Dantzari gor mutuak eta txistulari itsuak
Dantzari gor mutuak eta txistulari itsuak
Ezohiko dantzari taldea, Kuarrentak Dantzan.eus atarian ezagutzera eman diguna.
Ez-ohiko irudia dantzaren munduan: musikariak itsu eta dantzan ari direnak gor. Gaur egun, bizimodu eta jarduera arruntetan integratzeko ahalegina egiten da, baina ez dira kontu berriak horiek, XX. mendearen erdi aldera Deustun gor-mutuz osatutako dantza taldea izan baitzen.
Hektor Ortegak uriola.eus-en idatzitako sarrera bati esker eta txistulari aldizkariaren 86. zenbakian Migel Angel Astizek argitaratutako artikuluren bidez izan dugu Dantzari gor-mutuen eta txistulari itsuen berri. 1891an Deustun gor-mutuentzako eta itsuentzako eskola ireki zen. Ikastetxea burges aberatsen eta herrialdeko erakundeen, bereziki, Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesarekin eraiki zen. Ikastetxearen helburua ikasleak bizimodua aurrera atera ahal izateko prestatzea zen.
.
Dantzari gor-mutuak
Juan Calvo zen Deustuko eskola berezi horretako zuzendaria, eta bere zuzendaritzapean antolatu zen eskolan bertan neska eta mutilez osatutako euskal dantzari taldea. Taldea ikastetxeko ikasleek osatzen zuten, Euskal Herrikoak zein beste leku batzuetakoak ziren dantzariak. Harridura sortu zuen gor-mutuak dantzan ikusteak, baina baita, dantzen leialtasunak eta doitasunak ere. Beste zenbait taldek baino zehaztasun handiagoarekin dantzatzen omen zuten dantzari gor-mutuek.
Dantzari horiek musika beharrik ez bazuten ere, txistulariekin aritzen ziren. Taldearen txistularia Sor Maria de los Angeles moja zen. Burgostarra zen jaiotzez, ikastetxean zerbitzatzen zuen eta txistulari baten beharra ikusi zutenean eskolan, txistua ikasi zuen. Boni Fernandezek, Bilboko txistulari bandako zuzendari izan zenak, erakutsi zion eta elkarrekin jo ohi zuten Deustuko ikastetxeko gor-mutuen dantzaldietan.
Txistulari itsuak
Itsuen kasuan, bi jakintza esparru lantzen zituzten gehienbat: irakaskuntza profesionala eta literatura-irakaskuntza. Profesionalean, abarkagintza (abarketak konpontzeko edo egiteko lantegia zegoen) eta musika lantzen zituzten. Musikari izateko piano, organo, gregoriar kantu, solfeo, armonia, konposizio, txistu eta atabal eskolak hartzeko aukera zeukaten. Hainbat musikari irten ziren eskolatik, besteak beste, Gordexolako eta Areetako txistulariak, Victorio Luzarraga Leioako organo-jolea eta txistularia, Pedro Abaitua Berrizko txistularia eta organo-jolea eta Anastasio Gondra Foruko txistularia eta organo-jolea.