Barrikote eguna ospatuko da Igartubeiti Baserri Museoan
Barrikote eguna ospatuko da Igartubeiti Baserri Museoan –
Martxoaren 17an, 12:00tan barrikote festari hasiera emango zaio Igartubeiti baserri museoan. Publiko guztiari zuzendutako formatu anitzeko jarduerak antolatu dira egun osoan zehar, besteak beste, bisita gidatua, haurrentzako tailerrak, bertso saioa, trikitilariak, sagardo dastaketa eta zozketak.
Datorren Martxoaren 17an, Barrikote festaren XV. edizioa ospatuko da Ezkioko Igartubeiti Baserri museoan. Barrikote festa ziklo oso baten emaitza da, prozesu luze baten azken uzta, Igartubeitiko sagardoa dastatzeko eguna. Hori dela eta, egun osoan zehar jarduera desberdinak antolatu dira jardunaldi gastrokultural hau ospatzeko.
12:00tan haurrentzako Artiletik harira tailerra eskainiko du Sandra Clivillé artisauak. Deskubrimendu eta sormen tailer honetan, haurrek artile garbia kardatu eta haria egingo dute.
12:30tan, Baserritik mundura elkarteko Maider Zubikarai agronomoak, Andrea Goñi albaitariak eta Nekane Tomasena nekazariak, ordubeteko bisita gidatu berezia eskainiko dute Igartubeiti baserrian zehar, emakume baserritarrek egiten zituzten lanak nabarmenduz, pasa den martxoaren 8an Emakumeen Eguna izan zela eta.
14:00ak aldera bazkaria izango da, helduentzako zein umeentzako menuarekin, zopa, haragia saltsan eta pantxineta. Helduentzako menuaren prezioa 5,00 €takoa da eta haurrena 3,00 €takoa.
Bazkal ondoren, 16:30tan, Nerea Elustondo eta Maialen Akizu bertsolariek ordubeteko bertso saioa eskainiko dute baserrian. Gaijartzaile lanetan Eresti Oiarbide arituko da. Emanaldian zehar, emakumeek baserrian izan duten presentziari lekua eskainiko zaio, garai zein egoera ezberdinetan bizi izan diren emakumeek burututako lanari esker ona adieraziz.
Bitartean, haurrek irudimena erabiliz, hitzekin jolas egingo dute Mihiluze tailerrean.
Barrikote irekiera 18:00etan izango da, Zumarragako trikitilariek zuzenduta. Sagardoa, gazta eta Bertatik Bertara produktuen dastaketa izango da. Ospakizun hau, prozesu luze baten, ziklo baten emaitza da. Sagardoa dastatu aurretik lan ezberdinak burutu behar izan dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, sagar uzta bildu, dolarean zanpatu eta muztioa kupeletan irakin.
Bertatik Bertarako bi saskien zozketa burutuko da bertaratutakoen artean.