Badiouren politikaren biolentzia gosea. Imanol Lizarralderen ikusian

Badiouren politikaren biolentzia gosea. Imanol Lizarralderen ikusian –

Historiaren haustura hizpidera etorri zen jada atzean samar geratu diren nire artikulu batzuen harira. Haustura honelakoaren aldeko pentsamendu filosofikoen artean, Badiourena nabarmenetariko bat genuela pentsatu nuen nik. Konbentzimendu honek Badiouren pentsamenduan sartzera eraman ninduen, eta horren gaineko artikuluak ere Zuzeura ekartzera. Badiouren pentsamenduaren gaineko artikulu horiek agertu ahala, Imanol Galfarsororen iruzkinak etorri ziren, ezin interesgarriagoak izanda ere, beraiekin irizkide batere izan ez nindutenak. Bada, Garfarsorok eginiko iruzkin-kritika horietariko batean, Joxean Rekondo eta Imanol Lizarralderen pentsamendu-jarraitzailetzat jo ninduen azkenerako. Errealitatearen nondik norakoek ustekabe eta lausoki jarduten dute sarri askotan eta, kasu honetan, baliteke beraiekin bat egitea, nik erabat jakin gabe baina. Rekondori dagokionean, oso litekeena, ikusita, esku artean dudan Matxinada contra Auzolan liburuak dakarrrenarekin guztiz-guztiz bat egiten dudala. Imanol Lizarralderi  dagokionean, nire aldetik,  egia esatera, berririk batere ez. Nolanahi ere den, Galfarsori guztiz esker oneko natzaio zinez kontu honengatik hain justu. Izanez ere, berak eraman nau Imanol Lizarralderen lana ezagutzera, Teoría Francesa y estrategia del MLNV (1967-2015) liburu mardula bezainbat sakon eta aberatsa, zehazkiago. Imanolengandik Imanolengana egingo dut hortaz (doala txantxa moduan!). Bada, liburu honi zinez intereseko iritzi izanaz gain, honainoko artikuluetan zehar sorturiko eztabaidaren abstraktuegitasunari  “lur-hartze” nolabaiteko bat  eman diezaiokeelakoan nago, besteetan beste. Aurreko artikuluan, Badiourenetan eta bere “gertakizun”-ean errealitatearen filosofia gotor baten falta-edo sumatuta, Zubiriren errealitatearen filosofiaren kontrastean ber-balioetsi nahi izan nituen. Ur sakonegi eta abstrakuegietan murgildu nintzen, apika. Gaurko artikulu honetan baina, kontrako norantzan egin nahi dut, eta, filosofiak filosofia, Badiouk praxiari dagokioean zer dioen aztertu labur-labur.

Bada, aipatu liburu horretan eta berorrek baliatzen dituen ezin konta hala iturritan oin harturik, argi eta klar jarraiko hau aitortu behar dugu; Badiouren “gertakizunaren” filosofian, biolentzia ez da soilik gerta daitekeen ondorio bat, edota prozesu baten bilakaeran sorturiko albo-ondorio bat, baizik-eta egoera eta politika erabat iraultzaile baten berezko zerbait eta bilaturiko “iraultzailetasun”  delako horren berme eta baldintza:

Honalatsu laburbiltzen du Badiouk XX.mendeko balantze iraultzailea: “Berritasun subjektibo ezinezko batekin bukatzen ari da mendea, baina, halere, erepikapenerako itxaropena hor dagoela”. Bukaera delako hori baina, aritmetikoa baino ez da, garai batetik besterako jarraiko segidan, non iraultzaileek ere iraun duten. Honen harian, zera eratxikitzen digu Badiouk: “filosofia politiko bat garatzea aldarrikatzen duten horien guztien aurrean, guk hauxe dugu galdegiten: Zein da zuen egungo eguneko munduaren kritika? Zer benetan berri duzue eskaintzeko? edota, zer duzue zuek berritzailetik?. Badiouk, hartara, errealitatean bete-betean eragitea eskakizun eta aurrebaldintzatzat du bukaerarik gabeko historiaren legean jardungo duen politika iraultzaile bat ematen dela zirutatzeko…. Bestetik, bortxa iraultzaren bermea da. Zer modu egokiagorik errealitatean eragiteko “bortxa iraultzailea” baino! Derridak antzo, humanismoak gaitzesgarrien leritzekeen Marxen kontuak bere egiten ditu Badiouk. Badiouk biolentziaren gainean azalpen kliniko bat egin nahi du. Izanez ere, hau zinezko politika iraultzaile batetik banandu ezina da: “Iraultza ez da festa-afaria, aitortu zuen Maok: aurrekaririk gabeko ezin konta ahala gazte eta langileren abiatzea, adierazpen eta norbere burua antolatzeko ezagutu gabeko askatasuna, manifestazio erraldoiak, asanblada politikoak edonon, bukaerarik gabeko debateak, biolentziaren erabilpen anarkiko eta une orokoa, biolentzia armatua barne” (BADIOU El siglo,  88.  or.) in (LIZARRALDE, Imanol, Teoría Francesa y estrategia del MLNV (1967-2015), 370. or.)

Txinako iraultza kulturalari “ebento”, “gertzakizunetan” gertakizuntzat du Badiouk. Iraultza ez da inondik ere “festa-afari”, bortxa behar du koherentea izango bada:

Eta zer esan mila hilakoei buruz?, zientifikoen persekuzioaz? eta hain muturrekoa den bortxaz? Ordenaren iraulkatze errotikakoa ezin da mailaz mailakoa izan, ezin da progresibo eta bakezkoa izan. Ez dago bestela egiterik, beste eratara izaterik” (BADIOU El siglo,  88-89.  or.) in (LIZARRALDE, Imanol, Teoría Francesa y estrategia del MLNV (1967-2015), 370. or.) 

Gertakizuna, berau izango  bada, hau da, iraultzailea, ezin mailaz maila eta era baketsuan gertatu, herri mailako hizkeraz-edo esanda, tortila ezin da arrautzak hautsi gabe egin. Maorekin hitz eginda, gertakizuna ez dela “afari-festa” bat ondo adierazi du Badiouk:

Badiouk 70-80ko “terrorismo gorri” deituriko horren kontra dago, ahulegi edota helburu apalegiak izateagatik…Toscanok azpimarratzen duenez, egoera bat zinez eraldatzeko prest dagoen batek ezin dio inolaz bortxa erabiltzeari muzin egin, bere gaitasun politikoari eutsiko badio behintzat” (Alberto Toscano, “¿Se puede pensar la violencia?” Notas sobre Badiou y la posibilidad de la política (marxista). Revista Nómadas, Universidad Central, Colombia, nº 25, octubre 2006, p. 34) in (LIZARRALDE, Imanol, Teoría Francesa y estrategia del MLNV (1967-2015), 373. or.) 

Nolanahi ere, biolentzia  delako hori “batasun politikoa” asmo duen horren mesedetan bestetan ez da ulertu behar, eta gure egungo eguneko munduko baldintzak oso aintzat hartu beharko ditu. Egun ezarritako paradigma politikoaren aurrean, berorren aurka jardun nahi duten horientzat, Badiouk biolentziaren erabilpena ber-balioesten du:

“Eremu politikoan herri parte hartzeak biolentoa izan behar duela diodanean, gorbernuek ezin naute terroristatzat hartu, ezen, finean, Estatu demokratikoak guztiz biolentoak dira” (Perfil.com, 2008-7-24, “Entrevista exclusiva: Alain Badiou, la actualización del comunismo” in (LIZARRALDE, Imanol, Teoría Francesa y estrategia del MLNV (1967-2015), 374. or.).

Bortxaren erabilpenaren monpolioa jartzen du auzitan une oro Badiouk, eta, horrekin bat, Estatu demokratikoek berau erabili ahal izateko balizko zilegitasuna bera. Horren gainean zera diosku:

“Hautua ez da biolentzia eta biolentzia-ezaren artean. Hori argi eta klar dugu. Herri ekimenaren biolentzia eta Estatuaren biolentzia bana eta guztiz bestelakoak dira. “Terrore” deitzen dio Estatuaren biolentziari” (Perfil.com, 2008-7-24, “Entrevista exclusiva: Alain Badiou, la actualización del comunismo” in (LIZARRALDE, Imanol, Teoría Francesa y estrategia del MLNV (1967-2015), 374. or.)

Bioentzia suerte ezberdinez jarduten du Badiouk hortaz. Bateko, Estatuena, besteko, herriarena. Bigarrena “herri batzeari” eta “Estatuaren kontrako iraultzari” dago hertsiki lotua. Hori esanda, debatea orain zeraren inguruan legoke ardaztatua, herriaren biolentziak noraino eta zenbaterainio balio iraultzaile-marxisten alde zinez obratzen ote duen. Bestetik, Estatuaren biolentziarekikoan, berau beti ez-zilegitzat jo beharko genuke, Badiouren esanetan, finean Estatua bera idartzeko baino balio ez duelako.

Ikusi ahal izan dugu hortaz, nondik nora doan itxuraz hain inozo, iradokigarri eta aberats dirudikeen “gertakizun” badiouarra; are misitikotasun usaia ere dariola ema lezake bere  era abstrakatuan lehenengo begiratu batean. Ikus dezakegu, halaber, nola honelako pentsamendu beldurgarriak hartzen duen zentzu guztia ENAMena bezalako biolentzia krudela bezain justifikaezina salbueste aldera. Oso ere oso bestelakoa da hizpide dugun kontu hau baina. Marxismoa iragandako historiaren ahanzturan galdua eta museoko tramankulu gisa geratzeko arrisku bizitik libratu nahi du temosoki Badiouk. Egun, gure gizarte mendelbadar garaikidearen baitan ernatzear dauden bortxazko herri altxamendu ordenaren aurkakoekin lotzen du estu-estuki marxismoaren egiaren etorkizuna Badiouk. Gizartearen erdigunetik ernaturiko bortxazko  errebelioetatik segituko dira zinezko gertakizunak, Badiouren esanetan. Zentzu klasiko-klasiko batean, biolentzia errebelio-ekintza batekin bat-bat eginik dator, zeina, Badiouk, maoista peto-petoa den aldetik, “praxiarekin” besterekin ez baitu lotzen:

Matxinada-errebelioaren egiak (egia marxistak) ez du inondik itxoiten. Matxinada  beti egongo da zain-esperoan, prest, arrazoiren bat noiz agertuko zain, hau edo beste izan. Marxismoak hau baino ez dio: matxinada da benetako arrazoia, matxinda da subjektua. Matxinadaren jakinduriaren errekapitulazioa baino ez da marxismoa” (Alberto Toscano, “¿Se puede pensar la violencia?” Notas sobre Badiou y la posibilidad de la política (marxista). Revista Nómadas, Universidad Central, Colombia, nº 25, octubre 2006, p. 34) in (LIZARRALDE, Imanol, Teoría Francesa y estrategia del MLNV (1967-2015), 371. or.)

Igor Goitia

Badiouren politikaren biolentzia gosea. Imanol Lizarralderen ikusian

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude