Clark Kent-en antiojoak
Argia aldizkariko blog batean ikusi dut bideoa: New Yorkeko Kornhaber Brown agentziak sortu du, eta bi minutu baino gutiagoan, pornoaren eta egiazko sexuaren arteko diferentziak azaltzen dizkigu, estatistika lagun. Adibidez, aktoreen zakila 15 eta 23 cm artekoa izaten da pornoan; “civilian penis-a”, berriz, 13tik 18 cm-ra bitartekoa izaten da. Pornoko izarrek arrunt ile guti izaten dute “hor beheitian”, edo batere ez, baina pornotik kanpoko emaztekien %65ek eta gizonen %85ek ba omen dute neguan hotza zerekin kendu beren parte pribatuetan.
Bideoko datu batzuk lasaigarriak dira: filmetan, gizonak jo eta su aritzen dira denbora luzean, baina, nonbait, “egiazko bizitzan”, banaz bertze hiru minutu aski izaten dira gizon batek hazia isur dezan. Ez diot nire buruari protagonismorik eman nahi eta, beraz, puntu horri dagokionez ez dut datu autobiografikorik emanen; halere, hemendik aitzinat ez naiz gehiago kezkatuko, inoiz maitaleren batek nire maitasun jarduera, Berriak Barcinaren eta Urkulluren arteko enkontrua bezala, “adeitsu baina oso labur” definituko balu.
Eta bertze datu batzuei esker dirutza aurreztuko dut psikologoetan: pornoan amen batean berotzen dira guziak (ez dakit “amen batean” esamolderik egokiena den testuinguru honetan, baina horrela utziko dugu); jende normalak, ordea, hamar-hamabortz minutu behar izaten du motorra piztu orduko. Eta hori zinez argigarria izan da niretako: gas kontagailua ikustera etortzen denari albornoza jantzita irekitzen diot beti atea, sexy-sexy, bularreko ile garbitu berriak distirant ditudala, baina ez dut inoiz erantzunik erdietsi (erantzun positiborik erran nahi baita). Orain badakit zergatik: afera ez da ni ez naizela liluragarria (ez dut faltsuki umila agertu nahi: harrituko nintzen hala izan balitz); kontua da gure ikuskatzaileak hamar-hamabortz minutu beharko lituzkeela, gasa ez ezik bertze zerbait ere ikuskatzeko gogoa sentitzeko.
Bistan da, beraz, bideoak mezu inportantea duela mundura zabaltzeko: film pornografikoetan ikusten dena, lagunok, gezurra da, ez ezazue sinetsi. Mito apurtzailea baita gure bideoa. Eta horrek gogora ekarri dit bertze blog batean (haren bila ibili naiz Interneten, baina ez dut harrapatu) irakurri nuen esaldi hau: pornoak emaztekiei uzki-sexua gustatzen zaien mitoa hedatzen du. Ildo horretatik, nik ere mito zinematografiko batzuk hautsi nahiko nituzke, baina, gas ikuskatzaileen ordutegi zorrotza eta presakakoa dela-eta, esperientzia gutikoa naiz bikote ezkonduetan normala den horretatik haragoko sexu kontuetan. Horregatik, kritika hori bertzelako generoetara zabaltzea pentsatu dut. Hona hemen hiru adibide:
1. Lehenik eta behin, Supermanek zabalduriko mito bat salatu nahi nuke: ez da egia antiojoak inoren nortasun sekretua –edo ez hain sekretua– estaltzeko tramankulu egokia direla. Beraz, bezperan enpresako afaria konortea galtzeraino mozkortu eta lotsagarriki jokatu bazenuen, ez pentsa biharamunean inork ez zaituela ezagutuko, betaurreko pare bat jantziz gero. Ezta betaurreko beltzak jantziz gero ere. Nolanahi ere, estatistikak ematea inportantea da: benetako bizitzan, soilik jendearen %2k lortzen dute efektu hori. Nik hori badakit, neroni naizelako horietarik bat: behin, lagun batek erran zidan, antiojoak erantzita, gizagaixo aurpegia nuela, baina, bistan da, betaurrekoei esker, egunerokoan nahiko ongi ezkutatzen dut nire nortasun sekretu hori.
