuz baieztapen kategorikoekin
Ezagutzen dut Bizkaiko hitz hori, jatorriz bizkaitarra naiz eta. Edo “Hoba ez!” (“¡Cómo no!”) bezalakoak, erruz erabiltzen ditugu familian.
Hala ere, horrek ez du inolako eraginik nire argudioan.
Pink Floyd, “Wish you were here” (orain bai):
http://grooveshark.com/#!/s/Wish+You+Were+Here/4Zl0G3?src=5
Gaztelaniazko “ojalá” hori adibide bat besterik ez da izango, baina hartu kontuan gaztelaniak ere arabieratik hartu zuela.
Gaitasunari dagokionez, normalean arazoa ez da hizkuntzaren gaitasuna erabiltzaileona baino.
Ojalá gure herrian behintzat “baldinbatte” esaten da, baldinbaitaere pentsatzen dut izango litzatekeela batuan… Beraz, assar ez du iñolako ordainik behar euskarak hori itzultzeko.
Ni behintzat belatzek ekarri digun Axularren esaldiarekin geratzen naiz.
Uste dut ez duzula ulertu nire argudioa.
“Oxala”-k uste baino tradizio zaharragoa dauka euskaraz, baina tira, ez naiz ni haren alde atera beharko duena. Ados nago gaztelaniarekiko (edo frantsesarekiko) gehiegizko menpekotasuna txarra dela, edo hobeto esan, gaixotasun txar baten sintoma dela. Hala ere, zeinbait ohar egingo nituzke. Villasante-k nonbait idatzi zuenez, “mordoiloa” bezain gaiztoa izan daiteke erdararekiko obsesioa, azken batean hura ere beste morrontza mota bat delako. “Oxala” jasanezina egiten zaio askotxori, baina ez mailegua delako, gaztelaniazko “ojalá” burura dakarkigulako Gauza bera gertatu zitzaion “plaza” koitaduari, eta horregatik “enparantza” hobetsi zen… hura ere gaztelaniatiko mailegu bat, hain zuzen. “Amatatu”, “gisa”, “gaztigatu” (= ohartarazi), “mesede”, “asmatu”, “koitadu” bera eta beste horrenteste eta gehiago ere. Horiek, ordea, ez dira apenas erabiltzen gaurko gaztelaniaz (“amatar la luz” zeharo arrunta da Ameriketan, ordea), eta ez dugu hain aisa lotzen erdararekin. Nork eta Sarrionandiak idatzi zuen maite-edo zituela gaztelania zaharren hitz horiek, euskarengan txertaturik… Izan ere, garbizalekeria sabindarrari egin zaion kritika funtsezkoenetako bat haren inkongruentzia izan da: hitz batzuk “debekatu” egiten ziren erdarari hartuak zirelako, nahiz eta latinetikoak izan, beraz oso aspaldikoak (“eliza” edo “bakea”, “txadona” eta “gentza”, hurrenez hurren), baina beste asko ez (“mutil” edo “mertxika”, adibidez). Irizpide bakarra jatorrizkoarekiko hurbiltasuna zen: edozeinek uztartuko ditu “eliza” eta “bakea” batetik eta “ecclesia” eta “pacem” bestetik, baina hizkuntzalari batek soilik dakus “mutil” eta “mertxika”ren atzean “putillum” eta “(mala) persica” daudela.
Bestalde, euskara zaharrean bazegoen desioa edo nahia adierazteko modu bat, “botibo” zaharra (“Ailedi etor” edo gisa horretakoak), baina gaur literaturan noiz edo noiz erabiltzen bada ere, ahozko hizuntzan hilik dagoela esango nuke.
Bitan pentsatuta, kontua da euskaraz, hizkuntzaren egitura atzizkizalea dela-eta, ez dagoela apenas funtzio sintaktikorik bete dezakeen kojuntzio, preposizio edo interkeziorik, baina aldi berean modu autonomoan erabil daitekeenik, hau da, esaldiaren gainontzekoa isilarazita. Bi adibide:
“Según / Depende del tiempo que haga mañana, decidiremos si vamos o no al monte”
“¡Ojalá se muriese!”
Ba euskara “jatorrean” esaldiok ez daukate inongo zailtasunik:
-Bihar nolako eguraldia egingo duen, mendira joan ala ez erabakiko dugu.
-Hilko balitz! / Hilko ahal da! / Ailedi hil! (zaharkitua)
Hau da, “Hilko ahal da” kenduta, besteetan aditzari eransten zaion elementuren bat daukagu, baina “berezko bizitza”rik ez daukana: -N, BA-, AI(T)-… Gaztelaniaz, ordea, haiek maiz erabiltzen dira “solte”:
“¿Vais mañana al monte? .- Pues depende / Según”
“A ver si te dan el trabajo .- ¡Ojalá!”
Beraz, “baldinbaitere” horrekin batera, ez da hain harritzekoa euskaldunek “oxala”, “segun-eta” edo “depende” hartu izana. Azkeneko hura nik Alduden entzun nuen erantzun gisa, gaztelaniaz ez zekien euskaldun baten ahoan.
Eskerrik asko. Horixe esan nahi nuen aurrekoetan.
Baina “segun”, “depende” eta antzekoak erabiltzen direnean, gaztelaniazko egitura bat literalki eta zuzenean euskaraz ematearen ondorio izaten da gehien-gehienetan.
“A ver si te dan el trabajo .- ¡Ojalá!” Hori esateko adibidez “Hala bedi!” erabil daiteke. Kontua da askok euskaraz dauzkagun baliabideak ez direla beste hizkuntzaren batean ditugunen mailara iristen.
Baina esan den bezala, badago ere mendekoa den hizkuntzaren balizko ezintasun bati errua botatzearena, ez gure ezintasunari.
Oso lurralde labainkorra iruditzen zait zer den jatorra erabakitzea. “depende”, “igualmente”, “mesanotxea”, “kanpusantu” eta abarrak erdarakadak izan litezke, baina agian erdarakada “jatorrak”? Erdaraz jakin gabe ere euskaldun natural batek lasai asko esango lituzke, areago, aitonari eta amonari entzun bazizkien. Horrela sortu omen ziren gaur normaltzat hartzen ditugun “auskalo” edo “kaixo” (“a buscarlo” eta “que hay, txo?”, hurrenez hurren), eta beste asko eta asko. “Faborez” erdarakada da, baina “mesedez” ez? “Portua” ala “kaia”, zein da jatorrena?
Erdarek euskararen morfologiari eta sintaxiari aztarna baino askoz ere gehiago utzi diotela ezin da ukatu, eta “depende” erdarakada bada, “gustatzen zait” ere bada, eta izatez askoz ere larriagoa, ez “gustatu” erdal aditzagatik, “zait” euskal aditz jatorra gaizki erabiltzeagatik baizik. Eta erdarakada kaltegabetzat har liteke, norbaiti “gustatzen zatzaizkit” esaten entzun arte, noski. Eta “noski baietz” ere erdakada kaltegabetzat har liteke, “noski joango naizela” entzun arte.
Baina orain dela berrehun urteko erdarakadari jatorra deritzogu gaur, batez ere, erdakada dela ez jakitegatik. Aitonaren aizkoraz esaten dena euskaraz ere esan liteke: semeak kirtena eta bilobak burua aldatu zuten. Zer da orduan euskara? Bada, agian aizkoraren diseinua baino askoz gehiago ez. Hau normala da eta bizirik dauden hizkuntza guztiei gertatzen zaie: inguruko iturrietatik edaten dute eta horrela hizkuntzak aberastu egiten dira.
