Bazterreko ibilbideak

Bazterreko ibilbideak –

Bazterreko ibilbideak
Ramon Mas.

Inventari d’afinitats (Kidetasun inbentarioa) liburuko hondarreko kapitulu motzean, Ramon Masek luzeago iruzkindu nahiko zituzkeen hiru liburu aipatu dizkigu: lehendabizikoaren izenburua ez dut hona ekarriko –zein den jakin nahi duenak irakur dezala liburua–; Miquel Creus-en Òpera Àcid da hirugarrena, baina bota dizkion loreek –“bere orrialdetarik haratago joan den liburua, nire biziaren parte bihurtzeraino”– pittin bat kezkatu naute, Creusena irakurria baitut eta ez zitzaidan bereziki gustatu. Bigarrenak, berriz, kezkarik ez, poza eman dit, Masen ibilbidea akitzen den puntuan hasten baita nirea eta, horrela, bai baitut testu honi sarrera emateko ate erretorikoa: urte batzuk dira Miquel Àngel Riera-ren La rara anatomia dels centaures (Zentauroen anatomia arrotza) ikusi nuela Jaume Gelabert lankide eta halere lagunaren mahai gainean. Liburuaren koloreak –berdeak– erakarri ninduen lehendabizi, azaleko marrazki finak geroago eta, hondarrekoz, izenburu misteriotsuak. Huraxe izan zen Males Herbes argitaletxearekin, Ricard Planasekin batera Ramon Masek sorturiko argitaletxearekin alegia, izan nuen lehen kontaktua.

Zientzia fikzioan edo, oro har, literatura fantastikoan dago espezializatua Males Herbes argitaletxea, eta, Edicions del Periscopik argitara emaniko Inventari honetan, editatzen dituen liburuak editatzera eraman duen bidea azaldu du Masek, baita, hein batean, idazten dituen liburuak idaztera eraman duena ere. Inbentario hau ez baita irakurri diogun lehen lana. Afores (2017an Edicions de 1984k argitaratua) irakurri genion duela urte pare bat, eta hark utzi zigun sentsazio ona berrestera etorri da iruzkintzen ari garen hau.

Azpitituluak dioen bezala, egileak tres derives, hiru deriba, hiru bide makur, hiru desbideratze deskribatu dizkigu 20. mendeko katalanezko literaturan barna. 20. mendean barna, baina 70eko hamarkadatik haratago joan gabe. Hiru ibilbide literaturaren kanonaren bazterretik, baita egile kanonikoak –hala nola Llorenç Villalonga edo Mercè Rodoreda– aipatzen dituenean ere. Katakonba moraletara eramanen gaitu lehendabiziko atalean, alegia gizakiaren alde ilunaren zaurian piko egin nahi izan duten egileen liburuetara; zientzia fikziora, bigarrenean, joan den mendearen hasmentan genero horretan Katalunian aitzindariak izan ziren hiru lanekin hasi –Frederic Pujulà-ren Homes artificials, Onofre Parés-en L’illa del gran experiment eta Josep Maria Francès-en Retorn al sol– Joan Peruchorenganaino, Aurora Bertrana-ren La ciutat dels joves-etik pasatuz; eta, hondarrekoz, literatura fantastikora emandako idazleak izan gabe, lan berezi eta sailkagaitzen bat idatzi dituzten idazleak ekarri ditu solasera Masek.

Zer den ezaguna eta zer ezezaguna, nork bere ezjakintasunaren talaiatik neurtzen du normalean; ezjakin naizen honendako, Masek aipatu dituen egile gehienak ezezagunak dira, eta horrek are liluragarriago bihurtu ditu kanonaren bazterretarik eginiko ibilbide hauek. Baina egile eta liburuen gaineko oharrak ez dira Ramon Masen liburu honek eskaintzen digun kontu interesgarri bakarra.

Sarreran –“Llegir a contrapèl”–, honako gogoeta honek eman dio hasmenta liburuari: liburu bat akitu ondotik edo akitzen ari garelarik, irakurriko dugun hurrengoa zein izanen den hautatzea, horra irakurle gisa hobekien definitzen gaituen ekintzetarik. Halako moldez non, “bizitzan irakurri dituzun liburuen zerrenda egiten baduzu, agerian geldituko baita, magiaz edo, zure nortasunaren mapa sekretua”. Gure gizartearen eta gu geronen isla da, Masen arabera, irakurritakoaren zerrenda; galdegin liteke, orduan –eta horrek bertze liburu baterako emanen luke– zeren isla den irakurri nahi izanen genituzkeen liburuen zerrenda; gainera liteke, orobat, gure nortasunaren mapa sekretua xeheago zehazte aldera ez ote genukeen gustuko izandako eta gustuko ez izandako liburuen zerrenda ere egin beharko.

Bazterreko ibilbideak
Males Herbeseko liburu bat

Irakurketa, irakurritakoaren zerrenda gure nortasunaren bilakabide edo deriba gisa. Masek bertze bi ohar, edo bi aitortza, egin dizkigu, hona ekarri nahi nituzkeenak. Lehendabizikoa, sarreran: egileak nahiko luke liburua idazle autodidakta baten ibilbide pertsonal eta badaezpadako gisa irakur genezan, nahiz eta deskribatzen dituen bideak filia pertsonaletarik haratago joan; “nire peregrinazioa mende berriaren lehen urteekin hasi zen, eta oinarrian zera zegoen, eskolan eta insitutuan irakurtzera behartu ninduten literatura katalanaren obra gehienekiko nintzen gazteak sentitzen zuen mespretxua”. Mespretxu horrek bulkatuta, zuzenean itzulpenetara egin zuen salto, ohartu zen artio katalanezko idazlea izatekotan, katalanezko erreferenteak beharko lituzkeela. Hortxe hasi zen bere bilaketa bigarren eskuko liburu-dendetan. Bigaren aitortza, berriz, lehen atalean dago: “Garai hartan, nire inguruan ez zen batere literaturazalea, eta hazi nintzen etxean ez zen libururik”.

Analisietan egiturazko baldintzak nagusi diren eta gaitz guzien errua eskolari egozten zaizkion tenore honetan, aski destenorean, aski bazterrean ari zaigu Ramon Mas: eskolako literatura gustuko izan ez eta etxean libururik ez zuen mutila sasi guzien gainetik bere bilakabidea eraikitzeko gauza izan da. Horren froga, Inventari d’afinitats hau, irakurleari –ni bezain ezjakina den euskal irakurleari bederen– bide zabal nagusietan ageri ez diren mundu berriak erakutsiko dizkio.

Egilearen bloga: DESTENOREAN

Bazterreko ibilbideak Bazterreko ibilbideak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude