Bi urtez geuretik sortutako kultura Euskal Herrian zabaltzen
Bi urtez geuretik sortutako kultura Euskal Herrian zabaltzen –
Geuretik Sortuak egitasmoaren lehen edizioaren bitartez 5.500dik gora ikusle bildu dituzten 130 inguru antzerki emanaldi, 26 liburu aurkezpen eta beste hainbeste film emanaldi antolatu dira, Euskal Herriko hainbat herri txiki-ertainetan.
Oharraren amaieran topa dezakezue ekimenak ekarritako sentsazioak, harremanak eta sormena modu bikainean laburbiltzen dituen Hamaika Telebistaren bideoa.
Amaitu da dagoeneko, ofizialki, Geuretik Sortuak kultur ekimenaren lehen edizioa, nahiz antzerki eta film emanaldi solte batzuk oraindik egiteke gelditzen diren. Sormen-beka, egonaldi artistikoa eta emanaldi zirkuitua barnebiltzen zituen funtzio anitzeko egitasmo honek bost zinegile, bost antzerki konpainia eta 16 idazle izan ditu protagonista; euren lanak garatzeko mihisea, aldiz, 26 nukleotan bildutako 39 euskal udalerri izan dira.
Orotara 130tik gora antzerki emanaldi, 26 liburu aurkezpen eta beste hainbeste film aurkezpen egin dira 2022. urtean zehar Geuretik Sortuak-en baitan. Tartean euskal kulturaren irismena zaila duten zenbait eremutan kokatzen diren Euskal Herriko udalerri txiki eta ertainetatik igaro den zirkuitu honek 5.500dik gora ikusle bildu ditu denera. Erraz esaten da; ez, ordea, exekutatu. Lehen edizio bat izateko, dimentsio erraldoietako ekimen bat aurrera ateratzea lortu du Udalbiltzak, nahiz ezingo zukeen egindakoaren laurdena egin bidelagun izan dituen horiek gabe: 39 udalerrien konpromisoa, Hamaika Telebista komunikazioan, Dijitalidadea literaturaren edizio-lanetan, Adabaki filmaren ekoizpen lanetan, Uhina antzerki emanaldi zirkuituaren teknika lanetan, edota Errigora/Agerraldia egitasmoa Nafarroa erdigunera eta Goi Erriberara proiektua eramateko sustapen lanetan, besteak beste.
Proiektuaren lehen edizioak euskara hutsean sortutako 26 sormen lan garatzen lagundu du azken bi urte hauetan: Hamazazpigarrenean Aidanez izeneko 16 ipuinez osatutako eta bi tomotako bilduma, bost film laburrez osatutako Bost Teilatu filma, eta bost antzezlan. Deialdi publiko bidez hautatutako 26 sortzaileek 2021. urteko hainbat hilabete izan zituzten esleitu zitzaien udalerrian hiru astera bitarteko egonaldia egin eta, bertako errealitatean modu askean inspiratuta, alor ezberdinetako obra bana sortzeko.
Udalbiltza jada martxan da bigarren edizio baten prestaketan. Artistentzako beka deialdia hilabete honetan bertan, urrian, ateratzea da asmoa. Proiektuaren bigarren edizioak 2023. eta 2024. urteak hartuko ditu.
Hemen ikus daiteke lehen edizioak ekarritako sentsazioak, harremanak eta sormen lana modu bikainean laburbiltzen duen Hamaika Telebistaren bideoa.
Bitartean, Berri Txarrak taldearen esaldia gogora ekarriz: ez dadila (euskal sorkuntzaren) haria eten!
Bi urtez geuretik sortutako kultura Euskal Herrian zabaltzen