Batzuetan gustu ematen dugu, zinez
Euskarazko kultura produktuak kontsumitzen ditugunok, ohituta gaude erlatibizatzera eta dagoenarekin konformatzera, kondena latz bat bailitzan. Esate baterako, badakigu Hollywoodek sortutako adineko filmerik ez dugula geure hizkuntzan aurkituko, edota nekez sortuko direla gurean beste hizkuntza handietan maiztasunez ezagutzen ditugun literatura lan oparoak.
Jakina salbuespen ederrak beti dira, eta ezein produktuk ez dezake lor askotan “geuretzakoagoa” izatea, geure hizkuntzan sortutakoak baino. Esan nahi baita, askotan hizkuntza berari esker sentitzen dugula beste inork senti ez dezakeen dardara berezia proposamen kulturaletan, dela antzerki, zine, literatura edo bestelakoetan.
Baina, oro har, kantitateak ekarri ohi du kalitatea eta gu gutxi gara, oso gutxi. Eta txarrak, oso txarrak, bai, behintzat, aspaldiko denboretan, ene irudikoz.
Kontsumitzaile arruntaren leku honetatik, nekez aurkitzen ditut aspaldiko denboren memorian, gozamen garbi-garbia eman didaten produktuak. Ene irudikotz, eta bereziki euskal letrei dagokionean, sikute moduko batean egon gara sartuta azken aldian.
Ez dakit umorea aldatu zaidalako izango ote den, edota zahartzearekin batera onberatzen ari naizelako, baina hasi naiz gauzak bestela ikusten, hiru gauza guztiz gustagarri aurkitu baititut azken egunotan, nigan zorion poxin bat bederen ernatu dutenak.
Bat da Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak izeneko eleberria. Ez nuke esango ikaragarrizkoa ekarria egingo dionik gure letren historiari, baina bada, zinez, nobela normal bat zentzurik garbienean: gustoz irakurtzen da, pisu handiko gai zehatza dauka, hizkuntza garden bezain delikatua darabil, xamurra da, berria da gure letretan, idazle beterano baten zentzuaz idatzita dago… etc.
Bigarrena, Rikardo Arregik Txomin Badiolaren GERRA AMAITU DA argazkiari buruz Volgako Batelarietan idatzitakoa da: artikulu benetakoa, patxadaz eta zentzuz eramana, begi zorrotz bezain garbien ikuskera adierazten duena eta, batez ere, inor gutxik gurean egin izan duen ariketa egitera ausartu dena: artelan batean zer aurki daitekeen erakusten digu eta zein interpretazio aberatsetara irits daitekeen norbera, kontenplazioari leku egin eta artea maitatzeko trantzean jartzen asmatzen dugunean.
Azkenik Jon Benitoren BULKADAK poemategiko lehen poema aipatu nahi nuke, HASTAPENA deitzen dena, hortxe geratu bainaiz oraingoz, aurrerago joan nahi izan gabe, poema neuretzat gorde eta bilduz, utzi nahi gabe, gehiago irakurtzeak poema honek eman didan poza pitzatuko didan beldurrez, dakidan arren, onenak barruan daudela zain-zain…
Honela dio lehen lerroak: “Historia nirekin hasten da.”
Honela azkenak: “Ez naiz lehena, nire aurretikoa da dena, / baina historia hau nirekin hasten da”.
Lehen poema batek ez dezake honek adina gogorik piztu geroagoko orriladeen promesan murgiltzeko. Desiratzen nago, eta aldi berean atzeratzen, liburua irakurtzeko unea. Zer gertaera hoberik irakurle batentzat!
Jonen poemak, Anjel Erroren beste esaldi gogoangarri hura ekarri dit gogora: “Oro errana da, baina ez nik“. Jonen aurretik ere mundua bazen, baina ez bere mundurik.
Ez naiz poeta, baina bai irakurle, eta esateko moduan nago orain neu ere: “Balekite, besteek ere nahi lukete guretik“.
Susaren argazkia?
Susak liburuak plazaratzen zituela bai, baina argazkiak egiten zituenik…
Neuk arrastoa jarraitu diot argazki zikiratu eta moztu horri, eta hara zer aurkitu dudan…
http://zarauzkoidazleak.org/?i=BenitoJ
Osasuna!
Hau Euskal Herri zoroa… hartu al duzu denbora bera liburuko poemak irakurtzeko?