Bilboko Txistularien alarde ikusgarriak amaiera bikaina emango dio 2024ko Aste Nagusiari
Bilboko Txistularien alarde ikusgarriak amaiera bikaina emango dio 2024ko Aste Nagusiari –
Bilboko Udal Txistulari Bandak ia ehun artista, musikari, abeslari eta dantzari bilduko ditu, Kilimak taldeko hiru kideen euskarazko runba melodien parte hartze bereziarekin.
Txaber Fernández zuzendari bilbotarrak gidatuko du berriro datorren igandean, abuztuaren 25ean, 13.00etan, Plaza Barrian egingo den ikuskizun handi hau.
Zalantzarik gabe, Txistularien Alardea, Aste Nagusiko musika hitzordurik paregabe eta handienetako bat bihurtu da. Urtero bezala, Bilboko Jaietako Unitateak eta Udal Txistulari Bandak antolatuta, Aste Nagusiko azken igandean izango da txistularien kontzertu nagusia Plaza Barrian, abuztuak 25ean, 13.00etatik aurrera. Bertan Euskal Herri osotik eta, bereziki, Bizkaitik etorritako 80 bat txistulari arituko dira. Beraiekin batera San Antón Abesbatza, Metal boskotea, Iñar Sastre teklatuan, Iñigo Eskubi gitarran, Gorka Eskauriza baxuan, Ander Zulaika baterian, Martín Ariztimuño gaitan eta Roberto Etxebarria trikitixan arituko dira. Guztiak ere, azken bi urteotan bezala, Txaber Fernández zuzendari bilbotarraren esanetara.
Txistuko eta euskal tradizioko hainbat abesti entzun ahalko dira. Baina beste batzuk kontzertu honetarako apropos sortuak. Horien artean Koldo Uriarteren Marmario edo Xabier Zabalaren Musika Plazan II eta Basalde. Musika moldaketak ere hainbat konposatzaileren eskuetan egongo dira, hala nola: Xabier Zabala, Koldo Uriarte, Peio Irigoien, Imanol Iribarren eta Iñaki Urkizu esaterako. Nola ez, aurten ere ez dira dantzariak faltako, beren trebetasun, maisutasun eta profesionaltasunarekin kontzertuari kolorea eta indarra emateaz arduratuko dira Oinkari dantza taldekoak. Txistu bakarkariak ere izango du bere lekua eta aurten bi txistulari bakarlari arituko dira. Bilbon apirilean ospatutako Euskal Herriko Txistulari gazteen txapelketan lehengo eta bigarren postua lortu zutenek: Leire Retegi eta Iker Sagalá. Bata Leitzakoa eta bestea Durangokoa.
Aurten gonbidatu bereziak Kilimak taldeko hiru partaide izango dira: Agustin Garmendia, Ione Zozaya eta Imanol Iribarren. Beraien eskutik runba doinu dantzagarriak entzungo ditugu: Kontakatilu, Aske maite eta Gatza, besteak beste. Euskal Herriak alaitasuna aldarrikatu nahi duelako, Kilimaken runbak entzun eta ikusi ondoren festa dator, seguru. Ezer hoberik ez baita Bilboko Aste Nagusiari agur esateko gorputza dantzan jartzea baino, alaitasunez bizitzea, gozatzea eta… rumba euskaraz ezagutzea.
Parte hartzen duen protoko-ekitaldiez gain, Bilboko Udal Txistulari Bandak orain gutxi, abuztuak 20, Areatzako Kioskoan ere jo zuen “Goazen erromeriara” izeneko kontzertuan, Bilboko Udal Musika Bandarekin eta Basurtuko Beti Jai Dantza Taldearekin batera.
Azpimarratu beharra dago, Txistularien Alardea, Aste Nagusiko ikuskizunik jendetsu eta herrikoienetako bat dela Bizkaiko Txistularien Elkarteko Bilboko Ordezkaritzak Areatzan antolatzen zuen garaitik, bertan.
2005. urteaz geroztik, Bilboko Udal Txistularien Banda da ikuskizun honen arduraduna eta urte guzti hauetan zehar, hainbat artista gonbidatuk parte hartu dute bertan, adibidez, Kepa Junkerak, Los Cinco Bilbaínosek, Imanol Urkizuk, Gozategik, Zigor Sagarnak, Niko Etxartek, Gorka Sarriegik, Korrontzik, Xabier Solanok eta Alex Sarduik besteak beste.
Bilboko Txistularien alarde ikusgarriak amaiera bikaina emango dio 2024ko Aste Nagusiari