Bizitzaren eta heriotzaren hiria: Gerra, gordinki kontatuta
Japon eta Chinaren arteko gatazkez ezer gutxi nekien, are gutxiago Nankingo sarraskiaz. Gertaera tamalgarri horretan oinarritzen da, hain zuzen, Bizitzaren eta heriotzaren hiria (The city of life and death) delako pelikula.
Errealitateak fikzioari irabazten diola egia bada… ez dut nahi jakin, eta are gutxiago bizi, Nankinen 1937. urtean gertatu zena. Zuri beltzean kontatu nahi izan du Lu Chuan zuzendari txinatarrak sarraski hartan gertaturikoa, gordin-gordin, gerra bat zer den, bizarrik gabe ahoan. Japoniar inperioak hiria hartu zueneko eta ondorengo denbora tarte batean kokatuta dago zinta eta gudaroste inperialak Nankinen eginiko gehiegikeriak erakusten ditu. Bertako zibilekiko tratua, bortxaketak, epairik gabeko exekuzioak… izugarrikeria andana. Izan ere, muturreko egoeretan, zer da ohorea? Zer justua? Zer errazagoa bizitzea ala hiltzea?
Azpimarratzekoa argazki lan itzela, zuri beltza indartsu sartzen da begietatik, koloreen gabeziak beste dramatismo ukitu bat ematen dioelarik Nankingo hiri eroriari. Irakurri ditudan kritiken arabera pertsonaien aukeraketa artifizial geratu da, aktore guztiak “ederregiak” direlakoan. Ni ez nintzen halako ezertaz konturatu. Hala eta guztiz ere, zinema gogoa baduzu, zoaz Bizitzaren eta heriotzaren hiria (Ciudad de vida y muerte) ikustera, ez zara damutuko!
(Film-a honako zinemetan dago ikusgai: Multicines (Bilbo), Principe (Donostia)
(JBEA) Jatorrizko Bertsioa Euskarazko Azpidatziekin hemen:
http://azpitituluak.com/euskaraz/1254488730