Baleen lorratzean, Quebecetik Lapurdira (1609)
Baleen lorratzean, Quebecetik Lapurdira (1609) –
Montreal Quebeceko hiri handiena da, Société Notre-Dame de Montreal misiolari konpainia frantsesak sortu zuen hiria (“Ville-Marie”), bertako biztanleak kristautu eta bertan herrixka bat sortzeko. Ordurako, baina, euskaldunak aspaldi helduak ziren San Laurendi itsasadarrera. 2017ko udan, Wikimaniatik atera eta katalan batek eta euskaldun bik kontrako bidea hartu genuen ibaian behera Quebec Hiriraino. Samuel de Champlainek 1608an sortu zuen hiria, omena eta gorazarrea ez zaizkio faltan egun Quebecen. Aldiz, ez zen euskaldunen kuttuna; are, bertako biztanle innuek ez dute asko maite, engainatu omen zituen: Uepishtikueiau estuguneko lursail preziatuaren truke, agindu zien uzta oparoak ematen zituzten haziak ekarriko zituela ereiteko, eta horrek bi herriak elkarrekin elikatzeko lain emango zuela; noski, gerora jakin zenez, amarru bat baino ez zen, hala dio innuek gorde duten kondairak. Frantsesak, gainera, irokesen kontra borrokatzen laguntzeko promesa egin zien innuei.
Quebec Hiritik San Laurendiko ipar-ertzean zehar baleak zeuden tokira nahi genuen, autoz, baten bat ikusteko esperantzaz. Horretarako, Saguenay fiordoa gurutzatu beharra zegoen, haren bokaletik, eta luze gabe haren mendebaldeko ertzera heldu ginen. Ferryra baino lehen, ohartu ginen giroa narrasa zela, haizeak zakar jotzen zuela, itsasoa aztoratuta zebilela eta, behin ontziratuta, “kresala azalean”, haizea aurpegian… Ez zen bertan goxo egoteko tokia, ez horixe. Ferryak, baina, ti-ta garraiatu gintuen ekialdeko ertzera, Tadoussac herritik bertatik bertara, baina hara beharrean, fiordo ertzetik barrena sartu ginen autoz, beluga balea ikusteko esperantzaz. Asko eta on idatzi da euskal baleazaleez; Jon Maiaren Apaizac obeto liburu interesgarriak dioenez, 1611ko kaiera ingeles batek swri deitzen dio beluga bale zuriari. Guk ez genuen ikusi tamalez, beharbada uraren kutsadurak uzkurtuta zeudelako (edo orain moda-modan dugun turismoarekin gogaituta…).
Aterpe hartzeko ia dena hartuta egon arren, lortu genuen azkenean Tadoussacen lo egitea. Frantses-hiztunak dira oso herri horretan, baina euskara entzungo zen gehiago duela 5 mendetik gora. Bertan, San Laurendi itsasadarra 6 metroko gorabeherak izatera heltzen da, egokia inondik ere duela mende batzuetako euskaldunentzat, harrapatutako baleak lehorreratu eta zatikatzeko. XVII. mende hasieran, Tadoussac aipatzen da Champlainek Quebec sortu nahi zuen unean, 1608an, baita 1600an ere. Segur aski San Laurendiko euskal arrantzaleen postu aurreratuena zen Tadoussac; izan ere, bertatik aritzen ziren balea-arrantzan, eta ez dago urruti Euskaldunen Uhartea. Herrixka horretatik, aldameneko Saguenayko bokalera joaten ziren arrantzara, balea harrapaketarako toki emankorrenetako batera, Apaizac obetok dioenez.
2017an, Tadoussacen gu goxo geunden; 1608an, bertako euskaldunak gozoak jarri ziren jakin zutenean Champlainek Uepishtikueiau estugunean, geroko Quebecen, herrixka gotortu bat sortzeko asmoa zerabilela, eta frantses nabigatzailea lanean ere jarri zen urte horretako uztailean. Euskaldunak arrantzan ez ezik, larru-salerosketan zebiltzan innuekin, eta Champlainen ekimen horrek innuekin haiek zuten salerosketa zapuztuko zuen. Lehenago ere, XVI. mendean, lehia bizia izan zen frantsesen eta euskaldunen artean, Jacques Lacoursièrek bere A People’s History of Quebecen dioenez. Henrike III.a Nafarroakoak (IV.a Frantziakoak) lurralde horiek (“Kanada, Ternua, Labrador eta Norembègue”), Tadoussac bera, kolonizatzeko aginduak eta erraztasunak eman zituen, baina ahalegin guztiek huts egin zuten ordu arte.
Bada, 1608ko udan euskaldunek Champlain jo eta bertan hiltzeko konbentzitu zituzten haren zerbitzuko gizon batzuk. Zortea, baina, ez zuten aldeko izan, eta Champlainen kontrako konplota zapuztua izan zen; ondorioz, konspirazioan zebilen frantses bat, Jean Duval, atzeman eta urkatua izan zen ordainetan. Champlain, beraz, onik atera zen, eta bere omenezko estatuak non-nahi ikus ditzakegu orain Quebecen (ez zuten patu berdina izan, ordea, Quebec sortu berrian negu gorria pasa zuten bere 20 gizonek, eskorbutoak jota hil baitziren, argi dago euskal sagardorik ez zutela dastatu!). Guk, egun, 6-8 ordu behar ditugu Atlantikoko putzua igarotzeko; aldiz, euskaldun horien azken ‘inpertinentzia’ren albisteak artean hilabete pare bat joko zuen Parisera heltzeko.
1608ko abenduaren 10ean, Henrike III.a (IV.a…) erregeak Pierre de Lancre Lapurdira bidaltzeko lehen errekerimendua helarazi zion Bordeleko parlamentuari, eta hurrengo urteko pertsona-ehiza lazgarria denok ezagutzen dugu. Kasualitatea ala lèse-majesté delitua? (…) Orduko sugegorrien erreinuan, zaila ziztadarik gabe onik ateratzea, edo nork pozoia zabaltzen ez ikastea: beharbada Le bon roi, nafar leinukoa, ez zen horren ona.