Kritika Zinematografikoa: “Creatura”
Kritika Zinematografikoa: “Creatura”-
Zuzendaria: Elena Martin Gimeno
Urtea: 2023
Herrialdea: Espainia
-Gorputzaren urradura fisiko eta emozionalak-
Sexualitatearen deskubrimendua sarri jorratu izan da zineman. Bizitzaren loraldian dauden neska-mutilen esplorazio senak, berezkoa bezain naturalak, film gogoangarriak utzi dizkigu azkenaldian –Blue Is the Warmest Colour (Abdellatif Kechiche, 2013), Young & Beautiful (François Ozon, 2013), Call Me by Your Name (Luca Guadagnino, 2017), Las niñas (Pilar Palomero, 2020), La consagración de la primavera (Fernando Franco, 2022)-; gehiago edo gutxiago, sortzaileek partekatutako esperientziekin identifikatzeko balio izan digute horiek. Barne-bidaia iniziatiko eta fisikoa izanik ere, norberaren gorputzaren autoezagutzak, eta gaiaz senideekin hitz egiteak tabu izaten jarraitzen du; lotsak, eta bateko zein besteko beldurrek, mututu egiten gaituzte, izaki babesgabeak baginan lez.
Ez da batere erraza intimitateak aldarrikatzen duen zintzotasuna errespetuz erakustea, are gehiago, izaera unibertsala duten auziez ari garenean. Pantaila handira eramaterakoan, norberarengan errotutako sentimenduek galdu egiten dute esklusibotasuna, kolektibo bihurtuz. Biluzi egiten dira sortzaileak, berena soilik duten egia askatuz. Hain zuzen ere, halaxe azalduko zaigu Elena Martin Gimeno zinemagile eta aktore kataluniarra Creatura filmaren itxierako planoan, bere gorputzak igortzen dizkion mezuak interpretatu ezinak akituta, neskatoa zenetik uda pasatzera joaten zen herrixkako hondartzan etzunduta, itsasoko urak eskaini diezaiokeen plazera aurkitu nahian. Hor non lehen hartu-eman sexualak esperimentatu zituen.
Júlia ist (2017) bere opera priman gertatu bezala, Martin Gimeno kamera aurrean zein atzean ikusiko dugu, sexu-grinarik gabeko emakume bat lehen pertsonan haragituz. Hiru alditan girotuta, haurtzarora zein nerabezarora begira jarriko zaigu, eta pasarteok, flashback soilak edota bloke independenteak izatetik urrun, desira sexualaren galeraren zergatiaren bilaketa itoa osatuko dute, fisikoki azaleratuko dena azkura kroniko gisara.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Creatura”