Kritika Zinematografikoa: “Cocaine Bear”
Kritika Zinematografikoa: “Cocaine Bear” –
Zuzendaria: Elizabeth Banks
Urtea: 2022
Herrialdea: AEB
-Oso biziotsua. Baina oso, oso-
Pelikula batzuen aurrean ludikotasunaren aukera baino ez zaio geratzen ikusleari. Filmaren sustrai eta jatorrietan ez dago pretentsio filosofiko eta handinahikeria hutsalik, guregana iristen da produktu zintzo gisa, gure arreta jaso eta diberti gaitezen. Horrela esanda erraza ematen du, baina gure gozagarri izatea, bidetik aurkituko ditugun akatsak barkatzeraino (edo bertute bezala ulertzeraino!) ez dago ‘kontsumo errazeko’ pelikula guztien eskura. Cocaine Bear filman (gure zinemetan Oso vicioso da, ez da inola ere bilatua, baina zein ongi doakion izenburua euskarari!) hala gertatzen da, hastapen ideia zoragarria da, eta izango duen garapen dramatikoa nabarmenegia eta sinesgarriegia izango ez bada ere, baso hartan gertatzen direnek dena jolas parke zeharo zirraragarri bilakatuko dute, terrorearen, akzioaren, gorearen eta komediaren nahasketa generikoa plazaratzen dela.
Georgia-ko baso eder eta naturalean hegazkinez doan trafikatzaileak kokaina kargamentua botako du. Paraje honetan bizi den hartz erraldoi batek droga aurkitu eta jatean bere jarrera erabat bihurrituko du, eta animalia era biolento eta basatian jokatzen hasiko da. Basoan diren naturzale, nerabe, basozain, narko eta poliziak, hala, kokainaren eraginpean dagoen hartz beldurgarriaren erasoaren mehatxupean egongo dira (nola edo hala, benetako gertakariak daude istorio xelebre honen oinarrian). Elizabeth Banksek aipaturiko elementu hauek baino ez ditu baliatuko pelikula sostengatzeko. Eta iradoki dugu pelikulak duen arazo nagusia, izan ere, pertsonaiak beharrezkoak dira (esan dezagun era ahalik eta argienean, heriotzak pilatu daitezen), baina errelato koralak akzioa gehiegi banatzea ekartzen du, minimoa bada ere pertsonaia bakoitzak bere garapena behar duelako. Pertsonaia denak (10etik gora), dramatikoki ahulak eta elkarrizketak ere dezente traketsak izango dira. Egia esateko, hartza falta den bakoitzean noiz agertuko desiratzen egongo gara, izen gabeko hartz hori delako pelikularen bihotza eta muina. CGIz sortua (kalitate tekniko dezente onez, nahiz eta kasik B serieko pelikula merketzat har daitekeen), bere agerpenek pantaila irentsiko dute, fisikoki beldurgarri eta aldi berean komiko suertatzen delako, eta hitzik esan gabe pertsonaia interesgarriena delako era argian: nolabaiteko survival horror puntu bat duen pelikulan, mehatxua eragiten duen subjektu horretan ez dago gaizkiaren inolako zantzurik. Are gehiago, bere perbertsioa, bere naturaren aurkako jokabidea (askotan esango zaigu filmean basoko hartz beltz horiek ez dutela joera erasotzailerik), gure erruz gertatuko da, gizakiok gure bizioak asetzeko sortu dugun droga honen bitartez. Bere abstinentzia-sindromeak eragingo dion jarrera basati eta bortitzak akaso biktima gisa ulertzeko bide emango liguke. Esan dezagun zubia eraiki litekeela, distantziak mantenduta, King Kong-en tximino erraldoiarekin.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Cocaine Bear”