Azoka
Azoka –
Duela bi urte baino gehiago, pandemia hasi aitzin deskubritu nuen Tuterako Letras a la taza liburu-denda, kafetegia ere badena. Gogoan dut oraindik zer hartu nuen –kafesnea–, zein liburu erosi nuen –Patricio Pronen bat– eta norekin joan nintzen –hori ez dizuet kontatu behar–. Plazera izan da atzo akitu zen azokan berriz ikustea eta, Tuterara noiz itzuliko naizen ez dakidanez, haiei erosi diet aurtengo liburu kopuru handiena. Walden eta Chundarata ere lehenetsi ditut, nire ohiko ibilbideetarik urrun baitaude. Waldenen, hain zuzen ere, Argian Aritz Galarragaren zutabegai bihurtzeko moduko liburu bat feriatu nuen: Roberto Calassoren Cómo ordenar una biblioteca (Liburutegia nola ordenatu). Ni, oraingoz, liburutegia ez baina nire erosketak bai hasi naiz antolatzen: komikiak, TBOn; euskal liburuak, Karrikirin; Italiako idazleak, Arcosen; Kataluniako enkarguak, Nerean; erakusleihoan ikusiriko apetak, Ménadesen, eta horrela uste dut ez dudala bakar bat ere atzendu (hala balitz, barkatu). Guzietan, liburuez gainera, maskararen azpian ezagun den irribarre bat eskaintzen ohi didate, eta hori beti eskertzekoa da.
Liburu-denda guziak galdu dituen auzo batean bizi naiz, Donibanen; horregatik, badakit zeinen inportantea den liburu-denda ttikiak edo ez hain ttikiak bulkatzea. Azken batean, Interneteko plataformak gorabehera, liburu-denda batean liburuak esku artean hartzea bezalako sentsaziorik ez dago. Liburuak erromantizatzen ari naizela? Noski bai. Baina, zer nahi duzue erratea, joan den astean, ratoska batzuez bederen, zoriontsua izan naiz.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko ekainaren 7koa]