Arazoa, noski, iturri horietatik uholdea etortzea da, eta gaur egun euskarari uholdea datorkio, asimilatzeko eta berriari euskal nortasuna emateko astirik gabe. Aurre egiteko, zorroztasuna ez zait biderik eraginkorrena iruditzen. Marrazki bizidunetan entzuna: “Kontuz, Ghoku, etorri dator!”. Gero kalean ume batek “kontuz, ke dator” esan beharrean ·kontuz, etorri dator” esanez gero, bada, niretzat astoa joan eta mandoa etorri, “etorri dator” super jatorra izan arren. DBHko euskara nahiago dut, noski.
Euskaldunari tresna errazak eman behar zaizkio euskaraz eroso ibil dadin. “baldinbaitere”, “hala bedi” eta horrelako forma zaharrak baliagarriak izan litezke, baina ez dugu esamolde berriak sortzeko beldurrik izan behar. Nik, adibidez, erdarazko “ojala” hori esateko, “ahalko!” esango nuke; “segun” esateko, “baldin eta”… Forma errazak eta, nire ustez, jatorrak eta egokiak. Baina, bien bitartean, ez nioke inori kargurik hartuko “depende” esateagatik.
“… gaur egun euskarari uholdea datorkio, asimilatzeko eta berriari euskal nortasuna emateko astirik gabe”, uste dut horixe dela arazoaren gakoa. Badago hitz bat aizkoraren metaforaren harira oso ondo datorrena. Nonbait irakurri nuen “bertsolari” euskal hitz petoa dela, beste ezein hizkuntzatan aurkitzen ez dena, baina hala ere bi elementu mailegatuk osatua: erromantzeari hartutako “bertso” eta latinetiko -(l)ari. Nolabait esateko, badauka halako estetika bat.
Etxague, Menditarra, biek ere aizkora hizpidera ekarri duzuela-eta, profitatuko dut aukera, esateko ustez hiperjatorra dirudien hitz hori, aizkora, latinezko “asciola”-tik datorrela.
uuummm… ez nekien, “haitz+gora”-tik zetorrela uste nuen. Kointzidentzia harrigarria litzateke, eta oso polita, bide batetik zein bestetik etorrita ere. Nolanahi, politena garaiko euskaldunek nire ustezko oker berberagatik beretzat hartu izana litzateke. Oraindik jende asko harritzen da “porlana” ez dela euskal jatorriko hitza entzutean.
“depende”, “igualmente”, “mesanotxea”, “kanpusantu” eta abarrak, erdaraz jakin gabe ere… gaztelaniaren mende dagoen eskualde batean bizi den… euskaldun natural batek lasai asko esango lituzke.
Iparraldean agian ez lituzkete esango.
Norbaitek esan zuen gaur egun euskarak bi euskalki nagusi dituela, hegoaldekook gaztelaniazko hitz eta esamoldeekin jositako euskara, eta iparraldekoa, frantsesezkoekin jositakoa. Maileguak etengabe hartzeak sortzen duen errealitate berri hori onartzen bada, orduan ez dago arazorik noski…
Ni ez nago “software” euskara dela esatearen kontra. Niretzat “softwarea” hitza euskara da. Baina euskarazko egungo baliabideekin (berdin zait duela 2.000 urte jadanik euskara ziren edo duela 200 urte gaztelaniatik hartu ziren) ongi esan daitezkeen gauzak adierazteko, beste hizkuntza batzuetatik maileguak barra-barra hartzea ez dut begi onez ikusten.
Eta berriro artikulu hau sortu duen “salir de rositas” horretara itzulita, eta goian ere esaten saiatu naizen bezala, gaztelaniazko esamolde hori euskaraz nola edo hala esateko “beharra” sortu izanak gaztelaniarekiko mendekotasunaren seinale besterik ez da. Bide batez, niri ere askotan gertatzen zaidana: oraintxe bertan alaba dutxatik irten eta galdetu dit “chorrear” nola esaten den euskaraz. Baina horrek ez du esan nahi alderantziz ere ezin denik gertatu (emaztea euskaltegira hasi zenean ez zuen ulertzen “jatorra” zer zen).
