Bilboko Aste Nagusia Kultur Ondarearen Altxor

Marijaia, Bilboko jaietako ikurra. CC-by Jkarteaga.

International Bureau of Cultural Capitals delako erakundeak antolatutako ekintzek kultura zabaltzea dute helburu. Honetarako, zenbait nazioarteko erakunderen laguntza izan ohi dute: Europako eta Latinoamerikako Parlamentua, Ameriketako Estatuen Erakundea, Brasileko Kultura Ministerio Federala…Bulego honek Ameriketako, Kataluniako, Brasileko, AEBetako… kultura hiriak sortu ditu dagoeneko. Orain, estatu espainiarreko kultura hiria sortzeko prozesuan murgilduta, ondare immaterial garrantzitsuenaren artean gustukoena bozkatzeko eskatu die herritarrei. Parte hartze nabarmen baten ostean Bilboko Aste Nagusia, 14.027 botorekin, lehen postuan lotu da. Atzean, harritzekoa bada ere, San Ferminak, Donostiako Danborrada, Bergako (Katalunia) Patum eta Elx-eko Misteri beste askoren artean. Harritu egin nauela diot, azken batean, 31 urteko historia baino ez duen jaia delako -1978.ean ofizialki sortua, nahiz eta aurrerago ere, data horietan, zirkua eta abarrak hurbildu ohi ziren On Diegoren hiribildura-.

Datu horrek San Ferminetako historia luzearekin konparatuz ezdeusean uzten du Marijaia -31 urteko gaztetxua-, eta Donostiako Danborradaren hasierak ere gogoratzeko orrialde asko bota behar ditugu atzera Historia liburuan. Gainera, Patum eta Misteri jaiak Gizateriaren Ondare Kultural izendatu zituen UNESCOk, beraz, gaitza da ulertzea Bilboko Aste Nagusiaren bat bateko garrantzi kulturala.

Ondare Kulturala, UNESCOren arabera, “gizataldeek beren kulturaren parte bezala onartzen dituzten usadioak eta espresiobideak dira. Belaunaldiz belaunaldi transmitituak, gizataldeak islatu egiten ditu kulturaren parte horiek identitatea sortu arte”. Hauxe irakurrita gehiago harritzen nau Aste Nagusiaren garrantziak, ezin baitezaket ahaztu, Euskal Herriko Txistua 13. posizioan geratu dela. Ez dauka horrek identitate kutsu handiagoa? Euskaldun askoren ezkontzetan ez al da txistua entzuten eta aurreskua dantzatzen? Agian neure sendia arraroa izango da eta gainontzeko euskaldunek Marijaia jartzen dute ezteia ospatzen duen alkate edo abadearen laguntzaile.

Isabel Sánchez Robles, Bilboko Jaietako zinegotziak, pozik agertu da hauatzen honek “geure jaien eredua balioztatzen duelako”.

Kazetaria.