Bi liburu erraldoi, zenbaki hutsetan
Garai ona da uda sasoia irakurtzeko plazerraz gozatzeko. Hamaika liburu irakurtzeko tartea izango duzu, ez bada bi erraldoi hauek leitzeko erronka hartu duzula. Bai, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? eta Ramon Saizarbitoriaren Martutene liburu jiganteak dira. Zein baino zein luzeago. Biek jaso dituzten loreek ez dute lanen kalitatea zalantzan jartzeko aukerarik uzten. Halere, gogoa behar da tamainako liburuak irakurtzen hasteko. Lehen orria noiz irakurtzen den jakina da, ezin sumatu ordea noiz amaituko den.
Jarraian ez duzu aurkituko gomendio literario bat, ezta kritika edo gogoeta bat ere. Zenbakiak dituzu ondoren, liburuak fetitxe bihurtuta: Moroak gara behelaino artean? eta Martutene. Gomendio bila bazabiltza, jo zure lagun batengana edo irakurri sarean bolo-bolo dabiltzan kritikak. Zenbaki hutsak dira hauek.
Lehen begi kolpean, 3 zenbaki esanguratsu sumatzen ditut faltan. Lehen biak: hizkien tamaina (hizki tipoarekin batera) eta lerro kopurua orrialdeko. Bi datuok eragin zuzena izango lukete irakurketa orduen kopuruan.
Bestela ere, nola neurtzen da hori? Norbaitek bere burua kronometratu egin du? Ez liburu osoa irakurtzen, naski. Liburuko orrialde “normal” batzuk, irakurketa erritmo “normal” batean… Bataz besteko bat atera, orrialde kopurutik biderkatu…
Nolanahi dela, eleberrian 35 orrialde orduko ateratzen da, eta entseguaren kasuan, ia 33 orrialde orduko. Dortoka konplexua sartu zait: nire martxan, horien erdia ere ez naiz gauza irakurtzeko.
Edo, bestela begiratuta, erbi martxa horretan arnasarik gabe geratuko nintzen 2 orrialde irakurri orduko. Eta 2 orrialde horiek berriro irakurri beharko nituzke, liburuaren hariari behar bezala jarraitu nahi banion.
Faltan sumatzen dudan hirugarren zenbakia argitalpen urtea da (2012 eta 2010, hurrenez hurren). Beharrik, 2011ean Joan Mari Irigoienek ohi baino lan arinagoa atera zuen (300 orrialdekoa), Anjel Lertxundik ohikoa azken urteotan (242 orrialde), eta Atxagak atsedentxo bat eman zigun. Bestela, dortoka honek amore emango luke, betiko, ezinbesteko euskal bibliografiaren martxari jarraitzeko lasterketan.
Zure aginduak ahal den neurrian beteta. Letra tamaina ezin asmatuta. Irakurketa orduak: estimazioa eginda, baina okerra dela dioen lehena ez zarenez, zirriborratuta hobe.
MARTUTENE irakurtzerakoan saiatu nintzen kronometroa erabiltzen, baina egia esan behar badut, hasieran zintzo ibili arren, azkenerako ahaztu egiten zitzaidan trastotxoa behar bezala piztea eta ezin izan nuen kontua ondo egin. Hala ere, esango nuke, azkar xamar ibilita, ezin dela MARTUTENE 50 ordu baino gutxiagotan zintzo irakurri…
Zenbaki artean gabiltzala, agian letra tipoa eta tamaina seinalatzea baino hobe litzateke zenbatzea zenbat karaktere dauden lerro bakoitzeko. Horrela ez genuke zertan kontutan hartu marjinak.
Egin nahi baduzu, zenbatu, noski (ez da agindua).
Sarriren liburu zabalagoa da (ia zentimetro bat gehiago, ez da gutxi), eta seguru lerroek karaktere gehiago dituztela. Eta ez da gutxi 2 lerro gehiago edukitzea orrialde bakoitzak. Gainera, saiakeretan elkarrizketa gutxi egoten dira, edo batere ez.
Modu horretan konpentsatzen da, gutxi gora behera, pisuan dagoen alde handia. Azalen pisua kontutan hartu gabe, Sarrirenean 100 orrialdek 186 gramo pisatzen dute, Saizarrenean 158 exkax. Zelulosa gehiago (orrien zabaleran eta lodieran), baina antzeko “txitxia” (testua), finean.
Prezioa ere antzekoa: 21’95 eta 21’88 euro kiloko.
Bolumenean bai badagoela aldea: 1544’4 eta 1753’9 zentimetro kubiko. Eta gero eta leku gutxiago izaten dugu etxean.
Kontuak kontu, pena da datu esanguratsuena airean geratzea: zenbat irakurketa ordu eskatzen dute liburu horiek? Nobelaren kasuan, jarraitasun batean (saiakeretan bai zatika egin daiteke). Konparaziora, urtebetean euskal literaturako 14 liburu (1 hilabeteko eta 2 extra) irakurri nahi dituen irakurle bati.
Ez ahaztu Sarriren liburuak badituela oinohar eta bibliografiaz betetako berrehun orrialde inguru.
Letra tipoak aipatuta, derrigorrez, amaitu berri dudan liburua aipatu nahi nuke: “Twist”. Harkaitz Cano. Susa (2011ko abendua): 432 orrialde.
Liburukote honek bete du hunkitzen/gustatzen zaizkidan liburu bakan batzuek sortarazten didaten paradoxa: irentsi egin dut (agudo irakurri dut beraz), baina gatibatu nauen era berean, mantsoarazi dut irakurketa-erritmoa, gozamena-edo amai ez zedin eta lerro zein lerroarteko guztiak nereganatzeko. Kronometroa alferrik, hortaz.