Bizitza erdigunean duen ekonomiaren alde. Hinkelammert eta Arizmendiarrieta elkarren aurrez aurre
Bizitza erdigunean duen ekonomiaren alde. Hinkelammert eta Arizmendiarrieta aurrez aurre –
Gure gizarte garatuan iritsitako ongizate materialak berekin badakartza albo ondorioak ere, inondik ere makalak ez diren kalte ondorioak. Herbet Marcusek ondo jabetu eta ohartarazi zigun horretaz. Gure ongizate materialak goia jo izanak hein handi batean merkaturaren logikak den-dena kolonizatu izanarekin dago hertsiki loturik. Areago ere, merkatuaren logikaren guztiz pekoa derrigor izan behar ez zuen ekoizpena bera ere haren zerbitzari eta morroi huts bilakatu da. Merkatuak errealitate guztia, erreala den guzti-guztia kolonizatu du. Bizitza bera ere merkatuaren logikoa itsuak kolonozitua izan da. Esaniko hori guztia gutxi ez, eta mundua eta bizitza beste moduz pentsateko balizko hipotesia bera guztiz zapuztua geratu da. “Gizaki dimentsio bakardun marcusiarra” arrazionalitate bat bakarrekoa da, eta atzera bueltarik gabe arrazionalitate instrumentalak errotik eta alderik alde bizi duen gizaki arrunt besterendu bat baino ez da:
“Arrazionalitate hau irrazional bilakatzen da, ezen, bere burua ekoizkortasunera itsu-itsu emanda, naturaren kontra ere sutsu diharduelako eta gizarte mailako mekatutik kanpoko aberastasun ez monetarizatuak oro etsaitzat dituelako zenbait eta zenbaitetan” (HINKELAMMERT, H., Racionalidad reproductiva, 283. or.)
Ongizate materialeko egoera berez ezin hobe honetan, zer eta, pardoxikoki, bizitza bera kaltetuz joaten da. Merkatuaren esaneko den ekoizkortasun logikaz eginez bestelako bizitzako helburuak logika horretara makurrarazi behar dira derrigor. Bizitza, erabilitako logikaren erdigunetik erauzia izan denez, arian-arian, kapitalismoaren goranzko bilakaera geldiezinak gero eta kaltetuago izaten da. Eta, ibili-ibilian, azkenerako, sistema gizaki guzti-guztiak, are orain artean iraun duten gizarte bizimolde alternatiboak ere, beretuz joaten da, beren balizko kritikarako gaitasuna eta beregainak izateko antzeak guztiz indargabetuz.
“Merkatua, bere inertziaz, “denon interesekoa” (“interés general”) den horren sinonimo bilakarazten da azkenerako. Prozesua hain da inertziala eta jada geure-geurea, ezen guztiz oharkabean doakigun. Hain-hainbesteraino, sarri askotan giza izaeraren eta bizitzaren kontra ageriki ari izan diren hainbat gertakari eta erabaki ozpakizunerako zergati bihurrarazten dugun. Dena merkatuaren buletan totalizaturik gelditzen da” (HINKELAMMERT, H., Economía de la vida humana y del bien común, 14, or.)
Orain artean esandakoa zaharrak berri, egia esatera; oso polita eta aspaldidanik topiko huts-huts baino ez daukaguna, eta edonoren ahotan ibilitakoa. Eta, orain zer? eta, alde-alde, gutxi-asko, denok irizkide izatera garamatzan argazki honen aurrean zer esan? Nondik atera kasik jada irtenbiderik gabeko deritzogun ataka honetatik? Bada, ez dakit, nekez. Ezinak ezin baina, kontu honi buelta ugari eman dionik badugu. Bat arreratu dut dagoeneko lerro hauen honaikoan; hausnarbide horretan Franz Hinkelammert dugu atore solbente den horietariko bat, nire ikusian behintzat. Beste bat ere ekarri nahi dut gaurko lerro hauetara. Bigarren hau, gure artekoa, etxekoa, oso solbentea ere bere pentsamendu eta hausnarketa teorikoetan, baina, oroz gain, eragin zuen praxiak eta ongizate sozial errealak abalatua izan dena, Jose Maria Arizmendiarrieta. Esanda moduan hortaz, Hinkelammert eta Arizmendiarrieta elkarren aurrez aurre jarriko ditut solasean bestelako balizko gizarte eredu baten gainean.