Ulertu behar duguna da hizkuntza bakoitzak bere hitz egiteko moduak, esamoldeak eta egiturak dituela, eta beti ez direla baliokide perfektuak aurkitzen; baina horrek ez duela esan nahi hizkuntza bat besteak baino aberatsagoa edo baliabide gehiagokoa dela.
“Salir de rositas” wordreference webgunean ingeleserako ematen dizkioten ordainetako bat: “to get away”
http://forum.wordreference.com/showthread.php?t=1087830
Euskaraz: “ihes egin”.
Nehork ere ez du aipatu behar ‘agian’ hitza ‘Ojalá’-ren euskal ordain legez? Hiztegietan hala ageri da bederen.
Ez dakit zehazki ‘Ojalá’-ren adiera eman ote nahi izan zion baina> Agian, agian, egün batez
jeikiko dira egiazko xiberutarrak,
egiazko eskualdünak, tirano arrotzen ohiltzeko!
Axular: »Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latiñez, franzesez, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak»
Itzulpena egokiro taxutzeko, itzulpen perfekturik ez dagoela ontzat emanda ere, bi baldintza derrigorrezko dira: jatorrizko testua ulertzea (eta jatorrizko testua latinezkoa da, eta ez Gil Beraren itzulpen arras librea) eta euskaraz jakitea. Bestalde, euskarak abantaila dauka hor gaztelaniaren aurrean: hitz konposatuetarako erraztasuna, eta gainera txikigarriak ez dira erdaraz bezain “kurtsi” egiten… Porzierto, ez dakit Gil Berak zergatik itzuli duen “hirpigena” “engendro de lobo”, hitza konposatu argia izanik: batetik latinezko “hircus” (edo hobeto esan, baserritar kutsuko haren aldera: hirpus), eta bestetik “gena” (nonbaitetik edo norbaitengandik jaioa).
Neuri behintzat zaluago egiten zait “akerkume” (edo “otsokume”, Gil Berari jarraiki) “engendro de lobo” baino. Era berean, inoiz norbaitek Iliada ondo itzultzeari ekingo balio, “Akhilleus okypous” euskaraz gaztelaniaz baino aiseago emango du: “Akiles oin-arina”, zeina mila aldiz dotoreagoa den gaztelaniazko “Aquiles-el-de-los-pies-rápidos” hura baino. Bertan, ingelesak eta alemanak bezala, euskarak hizkuntza erromanikoek ez daukaten abantaila garbi bat badauka.
Ez egotzi kulparik euskarari. Axular jakintsuak esan zuen: euskara motz geratzen baldin bada, euskaldunek berek dute falta, eta ez euskarak.
Bai, bai, bai. Hemen jakintsu asko baina itzultzaile gutxi dabil. Inork ez du zentzuzko itzulpenik proposatzen. Ea, eginen dugu lerroz lerro? Neu hasiko naiz: “¡Rústico, rondamalezas, patacabra, cornudo, bimembre,”
ZARPAIL, SASI-IBILTARI, AHUNTZ-HANKADUN, ADARDUN, BI ZAKILDUNA…
Segi zeuk: “del río Cinifio, engendro lobuno, veloz, tarugo, insolente,”
Nik askotan entzun eta erabiltzen dut “hoba!” bakarrik baino “bai hoba!”; esamolde hori gaztelaniako “¡sí hombre! ¿y qué más?” bezalakoa izango zatekeen.
Lehendabizi, nire harrokeriagatik barkamena eskatu beharrean nago: hirpus famatuak “otso” esan nahi du, sabindarren latin dialektalaz (ez haiz inoiz ohera joango ezer ikasi gabe).
Barkamena eskaturik, hona hemen nire proposamena, latinetik euskarara:
Trauskil, larre-ibiltari, ahuntz-hanka, adardun, bi-soineko,
Zinifitar, otsoko, zalu, buztandun, harroxko,
Ilelatz, menderakaitz, basati, basazale, garratz,
Ahuntz-erdi, iletsu, izuti, txuri, bi-itxurako,
Ausart, itsusko, bortitz, sapatsu, kukutu, mutu,
Oihanzale, gogo-bihurri, dantzari, lizun, gezurti,
Tronpati, sabel-putz, haizeputz, karraskari, zotintsu,
Arantzatsu, zakartsu, buru-biko, nahasle, beltzaran, zarpail, motz,
Ezkabiatsu, azti, zital, ugerdo eta zantarra haiz, Faunotxo hori!
Eta orain ariketa bat, laburragoa bada ere. Itzuli euskara Adriano enperadoreak hil-hurrean zegoela atondu omen zuen bertsoa:
Animula, vagula, blandula,
hospes comesque corporis,
quae nunc abibis in loca,
pallidula, rogida, nudulla?
Nec ut soles dabis iocos?
“pallidula, rigida, nudulla”, barkatu “lapsus teclati” hori.
Menditarra, ole!
toma moreno, ikaragarrille
Hara, Iñakito, gaztelaniatik eskatu zenuen eta latinetik bertatik egin dizute itzulpena. Hauxe maila daukaguna¡
Egia aitortzekotan, itzulpen honek ez dit axola handirik, eta inoiz egin dudan itzulpenik errazena izan da: hogei bat minutu behar izan dut taxutzeko. Hitz zerrenda soila da, inolako sintaxiarik gabe, eta aski izan dut Oxfordeko latin hiztegian hainbat hitz arraro bilatzea. Zailtasuna, nonbait egotekotan, latin > ingelesa > euskara transferentzia egitean datza, ez baitago latin-euskara hiztegirik.
Egia esan, ez nago guztiz ados Amonamantagorriren irakaslearekin. Homero berez ez da oso zaila, estiliskoki behintzat; Virgilio beste kontu bat da, noski (gutxi gorabehera, “Poema de Mio Cid” eta García Lorcaren arteko alde bera legoke bien artean). Baina tira, kontua da hizkuntza nagusien hiztunak ohituta daudela batere ulertzen ez diren gauzak etengabe irenstera, edo erdizka baino ulertzen ez direnak, behintzat. Gil Berak berak -barkatu erredundantzia- egindako itzulpenean, adibidez, ba ez dut uste “rondamalezas”, “cerdoso”, “empellejado”, “ventritonante” edo “hinchante” egunero erabiltzen diren hitzak direnik. “Bimembre”, “silvícola” edo “bicéfalo” latinismo kultuei dagokienez, aldiz, on legoke kalean inkesta egin eta jendeari galdetzea zer esan nahi duten; “águila bicéfala” da adibidez okurritzen zaidan hitz horren erabilera “normal” bakarra, eta hala ere ez dut uste jende gehiegik ezagutzen duenik. Bestalde, Gil Berak horietara jo izanak gaztelaniaren zenbait muga eraskusten digu argiro: “silvicola”ren itzulpen zuzenena “morador de los bosques” edo genuke; zehatza, baina ez oso poetikoa. Eta hala ere, “normala” iruditzen zaigu idazle batek tankera horretako “terminatxoak” erabiltzea IX. mendearen poema (?) bat itzultzeko.
Mendebaldeko hizkuntza guztietan bezala, euskaraz ere egon dira “eguneroko hizkuntza”tik ahalik eta gehien urruntzen saiatu diren saioak, agramatikalismoan erori gabe hizkuntzak ematen dituen aukerez muturreraino baliatzen saiatu direnak (Virgilio bezala): Oihenart zuberotarra XVII. mendean aitzindaria izan zen, gero Lizardi bat, edo Joxean Artze. Adibidez, saia zaitezte hau erdaraz ematen:
Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak.
