Booktube Lehiaketaren bigarren edizioa Galdakaon

Booktube Lehiaketaren bigarren edizioa Galdakaon

Galdakaoko II. Booktube LehiaketaBooktube Lehiaketaren bigarren edizioa Galdakaon abian da. Galdakaoko Udaleko Euskara eta Hezkuntza sailak eta Galtzagorri Elkarteak elkarlanean antolatuta, bigarren aldiz egingo da lehiaketa. Iaz egin zen lehen edizioa eta 50 bat booktube aurkeztu ziren lehiaketara. Oso harrera ona izan zuen parte hartzaileen artean eta gazteen artean euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko bide berri bat jarri zen martxan lehiaketa honekin. Aurtengo edizioarekin galdakaoztarrak aitzindari izaten segituko dute mundu mailan gazteen artean sekulako arrakasta izaten ari den fenomeno kulturala euskarara ekartzen.

Lehiaketa herri mailakoa izango da eta Galdakaoko DBHko ikasleak (12-16 urtekoak) booktuber bihurtuko dira. Aurten, herriko hiru ikastetxek hartuko dute parte: Eguzkibegi Ikastola, Bengoetxe BHI eta Elexalde BHI. Beraz, 12- eta 16 urte bitarteko galdakaoztar gehienak ariko dira aurten booktuber lanetan, euskarazko liburuak irakurri eta gomendatuz.

Parte hartzaile bakoitzak lehiaketarako proposatutako liburu bat irakurri eta booktube bat sortu beharko du, hau da, booktuberrek egin ohi duten moduan; liburuari buruzko bere iritzia eman beharko du kamera baten aurrean. Hori grabatu eta youtuben Galdakaoko Booktube Lehiaketak duen kanalean argitaratuko da ondoren. Booktubeak lehiaketara bidaltzeko aukera azaroaren 21etik 28ra zabalduko da.

Guztia urratsez urrats nola egin jakiteko, Galtzagorri Elkarteak irakasleei zuzendutako formazio saioa eman zuen lehengo astean Galdakaon. Baina, horrez gain, egitasmoari buruzko informazio guztia lehiaketaren blogean aurki daiteke: https://booktubelehiaketa.wordpress.com/. Bertan daude booktube fenomenoari buruzko xehetasunak, iazko booktubeak eta lehiaketa honetan parte hartzeko argibideak.

.

Hainbat sari daude jokoan:

  • DBH1-DBH2ko booktuberik onenaren egileei e-reader bana.
  • DBH3-DBH4ko booktuberik onenaren egileei e-reader bana.

– Ikastetxe bakoitzarentzat: ikastetxeko booktuberik onenaren egileentzat, 30 euroko bono bana Galdakaoko Haur eta Gazte Liburuaren Azokan gastatzeko eta power bank bana.

Epaimahai batek hautatuko ditu booktuberik onenak eta Gabonen aurretik egingo den sari-banaketa ekitaldian jakingo dira irabazleen izenak.

.

Booktuber gazteak irakurketa sustatzen

Mundu mailan orain dela 10 bat urte sortu zen fenomeno berria dira BOOKTUBEak eta haien sortzaile diren Booktuber-ak.

Booktube hitzak book (liburua) eta tube (youtube) lotzen ditu. Hau da, booktube bat youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da; liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa. Grabazio hori, ondoren, Youtuben zintzilikatzen da eta nonahi barreiatzen da sare-sozialen bidez.

Booktubeen egileak booktuber izenez ezagutzen dira; bideoblogger gazteak dira (10-18 urte bitartekoak), baina haien berezitasuna da liburuei buruz mintzatzen direla, eta, dagoeneko, sare ikaragarriak sortu dituzte Interneten, bai nazioarte mailakoak, bai tokian tokikoak. Milaka eta milaka jarraitzaile biltzen dituzte haien kanaletan, eta guztiak, liburuen inguruan ari dira.

Hori guztia, noski, azpi-kultura digital bat sorrarazten ari da: booktuber horiek, azken finean, euren esperientzia literarioak besteekin konpartitu nahi dituzten neska-mutilak dira eta neurri horretan literatur kritikari berrien sare eta plataformak ari dira sortzen. Irakurle gazteen plataforma berriak sortu dira eta Youtuben komunitate bat sortu dute; booktuber-ena. Bertan, irakurtzeko zaletasuna eta liburuekiko duten pasioa partekatzen dute.

Irakurle gazteak gero eta gutxiago direnaren ustea geroz eta zabalduagoa dagoen arren, era honetako mugimendu edo proposamen berriek gazteen bestelako irudi bat ematen digute. Eredugarria askotan.

Booktube Lehiaketaren bigarren edizioa Galdakaon Booktube Lehiaketaren bigarren edizioa Galdakaon 

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.