"BILBOKI", Cafe bar Bilbao-k antolatutako antzerki zikloa.

MjMyMA==

Euskarazko antzerkia bultzatzeko asmoz, Bilboki egitasmo berria jarri du martxan Cafe Bar Bilbaok, Bilbo Zaharra Euskaltegiaren laguntzarekin. Ziklo honi esker, bi hilabetetan behin formato txikiko euskarazko emanaldi bat ikusi ahal izango da Plaza Berrian.

Café Bar Bilbaok beti izan du lotura berezia antzerkiarekin. Izan ere, Bilboko Plaza Berrian kokatuta dagoen taberna enblematiko honek teatro-gidoi lehiaketa bat antolatzen du urtero, iaz zazpigarren edizioa burutu zelarik. Datorren urtean, Café Bar Bilbaok 100 urte beteko ditu eta hau bezalako beste ekimen batzuekin ospatzeko asmoa du.

Maiatzaren 20an Gilkitxaro taldeak zabalduko du Bilboki saila, 8 BEGI antzezlanarekin. Bilbon lehenengo aldiz erakutsiko den obra hau kafe-antzerki giroan eta erritmo bizian gertatzen da. Ane Zabala eta Galder Pérez aktoreak taula gainean arituko dira zenbait eszena eta esketx egiten, umorearen eta irudikeriaren bidetik beti ere, publikoarekin harreman zuzena mantenduz. Azken urteetan Gilkitxaro Honolulu, leku bat eta Mirande Kabareta lanak antzezten ibili da. 8 begi antzezlana aurreko bi obretako osagaiak uztartzen ditu, lehenengoaren kutsu komiko-poetikoa eta bigarrenaren kabaret giroa. Lanaren abiapuntuan, XX. mende hasierako Alemaniako kabaret giroan Karl Valentin idazleak taularatutako zenbait testu daude.

Egitarauak maiatzaren 26an jarraituko du, Oier Guillán-en Herio Heroi antzezlanaren irakurketa dramatizatuarekin. Gidoi honek “Café Bilbao Teatro-Gidoi Saria” irabazi zuen iaz. Herio heroi, antzezlana egoera absurdo batetik abiatzen da eta, umore oso berezi batez, gaur egungo gizartearen hainbat jarrerari errepasoa ematen dio. Zprist eta Gelnst anaia umezurtzen istorioa kontatzen da bertan. Etorkizuneko Euskal Herriko uneren batean bizi dira, egoera oso berezian: hildakoek usteltzeari utzi diotenez, bizirik daudenek haien gorpuekin egin behar dute elkarbizitza. Halako batean, ezagutu ez duten aitaren gorpuaren kargu egin beharko dute anaiek. Oier Guillánek berak parte hartuko du irakurketa dramatizatuan, Ainhoa Alberdi, Amaia Corral eta Ainara Gurrutxagarekin batera. Musika Ander Fernandezek jarriko du. Udazkenetik aurrera, Bilbokik programazio jarraia eskainiko du.

Emanaldi guztiak Euskaltzaindiak Plaza Berrian duen egoitzan egingo dira, arratsaldeko 7.30etan.

MjMyMg==

Irudia | BILBOKI | Cafe Bar Bilbao | Creative Commons By SA
Irudia | BILBOKI-gilkitxaro | Cafe Bar Bilbao | Creative Commons By SA

Antzerkia, umorea, euskaraz.