(…)
Zure bazter
gurazko aberria,
doa zoro
(ta bertan ni) bultzia…
Oi, ene lur,
baninduzu zerea,
zu landu, ta
zure sariz asea…
Tira, Lizardik berak lana eginda utzi zigun: “Verdes maizales, montes, viejos caseríos; manzanos que el fruto rojo abruma (…). ¡Oh, tierra mía, ojalá fuese tuyo, y, cultivándote, me saciaras de tu premio”. Uuuuufffffffffff!!!!
Edota Artzeren beste hau:
Inork ez hil nahi,
denek nahi zahartu,
zenbatek, zuhurtu?
eta asko dira zahartzen,
baina oso guti zuhurtzen.
Asko dira zahartzean
zahartzen eta txartzen,
txartzen eta txoratzen,
ez badira zuhurtzen.
Ez direlako zuhurtzen
bait dirade zahartzen,
eta zahartuz, noski, hiltzen.
“Gernikan zuten bizkaitarrek haritza, / Uztaritzen zuten lapurtarrek lizarra” izenekoa ere ez da makala (kontu jakina da Uztaritzeko Biltzarra lizar baten itzalpean bildu ohi zela behiala):
Bai, neba-arrebok,
zeurontzat,
bai, haurrideok, euskaldunontzat,
eta euskaldunontzat bakarrik,
dauzka hor gorderik
haritzak hitzak,
lizarrak izarrak
-izar zilarrak!-
euskaldunok izan ezik
-nork bestek adi? nork ikus?-
inork bildu ezinezkoak, fruituok:
izar biziak, begiaren biztgarri,
hitz argiak, bihotzen bizigarri.
Horrelako hitzak, haritzak,
horrelako izarrak, lizarrak
-izar zilarrak!-
euskaldunari eskaintzen,
eta hainbat euskaldunek,
erdaldun bait liren,
ez ulertzen, ez ikusten…
ai, besteren bila ibilki!
Ezin haritz-hitzok ulertu,
ezin lizar-izarrok ikusi,
“roble” edo “chêne”,
“frêne” edo “fresno”aren azpian
bait dituzte begiak josita;
ez dabiltza besteren atzetik,
ez dabil ezkur gehiagoren bila baizik!
Menditarra, asko gustatu zait atera zaizun itzulpena eta eskertzekoa da horrelako lana hartu izana. Gauzatxo bat: hinchante oso hitz arrunta dugu Nafarroa osoan (oroit Gil Bera nafarra dela). Pertsona graziadun-barregarriari esaten zaio hinchante. Malerrekako txokorik bazterrekoenean ere, euskaraz mintzo delarik, hintxante hitza lasai-lasai sartuko dizu euskaldun peto-petoak euskarazko jardunean: “Harako hura hintxantea da”. Hala ere, ez dakit kasu honetan inflator-en baliokidetzat jo daitekeen, zerrenda irainez josirik baitago. Dena den, ingeleseko hiztegi batean bi ordain topatu ditut hinchante hitzarentzat: bata da funny (barregarria) eta bertzea annoying (gogaikarria). Bada latinez ideiarik ez dudala aitortuta eta zerrenda irainez osaturik dagoela kontuan hartuta, ez ote da izango “gogaikarri” ordain egokiena?
Bide batez, nondik atera duzu haizeputz?
