Bablez idatzitako aldizkari bakarrak paperean argitaratzeari utziko dio
Les Noticies, bablez edo asturieraz idazten den astekari bakarrarenak ere egin du. Krisiak itota, 16 urtez argitaratu ondotik, eta 768 ale karrikaratu eta gero, gaur iragarri du ez dela gehiago kioskoetan izanen.
1996. urtean argitaratu zen Les Noticies lehenbiziko aldiz, asturiera bultzatzeko astekaria. Asturiera edo bableak ez du izaera ofizilalik. Geroztik, astero izan da kioskoetan, hutsik egin gabe. Datorren astean argitaratuko da azkeneko alea, 769.a.
Despedidako gutunean azaldu dute hamasei urteotako lana ez dela erraza izan. Inolako erreferentziarik gabe, babesik gabe aritu da. Mende aldaketarekin, XXI. mendera egokitzeko ahalegina egin zuten, kolorea txertatuz aldizkarian. Etengabe jardun dira Asturiasko gizarteari erakutsi nahian posible zela asturieraz idatzitako astekari bat egitea, inolako talderi lotua izan gabe, kazetaritza soila.
Zailtasun denen gainetik sarean jarraituko du aldizkariak. Ambitu argitaletxea da proiektuaren sustatzailea. Kultura eta informazio arloko produktu ezberdinak sortzen dituen enpresa da, asturiera ardatz duena: haurrentzako ipuinak, folklore eta musika diskoak, ikusentzunezkoak, eta bertzelako produktuak.