Benitoren ondarea

Benitoren ondarea –

Euskal Herriko kantarion artean inork utzi baldin badu aztarna bere kantuekin, hori Benito Lertxundi izan dugu, eta bidean, atzetik gentozenontzat erreferente izan dugu Orioko kantaria.

Benitoren ondarea
Arg: Oscar Lopez

Herriak bere gain hartu izan ditu kantu oro, eta han-hor-hemen, zenbat kantu euskaldunon bihotzetan barneratuak, zenbat oroimen, hirurogei urte luzek ondo ematen dituen zenbat une gozo. Berean tematia izan dugu Benito, egoskorra, norabidea ondotxo lerrotuta zeukana: betiere, argi zeukan nora joan eta nondik jo. Pentsatua zeukan hartatik mugitzea zaila baitzen.

Esan beharrik ez dago Benitoren kantuak entzutetsuenak eta kantatuenak izan direla euskaldunon artean, eta euskara izanik abiapuntu eta helmuga, gure hizkuntzaren sustraietan mugitu izan da nonahi eta noiznahi, Euskal Herrian eta  Euskal Herritik kanpo ere hegan librean joan izan dira bere kantuak. Azpimarratzekoa baita bere kantuek euskararen bidean jarri izan dutela erdaldun ugari.

Gogoan dut neure nerabe aroan, Arratiako Areatzan, igande eguerdi batez etorri ziren kantariak, beraien artean Benito, eta mutiko koskorra ni, ume-umetatik kanturako gogo eta joerarekin, eta bertan beraiek entzutean piztu zitzaidalakoan kantaria izateko gogoa eta grina. Garai haietan, kantaldi pila aurkezten ziren eguerdi aldean. Geroan, gaztaroan, hainbatetan elkarrekin ere izan ginen. Ez ditut ahaztekoak, Mairulegorreta kobatako kantaldi jendetsu haiek,  Donostiako Belodromoko 24 ordu, Urkiolako zelai berdetako milaka lagunen arteko hura, han ere milaka jenderen artean, mendian larrartean kantu lasaiak eta patxadatsuak eskaintzen eta atzetik gentozen gazteoi paso emanez, «lasai, orain datoz zalapartari horiek eta».

Inoiz aipatu ere egin diot Benitori, Bakion izandako kantaldia, Xeberri eta biok lehen zatian, giroa berotu eta han frontoi gainaldean ikurrina haizetara zebilen une hura, Benito prestaketetan eta etenaldian hara non zetozen hamalau bat grisen jeepak, Gernikatik zetorren Hidalgoren konpainia ezaguna. Hango zaratotsak eta arineketak… frontoia berehala hustu zen, eta bertan gugana hurreratuz, guardia zibil batek non diotson Benitori, «oye, rubiales, haz el favor de bajar aquel trapo de mierda», eta Benitok, «yo no, yo no lo he puesto». Eta segidan, belarritik hartu, metraileta buru gainera apuntatu eta hara non behartu zuten gure Benito. Komisariatik pasatu behar izan zuen deklaratzen.

 Aspaldiko gauzak hauek guztiak, horien aurrekoak ere hainbat izango ditu kontatzeko eta kantatzeko Benitok, Ez Dok Amairuren sorrera hartakoak. Dena den, izan dira, nola ez, berri pozgarrizko une lasaiak ere, eta Benitok berean jarraitu izan du, euskal kulturari eta, jakina, kantuari bidea irekitzen, bihotzak pozten eta sugarra pizten. Garen hori guztioi pentsarazten.

Gogoan dut neure gaztaroan entzuten nuen Jesus Quintero El Loco de la Colina, hark ere gustuko zuen Benito, eta kanpokoek ere gogoko hartzen zituztenean gure kantuak, poz-betean jartzen ginen.

Sakonak eta gustagarriak, sentimenduz josiak izan dira Benitoren kantuak eta kantatzeko modua bera ere. Bada gure artean Leonard Cohenen itxura hartzen dionik, ahots sendo hark markatzen duen eran.

Lagun dudan Jean Phocas soinu teknikari apartak zenbat disko Benitorenak grabatu ote ditu? Hasiera baten baxu-jolea ere izan zuen. «Beti gustatzen zitzaizkion tonu baxuak eta, hori bai, zenbat toma hartzen genituen bere ahotsetik gai baterako. Zorrotza zen gero». Ekoizpen lanetan ibili izan garenok sarritan aipatu izan diogu bideo grabazio sakon bat, elkarrizketa eta kantuak josiz grabatzeko, baina ez, ez dut uste inork lortu duenik, eta nik dakidalarik behintzat, eta oker ez banago, ETBk ez du bere kantaldi osorik grabaturik.

Berak ere inoiz aipatu izan du monje bizitza ere eraman izan duela. Oriokoa izanda, arraunlaritza maitez, itsasoari begira, hainbat kantu entzutetsu eman dizkigu, eta Bizkaitik Zuberoara, Nafarroa tartean delarik, bere lurralde maiteak gustagarri eta entzungarri izan ditu.

Txirrindularitza zalea dugu Benito; bizikletaz Aiarantz sarritan joaten omen zen eta, berak kontatua, hauts eginda zihoan egun baten, mutil gazte bat ziztu bizian pasatu zitzaiola, eta «Joango gara batera? Benga, motel, korri!…». Eta «joder korri», Benitok, «hori duk mutiko honen sasoia, nor ote duk ba hori!». Eta handik denbora gutxira non ikusten duen telebistan Euskal Herriko itzuli baten Alberto Contador txirrindularia, Aiarantz zuzian pasatu zitzaiona bera. Eta ziztu bizian doazenez bizitzako kontuak eta bizitza bera, ba, halaxe dio udazken kolore hauetan, zuzeneko kontzertuak ematetik erretiratzen dela; beraz, aurrerantzean, kantuek jarraituko dute herritarron gogotan eta bizi izandako une gozoek oroimenean.

Fruitu ugari eman izan dituen hazia dugu Benito. Bere hasierako garaian, aire landu berria ekarri zion euskal kantagintzari, eta hartan jarraitu izan du, nolabaiteko perfekzioaren bila, jendearen bihotzak mugiarazten. Doinuari hitzak ondo jositakoak izan dira Benitok kantatutako abestiak. Kantuak, nolabait, garaian garaiko historiaren isla izaten dira, eta ugari dira herritarrengan zirrara piztu dutenak, gure kantarion artean gehientsu kantatu izan direnak. Zorioneko hi, Benito, eta zorionekoak gu, hor haugulako beti tente, beti entzungai.

Guztiok ari gaituk zerbaiten bila, bilakariak gaituk eta, eta hi, «ohartu haiz naturaren taupadekin hoala eta ez habilela ezeren bila, ilun garaien asmatutako jainkoak kentzen habilela».  Berezkotasun izaeran hago sentipen minetan, euskal lurrean eta airetan, euskaldunon bihotzetan.

Benitoren ondarea  Benitoren ondarea  Benitoren ondarea  Benitoren ondarea

Musikaria, abeslaria. Zeanuri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude