Arte[faktua] 252: Bea Salaberriren ‘Mesfida zaitez’, emakumearen parte hartzea Iparraldeko borroka armatuaren testuinguruan
Arte[faktua] 252: Bea Salaberriren ‘Mesfida zaitez’ –
Bea Salaberriren Mesfida zaitez eleberria larunbat honetako Artefaktua saioko mintzagai nagusia. Ilaski Serrano eta Salaberri Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateko Florence Delay liburutegian elkartuko dira Elkar argitaletxearekin plazaratu duen nobelaz hitz egiteko. Izenburuak laburbiltzen du narrazioaren hasieratik bukaerarainoko giroa. Izan ere, egileak, Iparraldeko borroka armatuaren garaian kokatu du bere eleberria, Baiona Tipian, garai horrek iraun zuen pare bat hamarkaden testuinguruan. Laurendia izenekoa da nobelako pertsonaia nagusia, landa eremutik hirira, eta kultura batetik bestera bidaia egingo duen emakumea. Protagonista emakumea izatearen hautua egin du Salaberrik literaturan nahikoa baztertua izan delako haien parte hartzea egoera politiko horren testuinguruan. Idazlearentzat garrantzizkoa izan delako jende xume eta ez heroiko baten egunerokoaren lekukotasuna aipatzea, bere argi, iluntasun eta isiltasunekin ulertzeko zerk motibatzen duen pertsona bat engaiamendu pertsonal eta kolektibo batera.
Euskal filologoa da Bea Salaberri idazle baxenafarra, eta lanbidez irakaslea Ipar Euskal Herriko AEKn. Baionak ez daki narrazio liburuaren ondotik eman du argitara aipatu Mesfida zaitez. Horretaz gain, Irakurgai mailakatuak ataleko bi lan ditu plazaratuak Elkar argitaletxearekin: Baiona, eta Oihenartea ez hunki.
Biblioartea atalean, berriz, Oñatin dagoen Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean izan da Artefaktua, Selma Huxley Barkham ikerlari eta historiagile ingelesak bertan aurkitu baitzituen San Juan baleontziaren presentziaren lehendabiziko aztarnak eta, horrekin lotuta, haren hondoratze lekua, besteak beste. Artxiboko Ramon Martin aditua izango da horren guztiaren berri emango duena.
Usurbilgo Emakumeon etxeko arduraduna den Ainara Diaz Azpioleak Eider Rodriguez idazlearen Eraikuntzarako materiala eleberria aukeratu du irakurtzeko gomendioa egiteko.
Hori guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en.
aurreko saioan…
Arte[faktua] 251: Itxaso Martin Zapirainen ‘Puntobo’, puntua egitea bizibide eta salbazioa denean
Arte[faktua] 252: Bea Salaberriren ‘Mesfida zaitez’, emakumearen parte hartzea Iparraldeko borroka armatuaren testuinguruan