Kapitalismo itsu eta kupidagabe honen gehiegikerien aurrez aurre, Hinkelamert eta Arizmendiarrieta, zeinek bere proposamenari helduta, hein handi batean, hausnarketa-puntu askotan, irizkidetzat jo genitzake, nire ikusirako bederen. Elkarrengandik geografikoki oso urrun, guztiz bestelako errealiteek interpelaturik, baina, halarik ere, komunean hainbat eta hainbat ideia zein soluzio-proposamen nolabait-edo partekatu zuten. Zeinek bere hizkeraz, zeinek bere kategoriez, baina antzeratsu-edo aurre egin zioten kapitalismoak itxuraz luzatzen digun patu bakarrari. Oso hizkera propio dute biek ala biek, kategoria oso pertsonalez artikulatutako diskurtso errepikaezinak jorratu zituzten, baina, komunean, nik uste, kontu antzekoen berri eman ziguten.
Bizitzaren erdigunean beharko lukeen “lan erreproduktiboa” Hinkelammert-en kategoriarik aipagarrienetako bat dugu. Kapitalismoak bizitzaren kontra gero eta indartsuago diharduen honetan, “lan erreproduktiboa” hausnarketa-ekuaziotik erauzi da, eta hori izan da prozesu guztizko (“total”) horretarako aurre-baldintza ezinbestekoa. Bestetik, “espiritu kooperatibo” eta horren praxi proiekzioak dira gailen Arizmendiarrietaren pentsamenduan. Lanak merkatuak ebazten duenaz bestelako zentzua izan beharko luke, gizakia eta komunitatea erdigunean izango duen zentzu beregaina, esango digu Arizmendiarrietak. Ideia horiek arin-arin aurreratu ostean, noan, hurren, segidako lerro hauetan, zein bakoitzak zer dioskun hona ekartzera.
Hasteko eta behin, biek dute giza duintasuna, justizia soziala eta bizitza erdigunean egoteko kezka beren pentsamenduaren abiagune. Bizitzak izan beharko lukeen “edigunetasuna” modu batez edo bestez bien pentsamenduaren oinarria da. Gizartea garatzeko ezinbesteko irizpide deritzote bi-biek.
“Demokrazia garaikideak zer-nola garatzen diren hausnargai izan zuen Hinkelammertek. Demokrazia, ekonomia eta giza bizitzaren “erreprodukzioa” nola elkar-lotzen diren izan zituen kezkagai. Euren arteko lotura konprenitze aldera, lan kontzeptuari, bateko, eta erreprodukzioarenari, besteko, eskainiko die propio arreta ekonomia teoria klasiko eta neoklasikoak aztertu zituenean eta, erakutsian jarriko du noraino ailegatzen ari den edo ez baliabideen banaketa optimora” (HINKELAMMERT, F., Racionalidad reproductiva, 232. or.)
Hinkelammertek bizitzaren eta giza-harremanen oinarri-oinarri den “lan erreproduktiboaren” garrantzia azpimarratzen du atergabe bere obra guztian zehar.
Arizmendiarreta, bere bide propioa urratuaz, begirada kooperatiboari helduko dio beti, honek giza beharrei, eta ez kapitalarenei, erantzun ahal izango diela uste eta sinetsita.
“Egia esatera, Arizmendiarrietaren ikusian kooperatibismoa ez da ez abiagune, ez abiaburu. Arizmendiarreta kooperatibista bainoago, edota hori baino lehenago, pertsonalista da. Pertsonaren gainean duen ikuspuntu filosofikoa gailentzen zaie bere enpresa teoria guztiei, hurrenkera kronologikoari dagokionean ez ezik, oinarriztapenari dagokioenean ere bai. Bere enpresa-ereduagatik itzal handiko deritzogu Arizmendiarrietari, baina hau oinarritzat hartu zuen pertsonaren filosofiaren ondorio zuzena baino ez dugu. “Filosofia hori gabe berandu baino lehen molde enpresarial horrenak egingo luke” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 37. or)
“Arizmendiarrieta bestelako gizarte eredu baten bila aritu zen, gizakia erdi-erdigunean izango duen eredu berri baten bila. Industriarako baliagarria izango den eredu kooperatiboan aurkitu uste zuen soluziobidea. Egi-egia esatera, eredu berri hori ez da guztiz koperatibismotik iritsiko, ez da soil-soilik horretara mugatzen, nahiz-eta asko-askotan Arizmendiarrietak hori pentsatzeko joera izan zuen” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 171. or)
Bizitza dute erdigunean biek, eta horren zerbitzura izango den ekonomia molde baten alde egiten zuten. Kapitalismoa gogor kritikatzen dute biek, besteetan beste, lana deshumanizatzeagatik eta kapital pilaketa lehenesteagatik giza beharrizanen kaltetan.
