Culinary Zinema 71. Zinemaldian
Culinary Zinema 71. Zinemaldian –
Mariano Cohn eta Gaston Dupraten ‘Nada’ telesailaren mundu-estreinaldiak emango dio hasiera Culinary Zinema sailari, eta Tran Anh Hungen ‘La passion de Dodin Bouffant’ lanak, berriz, amaiera.
Hiru film luze eta telesail bat ariko dira lehian Culinary Zinema Film Onenaren Saria eskuratzeko.
Gastronomiarekin lotutako lau film eta telesail batek osatuko dute Culinary Zinema saila Donostia Zinemaldiaren eta Basque Culinary Centerren artean antolatua. Argentina, Alemania, Txina, Peru edo Frantziako gastronomien inguruko bost istorio kontatuko ditu aurten. Mariano Cohn eta Gaston Duprat zuzendarien Nada telesail argentinarraren mundu-estreinaldiak emango dio hasiera Culinary Zinema sailari, eta Tran Anh Hung zuzendariaren La passion de Dodin Bouffant filmak Cannesen zuzendari onenaren saria jaso zuenak, berriz, amaiera. Aurten lehiazkoa ere izango da: lau ekoizpen Culinary Zinema Film Onenaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira (10.000 euro film irabazlearentzat).
Basque Culinary Centerren zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek aurkeztu dute gaur goizean LABe Digital Gastronomy Laben Culinary Zinema, eta emanaldiekin lotutako bost afari tematiko ere barne hartuko ditu sailak.
Nadarekin 30 minutuko bost kapituluz osaturiko fikziozko minitelesail batekin emango zaio hasiera sailari. Zuzendariak Gastón Duprat eta Mariano Cohn dira; oraingoan, El ciudadano ilustre (film iberoamerikar onenaren Goya saria, 2016), Todo sobre el asado (Culinary Zinema, 2016) eta Competencia Oficial (Perlak, 2021) filmen zuzendari-tandema Nada telesailarekin itzuliko da. Nada-ren protagonista egoera larrian egongo da etxeko langilea hiltzen zaionean eta baliabiderik gabe geratzen denean. Luis Brandoni eta Majo Cabrera dira aktoreak, eta Robert De Niro artista gonbidatu berezia izango da azken atalean.
Trân Anh Hùngek (Danan, Vietnam. 1962) The Scent of Green Papaya (Zabaltegi, 1993) filmarekin debutatu zuen, Perlak sailean parte hartu zuen À la verticale de l’été (2000) lanarekin eta zuzendari onenaren saria jaso zuen Cannesen La passion de Dodin Bouffant filmarekin; izan ere, film horrekin emango dio amaiera sailari aurten. XIX. mendearen amaieran girotuta dago filma eta Juliette Binoche da protagonista; zehazki, 20 urtez Dodin gourmetarentzat (Benoît Magimel) janaria prestatu duen baina harekin sekula ezkondu nahi izan ez duen Eugénieren rola egiten du antzezle frantziarrak.
Nan fang nan fang / Back to the South Xiao Haiping (Hunan, Txina. 1986) zuzendariaren lehen film luzea da, fikziozko lan honen protagonistak Pekin utziko du eta hiriarekin, baita bere lana eta senargaia ere bere jaioterrian landetxe bat muntatzeko; hala, gonbidatuentzako janaria prestatu eta horien istorioak ezagutuko ditu bertan.
Mariano Carranza (Lima, Perú. 1989) zinema dokumentaleko ekoizle eta zuzendaria ezaguna da gizakion asmamena, pertseberantzia eta sormena aztertzeko aitzakia gisa janaria erabiltzen duten film eta telesailetan lan egiteagatik. Pachacútec, la escuela improbable film aurkeztuko du Carranzak; filmak lehiaketatik kanpo parte hartuko du, film ertaina baita. Gastón Acurio sukaldariarekin elkarlanean ekoiztutako ez-fikzio honek Peruko hiru sukaldariren istorioa kontatzen digu: Lima hiriko auzo behartsu bateko eskola batek euren lanbidean arrakasta izateko bidea ireki zien.
Saileko beste dokumentala She Chef da, Melanie Liebheit (Münster, Alemania. 1973) eta Gereon Wetzel (Bonn, Alemania. 1972) zuzendariena; Wetzelek El Bulli: Cooking in Progress (2011) aurkeztu zuen sail honetan. She Chef filmak Agnes sukaldari gaztearen istorioa kontatzen digu, zehazki, munduko jatetxe ospetsuenetako zenbaitzuetan egiten ari den praktikak.
