Barrura Begiratzeko Leihoak
Itsasoaren Alaba eta Sagarren Denbora filmekin hasi zen trilogia betetzera dator Barrura Begiratzeko Leihoak.
Astelehenean erakutsi genuen lehen aldiz Barrura Begiratzeko Leihoak filmaren trailerra, Giza Eskubideen Zinemaldian eta gure webgunean aldi berean. Bost zuzendari ari dira lanean: Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Txaber Larreategi eta Enara Goikoetxea. Lanak oso aurreratuta daude, eta irailean estrenatuko dugu filma.
Barrura Begiratzeko Leihoak trilogia baten amaiera gisa ikus daiteke, Itsasoaren Alaba eta Sagarren Denbora-rekin hasi zena. Oraingo egitasmo honetarako Zinez Elkartea sortu dugu, ekoiztetxe lanak egiteko, betiere zinemagintza ulertu eta egiteko forma jakin bat bultzatzeko: zinemagintza apala, benekotasuna, gertutasuna eta gizatasuna dira gure ikuspegiaren gakoak. Hortik ere izena, zinez.
Egitasmoak “crowdfundinga” eta “crowdsourcinga” lantzen ditu baliabideak eskuratzeko, baina ez dugu ahalegin hori diru-bilketara mugatu: guretzako dirua bezain garrantzitsua da emanaldiak antolatzea eta emanaldi horietan zerbait kontatzea, filma emateaz gainera. Horregatik, gure emanaldietan zuzendariak edo protagonistak ere egoten dira, honetaz eta hartaz hitz egiteko emanaldira hurbiltzen den jendearekin. Egitasmoa diruz lagundu nahi baduzu, ordea, erraza daukazu: 20 €ko bonoa erosi, eta horrekin filma ikusteko txartela eta DVDa eskuratuko dituzu.