Belatz, mila esker oharpenagatik, ez nuen “hinchante” hori ezagutzen… “Haizeputz” horri dagokionez, egia esan ez dakit non ikusi/entzun nuen, oroimenaren txoko batean gordeta neukan, baina grazia handikoa iruditu zait beti, oso grafikoa. Ditxosozko Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, “haize-bolada” da lehen adiera, eta “harroa, harroputza” bigarrena. “Inflator”, aldiz, Oxfordekoak gezurrik ez badio, oso erabilera urriko hitza da latinez, eta berantiarra; lehen adiera “puzten dena” da, eta heduraz “banitateak puztutakoa” (=euskarazko “harroputz”, “haizeputz”, hain zuzen). Dena dela, niri ez zait txarra iruditzen Gil Beraren itzulpena. Paul Veynek filologo frantziarrak behin eta berriro errepikatzen zuenez, latina oso gaizki ezagutzen dugun hizkuntza da: lexiko intelektual eta abstraktuarekin arazorik ez, baina hizkera kolokialaren aurrean galduta gaude. Nolabait esateko, hitzen esanahia ezagutzen dugu, baina ez haien konnotazioa. Gauzak gehiago korapilatzeko, delako testu hori latinez dago, bai, baina ez zuen erromatar batek idatzi, oso aspertuta bide zegoen monje batek baizik, seguru asko Alemania aldeko monasterio batean, hau da, latina liburuetan ikasi zuen norbaitek. Auskalo nola ulertzen zuen berak “inflator” hori…
Txapelik banerabil, Menditarraren aitzinean nerantzike!
Menditarra, ikaragarri xarmangarria iruditu zait haizeputz hori, gogoan ongi gordetzekoa. Esker mila azalpen guztiengatik, gustua ematen du zurekin iruzkinak trukatzea.
Ezetz “sator karratua” [1] literalki euskarara itzuli esanahia aldatu gabe eta palindromoa matenduta, hor doa:
“SATOR AREPO TENET OPERA ROTAS”
edo ezker-eskuin, eskuin-ezker eta goitik-behera, behetik gora:
SATOR
AREPO
TENET
OPERA
ROTAS
Eta gainera “PATER NOSTER”-eko hitzak erabilta, aita gurea!
Etxaok obarixo edo potroik! 😉
[1] http://en.wikipedia.org/wiki/Sator_Square
Euskaraz “irse de rositas” esateko moduari dagokionez, hona neure uztako bi proposamen xume:
– Sententziari iskintxo egin.
– Ipurdia garbi atera.
Edozein hizkuntzan dakazu gauz askotxo literalki ezin diala beste hizkuntz batera itzuli, beste hizkuntz hori gauz hori errateko beste moduak dituelako. Gainera “Irse de Rositas” esaera bat da eta bere esanahia ” Irse sin que le salpique algo o recibir un castigo” (Gutxi-gora-behera), eta horrek badu itzulera ez? Akaso Euskaraz ez daue esaerarik? Eta esaera hoiek beste edozein hizkuntzara pasatzerakoan berdin geatuko al zian? Ba askotan ez. Beste gauza da gazteleraren indarragatik gaztelerako esaerak erabiltzea edo jakiteak. Eta irainekin berdin. Zer da irain bat? Definizio bat besterik ez. Tonto ez da irain bat, adimen urrikoa zarela erran nahi du, gilipollas beste horren beste, beste gauza da hitz hoiek jendea iraintzeko erabiltzeak,eta azkenean esanahia ahaztu eta iraina gelditzea, gainera Euskarak ere baditu irainak, definizioak direlako.
.
Esaera guzti hauek itzuli al daitezke Gaztelaniara eta zentzu berbera izan?Edo zentzua izan?
inorentzat) asteak bi ostiral ukan— pobrea izan
-Gehiago edukiago eta nahiago—Gehiago eduki eta gehiago nahi
-Dirua, mutilik hoberena eta nagusirik txarrena—Dirua eukitzea hona da zure jainkoan bihurtzen ez den bitartean
-Gutxiegia eta larregia, beti kaltegarria—Gehiegi edo gutxiegi, biak dira kaltegarriak
-Urri, baina ongi—Ez da beharrezkoa asko eukitzea, duzuna ona bada
-Beharrak aharra—Beharra alboroto sortzen du
-Ez buru eta ez buztan gelditu// Ez zeru ez lur gelditu—Ezer gabe gelditu
-Negarrez bildu eta farrez jan—Nekez lortukoa erraz galdu
Azikora latinetik badator, nundik datozte Aiztoa, aitzurra eta eta aitz edo atx duten ehunka toponimio? Denak erromatarrak emandakoak? Nere Euskara maila ez da oso altua baina ez dut hori inundik ikusten. Aizto =culter, azkon=Sagitta eta horrela askotxo erlaziorik gabe (latinen hitzen artean), baina aizkora Asciolatik datoz? Eta Aitx edo atx duten mendien edo leku guztien izenak ere latinetik datoz? Ez ginen gai lekuei Euskaraz diren izenak jartzeko? Eta orduan Erromatarrak ailegatu baino lehen leku hoiek ez zuten izenik? Ezta kontzidentzia bat izango? Ezjakintasunetik galdetzen det, baina Aitzkora Ascciolatik ez datorren argudioak irakurrita ez dakit ba Aitzkora ascciolatik etorriko denik.
