Bertako bertakoentzat

Bertako bertakoentzat –

Amatiñok bere blogean.

Oihan Vegari jaramonik egingo badiogu, bost hitzetan laburtu omen daiteke ´Bretxa 1813. Donostiako sutea´ deitu musikala: “Hona zer den gure Donostia”. Ondo dago jakitea, amaieran adierazitako azalpena bada ere. Kontua da, ordea, ikuskizunaren ahalegin kementsua zalantzan jartzeke, Donostia hori baino nabarmen gehiago ez ote den…

“Bretxa 1813 – Donostiako sutea” ez da lehena. Ikaragarriak gero, parerik gabekoak, Valen Moñuxen ardurapean Bergarako Antzerki Musikalak aurretik ere burutu izan dituen sekulako ikuskizunak, orain 30 urte inguru “Miserableak” ekoiztu zenetik hona.

Bertako bertakoentzatEzin uka, kristoren lana dela, mortala, ehundaka aktore, kantari, dantzari eta musikari amateurrez (neskato-mutikoak ahazteke) hain ikuskizun musikal galanta osatu ahal izatea. Eta txapela kentzeko modukoa, berriz, honelako muntaiek behar izaten duten ekoizpen garaua, bastidore arteko berrogeitaka teknikariren ahalegina tarteko.

Jakinekoa, Valen Moñux eszenografoaren eta Oihan Vega musikariaren zuzendaritzapean moldatu eta egokitutako musikal hau “La brecha” (Toti Martinez de Lezea, 2006) nobelan kokatua dela, 1813 urtean Donostiak jasan zuen suntsipenaren inguruan, hain zuzen. Oinarrizko testuak hainbat aukera eskaintzen ditu gai unibertsalak lantzeko (inperioen eta gizonezkoen agintekeria edo, emakumeak, bakezaleenak izan arren, gerren biktimarik handienak izatea), baina  beldur naiz Bergarako Antzerki Musikalaren eskaintza ez ote den arinegi eta luzeegi gertatzen, azken ordu erdian batez ere, nahiz neska-mutiko kantari-taldearen eta haurdun emakume dantzarien sekuentzia erabat adierazgarri suertatu.

Oihan Vegaren proposamen musikalak (konposizio berriak zein euskal folklore ezagunetik jasoak, edo beste hamaika esparrutatik hartuak) ez du aitzakiarik, baina audioak ez du maiz asmatzen, musikaren bolumen altuegiak kanten letra ulertezin egiten baitu sarriegi. Tristea da, gero, ingelesezko kantak jarraitu ahal izatea, azpidatziei esker, eta euskal kanten aurrean, ostera, ‘in albis’ geratzea.

Nolabait esateko,  kontrolik gabeko musika ozenaren diktadura horretan, eskertu (eta gozatu) egiten da Zubietako itunaren inguruko bertsoen ulertze gardena, baina, haatik, behar bezain ondo ahoskatzerik ezaz, erreferentziazko zenbait protagonistari ez zaio, ordea, gehiegietan ezer ulertzen. Auskalo norena ote den akatsa, baina, zernahi delarik, ez da pasamisian uzteko moduko huskeria.

Zenbait donostiar sutsuri gutxitxo iruditu arren, nago,  Toti Martinez de Lezearen nobela gogoan duen musikal honi sobera zaiola horrenbeste danbor-hots eta danborrada-giro, eta, trukean, ondo letorkiola Bergarako ilustrazio apurren bat gehiago.

Donostiako Victoria Eugenia antzokiko estreinaldian harrera ona izan zuen musikalak eta ikusentzuleen agur txalotu hobea.

Bertako bertakoentzat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.