Kapitalismoak lan erreproduktiboa gutxietsi eta ikusezin bilakarazten du, Hinkelammerten esanetan. Arizmendiarrietak, adiz, bizitzaz ari dela, berehalakoan, gertukotik egingo du, jada mutur aurrean dugun enpresetatik alegia. Hortaz, Arizmendiarrietak, kapitalismoaren alternatibez ari zela, segi-segituan enpresa kapitalistaren alternatiba izango den enpresa eredu baten gainean aritu zen. Norbere eta komunitatearen errealizazioari bide emango dion enpresa eredu bat bilatu zuen Arizmendiarrietak: enpresa-eredu bat non lana, bere fisikotasunaz aparte, humanizatzailea izango den eta betiere gizarte eta komunitatearen interesen zerbitzurako (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, cfr. 228. or)
Arizmendiarrietak jada abian den enpresa barrualdeari begiratzen dio batik bat, gerora, gizartearen esanetara jarri asmoz. Arizmendiarrietaren ikusian, gizartearen eta norberaren garapena ahalbidetu behar du lanak:
“Lanak giza aspirazioak asetzeko patuaren alde egin behar du, komunitate kideen elkarlanaz, iritsitako “guztien onaren” (“bien común”) erakusgarri” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 269. or)
Arizmendiarrietaren ikusian, lana ez da egintza ekonomiko huts, baizik-eta giza dimentsio bat eta dimentsio transzendental bat duen egintza ere bada:
“Horregatik, aipatu ikuspegi hau oinarritze aldera, hemendik eta handik harturiko denetariko ideiak sintetizatzeko lan eskerga egingo du: euskal tradizio soziala, kristau doktrina soziala, marxismoa, filosofia pertsonalista…, baliaturik bere hausnarbidean, probetxagarri-edo iritzi zien ideia guztiak aintzat harturik, beti proposamen berriei zabal-zabalik egonik, beti giza garapenerako probetxagarri izan litekeen edozeri zabal-zabalik egonik” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 209. or)
Hinklammertek, aldiz, bizitza bera, bere zabalean, du jopuntua; “lan formaldutik” kanpo gelditzen den lana (“lan errepoduktiboa”) du hausnargai eta kezkagai. Bizitzaren erreprodukziora begira, elkarrekiko harremanei eta elkarlaguntzari ezinbesteko iritziko die Hinkelammertek:
“… esate baterako, ayni bezalako elkarrekiko ekintza bat festatzat bizi izaten da; bizitza bultzatu ahala, beraren komunioan jartzen gara eta komunio hau festa giroan sentitzen da” (HINKELAMMERT, F., Descolonización de la política, 255. or.)
“… komunioan sartzea bera komunitatea erreproduzitzea da, komunioaren sentimenduarekin sinkronizatzea…geure burua errealigatzea, transzendente den zerumugarantz abiatzea…” (HINKELAMMERT, F., Racionalidad reproductiva, 245. or.)
Lanera, enpresara ekarrita bada ere, Arizmendiarretak ere oso aintzat du elkarrikotasuna eta gizakiaren dimentsio soziala:
“Gizakia, gizaki den aldetik, hasteko eta behin izaki komunitarioa da, eta horren araberakoa izango da bere patua. Hortaz, norbanako mailakoa eta komunitarioa ondo koordinatu beharko dira, bi-biak batera garatu beharko dira” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 363. or)
“… gizakia, bere garabidean, bere lagun hurkoak ezinbesteko ditu, eta are faktikoki besterik ez balitz ere, besteen beharra du…baina behar ezinbesteko hau pozbide bilakatu daiteke, hareago joanez gero, eta elkarlanarekin eta elkartasunarekin bat eginez gero” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 737. or)
Hinkelammertek ostera bizitzatik beretik begiztatzen du kritikoki lana, berorren betebeharreko kooperatibo eta etikoak ere ondo azpimarratuaz:
“Lanaren banaketa soziala bultzatu da eta, horrela, tamalez eta ezinbestez, harreman sozialak objbjektibatu dira. Horrekin batera, bizitza soilik materialaren erreprodukzioa baino ez da bilatu. Horregatik hain justu ere, zenbat eta lanaren dibisioa handiagoa izan, hainbat eta beharrezkoagoa da lanaren etika bat garatzea” (HINKELAMMERT, F., Economía de la vida, 181. or.)
Esanda moduan, lanean ikusten du Arizmendiarrietak elkartasunerako betegunerik aproposena. Baina aipatu elkartasun hau ez da enpresa giroan berez sortzen, berau sustatu eta bultzatu behar egin da, elkartasuna eta “guztion ona” horretarako bideratutako enpresa eredu baten alde eginez:
“… Horretarako birtuteak inbertsiorik onena da kooperatibak ondo joan ahal izateko. Kooperatibista bakoitzak birtute hauek zenbat eta bultzatuago arituta, orduan eta bermatuagoa izango da kooperatibismoa. Egitekoen antolaketa soilak, inbertsioek, ez dute bere bakarrean, ezer bermatzen…” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 264. or)
“… enpresa kideen arteko elkartasuna bermatuko duen lanaren antolaketa egokia aurkitu behar da…” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 289. or)
Bi autoreek hezkuntzari eta kontzientzia kritikoa garatzeari garrantzi handia ematen diete. Honen harian, kooperatibistak bere bete beharreko rolean eta transformazioan hartu beharreko enngaiamenduan formatu beharraz aritu ziren oso maiz:
“Ez zuen sekulan teoria pedagogiko orokorrik garatu. Kooperazioa sustatze aldera bestera ez deritzo intereseko pedagogiari, eta, batik bat, kooperazio horrek lanarekin izan dezakeen loturari dagokionean…” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 227. or)
“Formakuntza Kooperatiborako Egitasmo” bat hartu zuen burutan Arizmendiarrietak… eta bere helburuak testuaren hasierako lerroetan labur-lalbur honetara ekartzen ditu: kooperatzailerik gabe ez dago kolaboraziorik lortzerik eta, formakuntzarik ezean, ez da horrelakorik egongo..Nobera hezkuntzaz eta birtutearen praktikaz egingo da kooperatibista” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 245. or)
Hinkelammertekin honaino ikusten ari garen moduan, gizartearen paradigma zabaloago batetik ikusiko zuen eman beharreko aldaketa ideologikoa:
“Teoriak eta ideologiak baliaturik ematen diete zentzua gizakiek beren ekintzei, berak bizi direneko estrukturetan murgilduak…irentsitako orain arteko ereduek eta balioek bilakarazten digute ikusezin eta pentsaezin garatugabea garatugarri bihurtzeko aukera bera ere…” (HINKELAMMERT, F., Razón reduproductiva, 175. or.)
Arizmendiarrieta, bere ohiko praxi zentzuari helduta, askoz harago joango da, eta formakuntzari kooperaziorako ezinbesteko baderitzo ere, baita alde erantzira ere, baita jardun kooparatiboari ere hezkuntzarako. Esperientzia kooperabiboak jada badira gizarte eraldatzaileak:
“… hezkuntzaren eta kooperazioaren arteko lotura bi norantzakoa da: hezkuntza espiritu kooperatiboaren oinarria da, bateko, baina, besteko kooperazioa eta haren gauzatzea den kooperatiba gizarterako eskolatzat ere jo daiteke” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 244. or)
Autogestioari eta parte hartzeari dagokienean: bi-biek sustatzen dituzte langileen erabakitze prozesuak. Arizmendiarrietaren pentsamenduan ezin argiagoa da konbikzio hau:
“Beretutako lanaz” aritzen da askotan Arizmendiarrieta, norbere propietatea den lanaz eta lanean norberak sorturikoaz. Izanez ere, honek bilakarazten du langilea enpresaren erantzule, bere gobernantzan esku hartzaile eta horregatik titularra izan dadin ezinbestekoa da… alabaina, eskuarki, asmo hau ez da behar bezala betetzen, desberdintasun pertsonalak tarteko. Hein horretan, sistema kooperatibista harago doa, eta langile guzti-guztien erabakitzeko benetako eskubidea aitortuaz, langileen hasierako ekarpen kooperatiboez harago, berauei enpresaren gobernantzan murgilarazten zaie, pentsaturik horretan hain justu dagoela bermatua beren lanaren jabetza… Halarik ere, Arizmendiarrietak ondo ere ondo daki asmo hau zinez betea izan dadin zailtasunak daudela, postuei askotan aitortu zaien duintasun moral-edo tarteko, eta horregatik eginkizun hau betea izan dadin bene-benetan erronkatzat hartuko du” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 284. or)
Hinkelammertek autogestioan eta parte hartzean bestelako ekonomia eredu baterako bidea ikusiko du, merkatuaren logikak baldintzatua ez, eta bizitzaren erreprodukzioaren zerbitzura egongo den ekonomiarako aukera. “Bizi-bizirik dauden subjektuek bestek ezin dute lana euren artean banatu eta horretara elkarri bizitza erreprodukzioa bermatu”, diosku Hinkelammertek.
Azken kontu honen harira dator era argi batean Hinkelammerten pentsamendua Arizmendiarrietarenaren aldea. Arizmendiarrietak, kapitalismoak eta merkantilismoak sorturiko sistema bidegabearen oso jakitun izanik ere, dagoen horretatik abiatuta, gertuko komunitatetik eta bere orain arteko praktika moldeetatik abiatuta, kooperatibismoak ekaintzen duen enpresa ereduan jarriko du gizarte eredua aldatu ahal izateko oinarria. Hortik hara, inguruko lan-antolakuntza berritik hasita, ibili-ibilian, mailaz maila, gertuko enpresaz besteko gizartea bere zabalean, zein are mundua ere, aldatzeko aukeran ere itxaropena ere eduki, bazuen izan. Hinkelammert, aldiz, praxi arizmediarrietar arrakastatsua nolabit arrotza zaiolarik, maila askoz poltiko eta ideologikoago batean aritu zen. Goitik begiztatu zituen kapitalismoaren ezin moralak, teoria politikotik eginiko irakurketa teologiko eta moraletik hain justu ere. Esandako hau horrela, molde kapitalistako lanaren gainean Hinkelammertek eginiko hausnarketa kritikoan lan banaketaren gaineko kritikak hartzen du garrantzi handia.
“Uko egin behar zaio lan banaketaren ereduari bi arrazoi tarteko: a) lan banaketaren teoriak azken finean soberakin ekonomikoaren teoriari bide ematen dionez, berant baino lehen ez lioke “giza bizitzaren erreprodukzioaren” teoria bat garatzeari uko egin beharko. Izanez ere, soilik honela egin dakioke aurre lanaren banaketa etiko bati: soilik bizi-bizirik dauden subjektuek banatu dezakete lana euren artean eta, horrela, elkarri bizitza erreproduzitzeko aukera bermatu; b) lanaren banaketa soziala osatzen duten prozesuak koordinatzeak sortzen dituen arazoak aztertzen ditu lan banaketaren teoriak… eta honek guztionek boterearen, gizarte klaseen, Estatuaren eta sistema instituzionalaren teoria bat dakar berekin. Horregatik hain justu ere, analisi ekonomikoak baino egiten ez dituen teoria neoklasikoak ez bezala, aztertzen diren gertakariez harago ikusteko teoria osatuago bat behar-beharrezkoa da” (HINKELAMMERT, F., Razón reduproductiva, 232. or.)
Biek ala biek nahi dute egungo ordena soziala transformatu, ikuspegi desberdinetatik baina, jada esanda moduan. Hinkelammertek kapitalismoa sutsu gaitzesten du eta gizarte harremanak eraldatzearen alde egiten du maila teorikoegian bada ere. Arizmendiarrietak, aldiz, gertukotik abiatuta, inguruko praxi eraldatzaile baten alde egin zuen. Kooperatibismoak eskaintzen duen horretan gizakiarentzako bestelako aukera interesgarria ikusi zuen, non lana eta pertsona beti lehenetsiko diren kapitalaren interesen kaltetan, baina, horrez gain, gizarte solidarioago baterako itxaropena sekulan galdu gabe.
Bi pentsamenduak elkarren ondoan behin jarri ditudalarik, bukatze aldera zera esango nuke; Hinkelammerten bizitzarako lan erreproduktiboa Arizmendiarrietaren espiritu kooperatibo gauzatuan ikus daiteke nolabait-edo, eta, alde horretatik, hausnarketa biak elkarren osagarritzat jo litezke. Arizmendiarrietaren eredu kooperatiboa bizitza erdigunean duen ekonomia ereduetako bat-edo izan liteke. Kooperatiba, lan komunitate erreal bat den aldetik, “lan erreproduktiboa” balioesteko gune ezin aproposagotzat jo genezake, eta balioespen horrek eredu kooperatiboa, zein gizartea bere orokorrean, hobetze aldera bultza ditzake.
Igor Goitia
Bizitza erdigunean duen ekonomiaren alde. Hinkelammert eta Arizmendiarrieta elkarren aurrez aurre