Kritika zinematografikoa: “Call Jane”
Kritika zinematografikoa: “Call Jane” –
Zuzendaria: Phyllis Nagy
Urtea: 2022
Herrialdea: AEB
Chicago, 1968. Joy (Elizabeth Banks) emakume zuri pribilejioduna da. Bizitza arrunta eta lasaia darama, nazioak bizi duen asaldura politiko giro bortitzetik at. Hilabete batzuetan, gainera, kide berri bat gehituko diote senarra eta alabarekin batera osatzen duen familia perfektu horri. Laster deskubrituko du, ordea, haurdunaldi horrek bere osasunerako arrisku hilgarria suposatuko duela. Lehen arrakala. Abortua debekua den garaian, inor ez dago prest emakumearen bizitza lehenesteko. Krak. Hemen bigarrena.
Bere egoerari irtenbidea aurkitzeko bidaiak Virginia (Sigourney Weaver) buru duen emakume erakunde klandestino bateraino eramango du eta, horrek, alternatiba seguruagoa eskaintzea ez ezik, bizitza aldatuko dio ere. Krak. Hirugarrena. Eta gero, kontzienzia. Elkartasuna. Ahalduntzea. Zaintza. Borroka.
AEBn abortua despenalizatu aurreko urteetan, 1973 inguruan, Jane Collective izeneko erakunde bat ezkutuan aritu zen haurdunaldia eteteko beharra edo nahia zuten emakumeei laguntza ematen; taldeko boluntarioek aholkularitza eskaintzen zuten eta ebakuntza kirurgikoak antolatzen zituzten, denera, 12.000 bat interbentzio kudeatzera iritsi zirelarik.
Phyllis Nagyk ondutako hau, bada, emakume talde horren balentriari eskainitako omenaldia da, kolektiboaren jardueren berreraikuntza baino gehiago. Bestela esanda, sukaldetik kalera, norbanakotik kolektibora igarotzen ahalduntze eta ahizpatasun errelato koiunturala sortu du zuzendariak, irmotasunez eta konbentzimenduz, baina, akaso, sinpleegia, jorratzen duen gaiak eska lezakeen neurrian erabat sakontzen ez duena.
Asko eta ilunak dira auzi transbersal honen geruzak eta, nago, saiakera hobea egin zitekeela horiek ikusgarri bilakatzeko orduan. Helburu zintzoz ondutakoa, bai, baina ariketa ahul batean, publiko orokor eta zuri baten oniritzia baino zerbait gehiago lortu nahi izan ez balu bezala. Hala, hasieran indartsu hasten den kontakizunak justu samar eutsiko dio mailari; amaiera sobera distiratsu (eta bitxiki sinplifikatu?) batek ezustean harrapatuko gaituen arte.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika zinematografikoa: “Call Jane”