Sugar, bi gauza ezberdin dituzu hor. Batetik, euskarazko (h)aitz- erroa, Euskal Herriko toponimian hain ugaria berau, baita “Euskal Herri galdua”n ere (Anso eta Echo ibarretan hain erabilia den “achar” hitza, adibidez, esanahi berekoa). Eta bestetik, zenbait tresnaren izenak, zerorrek aipatzen dituzunak. Kontu jakina da izenok “(h)aitz” erroarekin lotuak izan zirela; halatan, oso izen zaharrak izango genituzke, Neolitikokoak-edo. Oker ez banago, ideia hori On Joxemiel Barandariani egotzi izan zaio maiz, nahiz eta berak asmatu ez. XX. mendearen hasiera nahiko ideia zabaldua zen; 1905ean argitaratutako Valle Inclán-en “Sonata de Invierno” eleberritxoan ageri da, adibidez. Istorioa Bigarren Karlistadan girotua dago eta protagonista, Bradomingo markesa, Lizarrako eliza batean sartu da: “Terminada la misa, un fraile subió al púlpito, y predicó la guerra santa en su lengua vascongada, ante los tercios vizcaínos que acabados de llegar, daban por primera vez escolta al Rey. Yo sentíame conmovido: aquellas palabras ásperas, firmes, llenas de aristas como las armas de la edad de piedra pruducíannme impresión indefinible: tenían una sonoridad antigua (…). Sin comprenderlas, yo las sentía leales, veraces, adustas, severas”. Pasarte bitxia, inondik inora: topikoz josita, baina gaztelaniazko literaturan batere ohikoa ez den halako begirune batez euskararenganako. Tira, Valle Inclán galiziarra zen.
Hala eta guztiz ere, ideiari zenbait kritika egin zaizkio, bere “Etymolological Dictionary of Basque” R.L. Trask-ek hala laburbilduak: “This is possible, but far from certain. First, why should a tool-name be based on the name of material it is made from? Second, are stone shears an stone pincers really plausible?”. Hau da, posible da, hala liteke, baina segurua izatetik urrun dago. Aizkorari dagokionez, egia da posible dela oso latinezko “asciola”tik etorri izana: fonetikoki latinetik euskararako pasea akasgabea da, eta bi hitzak esanahi berekoak dira. Trask eta beste hizkuntzalari askoren ondorioa: “Contrary to popular belief, this word does not appear to be connected to the other Basque tool-names in *(h)ai(t)z”. Hala ere, seguru aski hiztunek aisa lotu zuten “aitz-” erroa daukaten beste tresna-izenekin: horrek hitzari lagundu bide zion sustraiak botatzen, nolabait esateko. Dena dela, kritikak kritika, hizkuntzalaritza historikoan gauza asko hala dira: “possible, but far from certain”.
Azkenik, egia da kasualidadeak daudela, egon. Norbaiti behin entzun nion gaztelaniazko “hacha” ez ote zetorren euskaratik. Eta itxura batean hala liteke, baina haren benetako etimologia latinezko “fascis” da, beraz, “hacha” eta “facha” hitz beretik datoz…