Checkpoint Rock: Palestina meets Euskal Herria

Palestinako horma. Oddsock. Flickr. cc-by
Palestinako horma. Oddsock. Flickr. cc-by

Hiru aste eman zituzten pasa den Irailean Fermin Muguruza eta Javier Corcuerak Israel, Gaza eta Palestinan barrena. Elkarrizketak eta zuzeneko ekitaldiak grabatu zituzten han, bertako musikariekin. Bidai hartan jasotakoa ikusi ahal izango da bihar, Donostiako Giza Eskubideen VII. Zinemaldia ixten duen “Checkpoint Rock” dokumentalean. Victoria Eugenia antzokian izango da proiekzioa, arratsaldeko 19:30etan.

DAM rap taldeko kide baten eskutik Palestinako soinuetan murgilduko da ikuslea. Interprete tradizional, hip-hop abeslari eta rock taldeak izango ditu lagun bidai horretan. Egunero, biolentziaren zarataren gainetik euren musika entzunarazten duten artistak. “Hiriburuko neoizko argi eta anuntzioetatik abiatuta Israelen bertan dauden auzo palestinar baztertuetara joko dugu . Checkpoint-ak zeharkatuko ditugu Cisjordaniako lurralde okupatuak ezagutzeko eta kontzentrazio zelai erraldoia bihurtu den Gazan amaituko dugu”, azaltzen du Fermin Muguruzak.

Aspaldiko ideia

2002 urteko Aste Santuan giza eskubideak aldarrikatu eta lurraren eguna ospatzeko europar delegazio batekin Palestinara egin zuen bidaian dago dokumentalaren hazia. Musikari israeldar eta palestinarren topagune batean parte hartzeko asmoa zuen Ferminek, baina iritsi eta handik gutxira hainbat hildako utzi zuen bonba bat jarri zuten Tel Aviven. Erasoari erantzunez, Israelgo armadak orduan presidentea zen Yasser Arafat inguratu zuen bere Ramallahko jauregian.

“Urgentziazko bilera bat egin ostean Ramallahra giza ezkutu bezala joatea erabaki genuen. 40 lagunek besterik ez genuen lortu sartzea, baina hedabideen arreta jaso eta geldiezina zirudien zerbait gelditzea lortu genuen”, kontatzen du Fermin Muguruzak. “Egun haietan bizi eta sentitu nuenak hotzikarak ematen dizkit oraindik”.

Alexander Hacke musikariaren “Cruzando el Puente” (2006) filmean inspiratuta eta hedabideetan Libanoko gerraren protagonista zela, Antón Reixa, bere lagun, musikari eta zinema ekoizle galiziarrari deitu zion Muguruzak. “Zubia, kasu honetan checkpoint-ak, zeharkatu eta Palestinako soinuak munduari erakutsi behar genizkiola esan nion”. Esan eta egin. Sei urte beranduago Fermin Muguruza Palestinara itzuli zen, musikari bezala, “palestinarrek egunero bizi duten draman parte hartzera”.

Lehenengo bidai hartan musikaren bitartez espresatzea galarazi zien gerrak. Oraingoan, “komunikazio zubi berriak eraiki” eta “isiltasunezko itsaso hori” haustea izan dute helburu.

Kontzertua zuzenean

Proiekzioaren ostean, iluntzeko 22:30etan dokumentaleko protagonista diren hainbat musikarik eta Fermin Muguruzak berak kontzertua eskainiko dute Egiako Gazteszena aretoan Palestinako soinuak ezagutzera emateko asmoarekin.

Safaa Arapiya. Paka Paka kantua. Checkpoint Rock.

[audioa title=”Safaa Arapiya. Paka Paka kantua”]http://www.rtve.es/resources/mp3/4/7/1239783832974.mp3[/audioa]

Amal Murkus, musika tradizional abeslaria, Naseem Dakwer, laud eta biolin jolea, Habib Al-deek, Nabluseko Unibertsitateko oud irakaslea, Suhell Nafar, DAM rap taldeko abeslaria, Safaa Arapiyat rap abeslaria, Kher Fody, poeta, abeslari eta perkusio jolea eta AymanPR Palestinian Rapperz teldeko abeslaria egongo dira bertan.

http://www.youtube.com/watch?v=TYWxf7cQ4D8

[@mrlasa] Komunikazioa da nire mundua eta horretan egiten dut lan, Donostian, azken boladan. Estrategia, marka, komunikazio politikoa, kultura. Interneten ere hainbat saltsatan ibili naiz (nabil), besteak beste, Zuzeu honen sorreran.