Azkue Fundazinoak eta Elekak "Batua-bizkaiera bihurtzailea" aurkezten dabe.

NDkxNA==

Azkue Fundazinoak bizkaitarrentzat, gazte eta nerabeentzat bereziki, eta mundu osoko euskaldun guztientzat, produktu digital erakargarriak eta erabilgarriak eskaintzen ditu  euskera modu barritzailean sustaten daualako, teknologia barriak erabilten dituelako, eta  lan-sare zabala osatzen daukalako inguruan alkarlanean.

Edegia, parte-hartzailea eta bizia da AZKUE Fundazinoa, guztion alkarlanagaz gehiago lortu ahal dogula pentsaten dogu eta.

Ia bi urte pasa dira Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Azkue Fundazinoa Bizkaiko gizarteari aurkeztu eutsanetik. 

Teknologia barrietan eta Interneten euskeraren presentzia eta erabilera areagotzeko asmoagaz etorri ginan. Hainbat dira Fundazinoak, bere sorreratik, jorratu izan dituen egitasmoak, hala nola, Wikiplaza gure ezagutza partekatzera konbidatzen gaituen plataforma; Xaramela sentsibilizazio kanpaina, non helburua telefonia mobikorraren arloan euskeraren erabilera bultzatzea zen, edota Xuxen Bizkaierazko zuzentzailea, Bizkaieraz txukun idatzi ahal izateko tresna. 

Esan bezala, Azkue Fundazinoak Xuxen B bizkaierarako lehen zuzentzaile ortografikoaren garapena bultzatu eban 2009an. Xuxen B-ren bidez, MS Office zein OpenOffice formatuetan idatzitako dokumentuetan bizkaieraz idatzitako testuak automatikoki zuzen daitekez. Gainera, Azkue Fundazinoak Xuxen B web zerbitzu moduan jarri barri dau bere webgunean.

Era berean, estandarizaziorako nazinoarteko erakundeek pausuak egin dabez bizkaiera hizkuntza-aldaera moduan onartua izan daiten, eta bere kode propioa izan daian. Ekimen horreen helburua izan da IKT teknologiak eskaintzen dabezan baliabideak bizkaieraz dihardutenek be balia ahal izan daiezan.

Helburu bera betete aldera, Azkue Fundazinoak beharrezkoa ikusi dau euskera batuaz idatzita dagozan testuak bizkaieraz automatikoki emoteko eta batekozbeste egiteko tresna automatiko bat garatzea, “Batua-bizkaiera bihurtzailea” hain zuzen be.
Tresna hori oso baliagarria izan daiteke hainbat egoeratan:

  • Persona partikularrak. Adibidez, Berria egunkariaren web-orria batuaz irakurri ordez, bizkaieraz irakurri nahi dabenarentzat, edo bere negozioan ohar bat zuzen jarri nahi dabenarentzat
  • Irakaskuntzan. Bizkaiera ondo menperatu ez, eta bere ikasleentzat eskolako apunteak bizkaieraz prestau nahi dituen irakaslea.
  • Komunikabideak. Bizkaierako bersinoa egin nahi dabenak batutik abiatuta edo batekoz beste.
  • Argitaletxeak. Ikasliburuak euskera batuaz zein bizkaieraz egiten dabezanen produkzino-prozesuak errazteko eta merketzeko.
  • Administrazino publikoa. Bizkaieraren eremuan bi aukerak eskaini ahal izateko.
  • Enpresak. Bizkaieraren eremuan bi aukerak eskaini ahal izateko bere oharretan eta komunikazino-ekintzetan.

Proiektu honen helburua hauxe da: bizkaieraz idatzitako testuak euskera batuaz emotea eta, batekoz beste, euskera batukoak bizkaieraz emoteko balio izango dauan tresna automatikoa garatzea. Aurrerantzean, Opentrad B esango deutsagu tresnari.

Opentrad B tresnak web zerbitzu moduan funtzionauko dau. Azkue fundazinoaren zerbitzarian kokatuko da, eta Fundazinoaren webgunearen bidez atxituko da interfaze egoki baten bidez. Opentrad B-k formaturik bakoko testuak, testu formateatuak (doc, rtf, odt, …) eta webguneak itzuliko ditu.

AZKUE Fundazinoak bere sorreratik jorratu izan dituen ildo estrategikoetatik nagusiena euskerazko eduki erabilgarri eta erakargarriak guztien eskura jartea izan da eta Opentrad B tresna da estrategia horren adibide bat.

Irudia | Bizkaiko ispazterra | Phillip C | Creative Commons By SA

4 pentsamendu “Azkue Fundazinoak eta Elekak "Batua-bizkaiera bihurtzailea" aurkezten dabe.”-ri buruz

  • Galder Gonzalez 2011-04-06 12:13

    Eta publierreportaiaren denbora bukatuta… non ikus dezakegu itzultzaile hori? Librea al da?

  • Gaurkoa ekimenaren aurkezpena izan da eta hurrengo hilabetetan izango dogu erabilgarri. Aurkezpenean beta bertsio bat erabili da berria.info eta Bizkaia.net webguneak bizkaierara zuzenean pasatuz eta emaitza, egia esan, ona izan da. Bestalde, Opentrad B sistema kode edegian garatzen ari da, eta Opentrad plataformako Apertium motorra usatzen dau sistema garatzeko oinarri moduan. GPL lizentzia izango dau, Apertiumek horrelakoa daukalako. Kode edegian garatuta izango danez, komunitatearen esku geldituko da, hots sozietatearen esku, eta gaitasunteknikoa daukan edonork erabili eta aldatu ahal izango dau. Izan be, SourceForge webgune ezagunean jarriko da, gainerako Apertium garapenekin batera, nahi dauanak bertatik kargau ahal izan daian

  • Galder Gonzalez 2011-04-06 15:16

    Eta orduan zertara dator titularra? “Aurkeztu dabe” edo “egingo dabe”… baina aurkezten dabe trantsitibo horrek ez du argi uzten jada egin den edo ez…

    bestetik, ondo, ez dut uste behar handirik dagoenik honetarako, baina USAtuko dugu, lasai.

  • […] auzitan jarri edo honetan dirua xahutzeari zentzu handirik ikusten ez dioenik ere. Sustatu.com edo Zuzeu.com guneetan aurki daitezke gaiari buruzko zenbait […]