2. Erdi Aroari buruzko filmetan, ideia okerrak zabaltzen dituzte jaun feudalen aisialdiari dagokionez. Maiz ikusi izan dugun eszena da: zaldun bat ostatu batean sartu, ardoa gizonki edan, muturra armadurako burdinazko mahukarekin garbitu (a zer den artasuna eta zibilizazio falta juntatzea!) eta zakutto bat bete diru botatzen dio ostalariari, “kobra ezak” oihu eginez. Ostalariak, ordea, ez dio inoiz dirurik bueltatzen zaldunari, ezta zakuttoa ere. Beraz, zakuttoan edandakoaren prezio doia zegoen? Zer gertatuko litzateke jaun feudala berriz ere egarritu eta bere lurraldeko bertze ostatu batean sartuko balitz? Bertze zakutto batekin ordainduko luke? Ondorioz, pentsatu beharko genuke zaldunak, goizero, gaztelutik abiatu baino lehen, denbora luzea ematen duela zakuttoak prestatzen, eta aurreikusten egun hartan zenbat trago hartu nahi dituen, non eta norekin. Eta hori ezinezkoa da, armadurek ez baitute sakelarik.
3. Bigarren Mundu Gerrari eta Gerra Hotzari buruzko filmek eragin handia izan dute bertze mito bat hedatzeko: errusiarrek eta alemanek, beren artean, aitzinean amerikarrik edo ingelesik ez egonda ere, nahiago dute ingelesez azentu irri-emangarriarekin egin, errusieraz edo alemanez egin baino. Zergatik? Moskuko akademia berean ikasi eta Politburoko bilerak aprobetxatzen zituzten praktikatzeko, ea proficiency titulua eskuratzen zuten? Tira, ni ez nintzen gerra hartan izan, ezta Kremlilngo goi-bileretan ere, baina joka nezake lepoa alemanen %100ek alemanez egiten zutela, eta errusiarren %100ek, errusieraz.
Beti bezala, argitaratu baino lehen, testu hau lagun bati erakutsi diot. Hark erran dit ongi dagoela, baina akaso “mito” horiek guziak ulertzeko fikzio kontzeptua interesgarria izan litekeela, eta errealismoa aukera bat bertzerik ez dela. Alegia, maiz, errealitatetik urruntzen direlako gustatzen zaizkigula filmak, edo gure fantasiak gauzatzeko aukera ematen digutelako. Arrazoia du, naski, baina nik testua egina nuen, eta pena eman dit zakarrontzira botatzeak.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Bideoaren datuak sinesten baditugu, emakumeen %40k “baizik” ez omen du bondage eta sadomaso praktikaren bat probatu.
Arestiko ehuneko berak “baizik” ez du probatu uzki-sexua. Zenbatek egiten duten lehenago komunetik eta dutxatik pasa gabe, ez dakigu. Ederra, bideoko metafora bisuala.
Emakumezkoen %22k onartuko luke aurpegian esperma txorrotada bat. %33k irentsi ere eginen luke.
Hamar emakumetatik BIK parte hartu du nola-halako hiruko, bikote-truke edo orgia batean.
Gizonetatik %75 hiru minututan korritu ohi da.
Pornoan erakusten dena gezurra da, batez ere gizonezkoez denaz bezanbatean.
Kontua da, Supermanekin jarraituz, zer gertatzen den antiojoak erantzi ondoren Lois Lanerekin oheratzen denean. Hau da, norainokoa izan daitekeen Supermanek, kriptonitaz behar bezala horniturik, Loisi eragin diezaiokeen orgasmoa superdaratuluaren animaleko sarketaren ondorioz… Eta hor ere mitoa dago, fikzioaren kontzeptua… bai jauna!