Kritika Zinematografikoa: “Cerrar los ojos”
Kritika Zinematografikoa: “Cerrar los ojos”-
Zuzendaria: Victor Erice
Urtea: 2023
Herrialdea: Espainia
-Begiradek inbokatutako mamuak-
Azken hitza esateko beharrizanak bultzatuta, bere filmografia osoa modu transbertsalean zeharkatzen duen obra kirurgikoa aurkeztu du Victor Ericek, berriki Nanni Morettik Il sol dell’avvenire-n egin bezala. Pasioz bizi duen zinemari italiarrak eskainitako agur gutunak duen komedia eta satira kutsutik urrun, drama dentso eta pausatua eraiki du bizkaitarrak, finean baina, bataren zein bestearen oinarri diskurtsiboa berdin berdina da -zinema eta bizitza banatzeko ezintasuna, adierazpen artistikoen aldarria-, nahiz eta Ericeren figurarengan eraiki den mitoak itsutu egiten gaituen.
El espiritu de la colmena (1973) opera prima estreinatu zuenetik 50 urte pasatu direnean, hau abiatu zuen tokian bertan bukatuko du Ericek CERRAR LOS OJOS film melankoliakoa. Zinema areto batean izan genuen Ana Torrent aktorearen berri, Frankenstein (James Whale, 1931) ikusi eta munstroa inbokatuz begiak nola ixten zituen ezagutuz, eta orain, 20 urtez desagertuta izan duen aitaren aldamenean (Jose Coronadok interpretatutako Julio Arenas aktorea), honek filmatutako azken sekuentzia elkarrekin ikuskatu aurretik errepikatu egingo du keinua, berriz ere espirituei eta mamuei dei eginez bezala. Bada, bi lanotan Ana izenez ezagutuko dugun neskato/emakumearen begiradek marraztuko dute Ericeren ibilbide profesionalaren zirkulua, nolabait, Luis Buñuelek Un chien andalou (1929) eta Cet obscur objet du désir (1977) filmak batu zituen antzera, begia bera motibo sinbolikoa bilakatuz.
Eta tartean, errimak, erreferentziak, elkarrekintzak eta ehundura esplizitu eta inplizituak. Ericeren proiektuek (ezagun ditugunak eta gauzatu ezin izan dituenak) eta bere bizitza propioak bat egingo dute CERRAR LOS OJOSen. Manolo Solok haragitutako (eta jatorri euskalduna duen) Miguel Garay zinema zuzendariaren atzean ezkutatzen da bizkaitarra, zalantzarik gabe, baina bere filmean Garay protagonistak bertan behera utzitako La mirada del adiós pelikularen muntatzailea den Maxen (Mario Pardo) ahotsetik entzungo ditugu Ericek aldiro (eta bereziki, iragan Donostia Zinemaldian) aldarrikatu izan dituen kuestioak: zinemagintzak herritarrongan eta gizartean galdu duen zentraltasuna, pantaila handiaren, zeluloidearen eta esperientzia kolektibo zein partekatuaren defentsa (berriz ere Moretti!).
Tokiz edo garaiz kanpo dagoen filma dirudi CERRAR LOS OJOSek: pertsonaia eta egintza guztiak iraganean iltzatuta daude, eta Ericeren lan bukatugabeak zein frustratuak (oso) presente ditu. Batetik, jakina da ekoizleekin tirabirak izan ostean El Sur (1983) filmaren bigarren zatia, Espainia hegoaldean girotuta behar zukeena, ezin izan zuen errodatu, eta orain, lan hark zuen egitura narratiboa berrartu du, Miguel Garay protagonista Madriletik Granadara bidaliz. Bestetik, argia ikusterik izan ez zuen La promesa de Shangahi proiektuaren arantza kenduko du La mirada del adiós meta-filma baliatuz.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Cerrar los ojos”