Bi esaldi

Tierische liebe

Zakurrek beldurra ematen didate. Ez bakarrik zakur handiek edo arraza arriskutsukoek, baita txiki-txikiek ere. Egia erran, zakur guziek izutzen naute –zakur erraldoiek eta zakur ñimiñoek, dobermanek eta ur zakurrek, zakur polit dotoreek eta arratoiekin eginiko esperimentu baten ondorioa iduri dutenek, rottweilerrek eta chihuahuaek, muturrekorik gabe itxura txarreko gizon gazte oldarkor baten ondoan joaten direnek eta atsoek altzotan eramaten dituztenek–. Pintto zen beldurrik ematen ez zidan zakur bakarra, gure zakurra zen-eta (tira, hobeki erranda, emaztearen familiak baserrian zuen zakurra), baina harekin ere jostetan aritzen nintzelarik, gezurrezkoa izaten zen nire lasaitasuna, trankil egoteko planta egiten nuen, beti erne egoten bainengoen ea noiz eginen zidan salto gainera, lepoa hozkada batez urratzeko asmoz.

Familian diote, ttalla nintzelarik, zakur batek aurpegira egin zidala sainga, ustekabean, eta harrezkeroztik trauma izugarria gelditu zitzaidala. Nik, ordea, susmoa dut hori familian asmaturiko mitoa dela, nire koldarkeria lotsagarria justifikatzeko, zeren, egia aitortzeko, munduko gainerako animaliekin ez baitut ausartago jokatzen. Pinpilinpauxak dira maite ditudan izaki ez-arrazional bakarrak, betiere hegalak, erasotzeko asmo nabarmenarekin, sobera fuerte inarrosten ez badituzte.

Gustuko ez baditut ere, zakurrek inportantzia handia izan dute nire bizian. Zakur bati esker paratu zizkidaten antiojoak –“harri marroi hartaraino lasterka joanen naiz”, erran nien behin gurasoei, baina, haraino ailegatzen ari nintzelarik, hara non harria bizidun bihurtu eta sainga egin zidan–, eta zakurrei dago lotua nire xalotasunaren akabera –zakurrak eta jabeak karrikan elkarrekin ikusten nituen aldioro, uste izaten nuen gizakiaren eta animaliaren arteko adiskidetasuna ospatzen ari zirela, munduko izaki ororen arteko harmoniaren erakusgarritzat jotzen nituen nik paseo haiek; are inbidia pixka bat ere ematen zidan gozamen hutsa iduritzen zitzaidan ikuskizun hark: egiaz jabetu nintzenean, jendeak zakurra ateratzen duela honek kaka egin dezan jakin nuen egunean, orduantxe akitu zen nire haurtzaroa–.

Edonola ere, gustatu ala ez, inguruan izan ditut beti zakurrak, eta izuak zorrozturiko nire behaketari esker erraten ahal dut badirela bi esaldi, normalean zakurren jabeek gaizki erabiltzen dituztenak. Lehendabizikoa, nire kastakoak lasaitzeko erabiltzen dute. Zakur baten jabeak sumatzen badu haren animaliarengandik aparte gelditzen zarela, ohartzen bada ez duzula behar adina laztantzen, hitz batean, piztiari beldurra diozula antzematen badizu, berehala erranen dizu: “Egon lasai, ez du hozkarik egiten”. Ez nuke pedantea izan nahi, baina, nire ustez, lau solas horiek –“ez du hozkarik egiten”– ahoskatzen dituena zientzia enpirikoak froga dezakeena baino aise haratago joaten da, eta, adieraztekotan, iritzi bat adierazten ari da, inolaz ere ez egia. “Ez du hozkarik egiten” horrekin, egiatan, “ez dizu hozkarik eginen” erran nahi baitu, eta hori igarlearena egin eta etorkizuna asmatzea da. Ordura artio izandako esperientzia modu zientifikoan bildu nahi izatera, zakurren jabeek hauxe erran beharko lukete: “Orain artio, ez du hozkarik egin”. Etorkizuna erresuma ezezaguna baita.

Bigarren esaldia zakur urduriekin erabiltzen da, ikusi bezain fite aitzineko hankak paparrean paratzen dizkizuten horiekin –zuk puxikako edukiak ez isurtzeko eginahal guziak egiten dituzun bitartean–, zure inguruan saingaka eta saltoka aritzen diren horiekin –daldaraka ari zaren bitartean–, zu ezagutu eta minutu batera zure mazelak milikatzeko prest dauden horiekin –zu kobrarena egiten saiatzen zaren arren–. Horrelakoetan, jabeak, grazia handiz eta bere ahutzekin noiznahi irentsiko zaituen piztia hura geldiarazteko zirkinik egin gabe, erraten du: “Lasai, jostetan aritu bertzerik ez du nahi”. Eta orduan, haurtzaroko bertze gezur bat atzematearekin batera –ez, zakurrek ez dute begi bat ixten jolastu nahi badute–, gustura botako zenioke arrapostua: “Bai, zakurrak bai, baina nik ez”.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.