#badon proiektua da KORRIKA-AEK Kultur sorkuntzarako bekaren irabazlea
#badon proiektua da KORRIKA-AEK Kultur sorkuntzarako bekaren irabazlea –
Proiektuaren “ordezkari” Olatz Salvador Zaldua eta Ines Osinaga Urizar izan dira gaurko aurrezpenean, eta bideo baten bidez, haiekin batera “arituko” diren gorputz konplizeen aurpegiak azaldu dira.
Oinarriek zioten bezala, urtarrilean amaitu zen proposamenak aurkezteko epea, eta, azken hilabeteetan, aurkeztu diren hamahiru egitasmoak aztertu ondoren, gaur epaimahaiaren esleipena ezagutu ahal izan dugu.
Oso maila oneko hamahiru egitasmo aurkeztu dira, eta epaimahaiaren lana zail-zaila izanik ere, AEK-KORRIKA oso pozik geratu da bekak izan duen harrerarekin. Hauek izan dira KORRIKA-AEK kultur sorkuntzarako bekan epaimahaiaren kideak: Maria Rivero, Amaia Merino, Aguxtin Alkhat, Yurre Ugarte eta Irantzu Lekue.
Azpimarratu dute aho batez hartutako erabakia izan dela; aintzat hartu dute proiektuak sorkuntza prozesuari emango dion garrantzia, sormen-laborategi kolektiboa sortuta. Ikuskizun bat egongo bada ere, harago doan proposamena dugu eskuartean, oinarri bat utzi nahi duelako aurrera begira lantzen jarraitzeko, markoak eraikitzeko eta prozesuak bultzatzeko. Hori gutxi balitz, orain arte ertzetan egon diren ideiak, ahotsak, gorputzak eta abar erdigunera ekartzeko proposamena egiten duelako.
#badon proiektuak diziplinarteko hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi bat da proposatzen du. Euskal literatura, musika, arte plastiko nahiz irudizko, antzerki, dantza eta bestelako adierazpenen inguruan gorpuztuko da bidea, artista garaikide desberdinek, disziplinen arteko zubiak eta elkarlanak bultzatuz. Euskal kulturaren transmisiorako egitasmo sendoak eraikitzea da erronka, horretarako eragile desberdinak saretzeko egiturak harilkatuz. “Gu egiten gaituen hori ez dela neutroa, iritsi zaizkigun kultur erreferentziek gizarteko botere harremanak islatzen baitituzte” aintzat hartuta, besteak beste, xedea du genealogia kulturala errebisatzea, zalantzan jartzea eta osatzea.
Adierazi zen bezala, AEK-k, KORRIKA kulturalaren bidez, lan bat sarituko du bi urterik behin; bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta, 23. KORRIKAtik aurrera, KORRIKA kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea. Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 23. KORRIKAko kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2023ko azarotik 2024ko apirilera, hain zuzen.
#badon proiektua da KORRIKA-AEK Kultur sorkuntzarako bekaren irabazlea