Afari tematikoak
Saileko bost filmekin batera afari tematikoak egingo dira irailaren 25etik 29ra bitartean Basque Culinary Centerren. Baterako sarrerak (emanaldiak eta afariak) bihar ?irailaren 1ean? jarriko dira salgai, 10:00etan, 80 euroren truke, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez (sansebastianfestival.janto.es eta kutxabank-zinemaldi.
Irailaren 25ean hasiko dira Culinary Zinemako afari tematikoak, Nada telesaila eman ondoren. Horretarako, Narda Lepesek 2020an Latinoamerikako Emakume Sukaldaririk Onenaren golardoa jaso eta minitelesailean gastronomia-aholkulari gisa jardun zuen sukaldariak, esperientzia gastronomiko bat eskainiko du, Argentinako sukaldaritza omendu eta Buenos Aireseko gourmet-eszenako pertsona itzaltsu eta jatetxe ospetsuak nabarmenduta. Mahaikideek, gainera, Argentinako erreferentziazko uztartze bat dastatu ahalko dute Bodega Zuccardiren eskutik.
Irailaren 26ko gaualdia Back to the South filmarekin lotuta egongo da eta ingurunearekin eta landareen munduarekin konprometitutako gastronomia ekarriko digu. Martina Puigvert bi Michelin izar eta izar berde bat dituen Gironako Les Colseko sukaldeburu eta Carlos Casillas Barro (Ávila) jatetxearen jabe eta sukaldeburu chefek (biak Basque Culinary Centerreko ikasleak) lurraldean, sustraietan eta benetakotasunean funtsatutako proposamen gastronomiko bat eskainiko dute, baratzeko elikagaien garbitasunean eta denboraldian denboraldikoak kontsumitzean arreta jarriko duela. Mendialdeko Ogiaren ogi artisau eta ekologikoek osatuko dute afariaren menua.
Hilaren 27ko afaria, Pachacútec, la escuela improbable filmaren osagarria, chef protagonistek eskainiko dute: Alan Larrea, Percado jatetxekoa, Gerson Atalaya, Sens Restaurant jatetxekoa, eta Jhosmery Cáceres, La Mar jatetxekoa. Sei eskuk prestatuko duten afaria Pachacútec Fundazioan ikastearen eta hiru gazteen ibilbide profesionalaren isla izango da. Nazioarteko ikuspegitik sukaldariek egun lan egiten duten hirietako erreferentziazko platerrak dastatuko dira, Limakoak, Luxenburgokoak eta San Frantziskokoak; Peruko eragin nabarmenarekin.
She Chef filmaren emanaldia dela-eta, irailaren 28an Agnes Karrasch chef eta filmeko protagonistaren txanda izango da. Afarirako prestatuko dituen platerek bere ibilbide profesionaleko unerik garrantzitsuenetara eramango dute mahaikidea, eta omenaldia egingo diote Vendome (Bergisch Gladbach, Alemania), Disfrutar (Bartzelona) eta Koks (Faroe Uharteak) jatetxeetatik igarotzean. Gainera, Poul Andrias eta Nino Fjordside ?bi Michelin izar eta Michelin izar Berde bat duen Koks jatetxeko sukaldeburua eta ikerketa- eta garapen- arduraduna, hurrenez hurren?, Karraschekin egongo dira oraingoan.
Azkenik, irailaren 29an Sébastien Zozaya eta Fabian Feldmann chefek Culinary Zinemaren edizio honi amaiera emango diote, garaiko oturuntza bat eskainiko baitute. La passion de Dodin Bouffant filmean inspiratutako eszenografia batekin, Sébastien Zozayak bere plater esanguratsuenetako batzuk eskainiko ditu. Bestalde, Michelin izar bat duen L’Impertinent jatetxeko sukaldari Fabian Feldmannek filmean agertzen diren eta Frantziako sukaldaritzan klasikoak diren platerrak prestatuko ditu, hala nola Alaska tarta.
Culinary Zinemak bere ohiko formatua ospatuko du: hamar jankide mahai bakoitzeko, esperientzia aberastuko duten elkarrizketak sustatzeko. Basque Culinary Centerreko irakasleek eta ikasleek afari guztietan parte hartuko dute, nola sukaldean hala aretoan lagunduz.
Culinary Zinema 71. Zinemaldian