Azkena Rock festibala 2025: Flaming Lips eta Manic Street Preachers
Azkena Rock festibala 2025 –
Azkena Rock festibalak 23. edizioko lehen iragarpenak egin berri ditu; Manic Street Preachers eta The Flaming Lips taldeak izango dira zerrendaburu.
Melissa Etheridge, Johnny Rotten-en P.I.L., Reckless Kelly, Lucinda Williams, Richard Hawley, Buzzcocks, Quique González eta Turbonegro taldeak dira, besteak beste, rock and roll jaialdi garrantzitsu honetan baieztatu dituzten artistetako batzuk.
Gasteizko Mendizabalan izango da, berriro ere, jaialdia, ekainaren 19, 20 eta 21ean. Aurreko edizioren batera joan diren zaleek aurresalmenta merkeagoa dute azaroaren 20a baino lehen sarrera erosiz gero.
Azkena Rock Festival jaialdiak gaur egin du hurrengo edizioko musikarien lehen iragarpena. 2025eko ekainaren 19tik 21era bitarte, Manic Street Preachers handiak ez ezik, XXI. mendeko talderik errespetatuenetako bat ere arituko da, hau da, The Flaming Lips, baita Lucinda Williams konpositore eta interpretea edo Melissa Etheridge ezaguna ere. Lehen iragarpen honetan, aipatzeko moduko artista hauek etorriko dira Mendizabalara, jaialdiaren estilo-aniztasunaren adierazgarri: Richard Hawley, Reckless Kelly, P.I.L, Turbonegro, The Hellacopters, Buzzcocks, Diamond Dogs & Chris Spedding, Kaotiko, Quique González, Dead Kennedys, The Chesterfield Kings, Robert Jon & The Wreck, Masters of Reality, La estrella azul, Derby Motoreta’s Burrito Kachimba, Psilicon Flesh, Ezezez eta Libe.
Zerrendatutako batzuk banan-banan aztertzeak merezi du; izan ere, Manic Street Preachers taldeak diskografia ederra izateaz gain, 2025eko urtarrilean hamabosgarren diskoa kaleratuko baitu, “Critical Thinking”, jaialdian aurkeztuko dutena. The Flaming Lips taldearen showetan Wayne Coyne abeslariak ikus-entzuleen gainera botatzen du bere burua burbuila erraldoi batean sartuta, eta eromen galanta sortzen da! Gurean egingo duten emanaldia ere berezi-berezia izango ei da. “Yoshimi Battles the Pink Robots” disko ikoniko eta gurtua interpretatuko dute, albumak 20 urte betetzen dituen urtean, eta giza izatearen gaineko hausnarketa sakona egingo du talde bikain bezain bitxi honek, rock alternatiboa psikodeliarekin fusionatuta. [azaleko argazkikoak dira]
Lucinda Williams ikonotzat har dezakegu jada, hainbat belaunalditako entzuleengana iristen baita folk, rock eta country estiloak ezin hobeki uztartuta, eta gogoan ditugu oraindik Azkena jaialdian eskaini dituen bi kontzertuak. Hiru hamarkadatik gorako ibilbidea egin eta hainbat Grammy sari eskuratu ostean, Williams konpositore-lanean trebea delako eta abesti sakon eta hunkigarriak interpretatzeko gaitasun itzela duelako miresten dugu, eta azken aldiz izango dugu gure artean Mendizabalan. Melissa Etheridge artista ahots bereizgarriagatik eta estilo autentikoagatik da ezagun, eta 90eko hamarkadan izar bilakatu zuen soinu rockero indartsua ekarriko digu.
John Lydon –aka Johnny Rotten– izana dugu ARF jaialdian Sex Pistols taldearekin; oraingoan, P.i.L. edo Public Image Ltd. talde legendarioarekin datorkigu. Emanaldi horretan mugikorrak poltsikoan sartuta uztea gomendatzen dizuegu. Punk atalari dagokionez, ezinbesteko talde horietako bat dator Gasteizera: Dead Kennedys, politika eta hardcorea nahastuta. Mendizabalan ereserkiaren maila gainditu ere egin duen “Ever Fallen In Love (With Someone You Shound’t’ve)” abestia entzuteko ametsa egia bihurtuko da Buzzcocks britainiar punk taldearen melodia errepikakor eta letra zorrotzekin. Eta punk estiloaz ari garela, euskal talde garrantzitsuenetako batek 25. urteurrena ospatuko du etxean: Kaotiko arabar taldeak.
The Hellacopters taldea eskandinaviar rockaren gakoetako bat da, baita ARF jaialdiaren eta azkenazaleen banda gogokoenetako bat ere. Izan ere, jaialdiaren lehenengo edizioan ere etorri baitziren Mendizabalara, 2003. urtean. Nick Royale, bere liderra, Azkenako zalea da eta oraingoan The Hellacoptersen 30. urteurrena ospatzeko aukeratu du jaialdia. Eskandinaviarrak hauek ere, Norvegiatik datoz Turbonegro, anomalia bat Europa iparraldeko panoraman, hedonismoari eta umore lotsagabeari egindako oda, hard rock eta glam rock ukituekin. Emanaldi oso berezia eskainiko digute Diamond Dogs and Chris Spedding musikariek, konbo paregabe eta errepikaezin batean: Little Richarden musika beren erara interpretatuko dute, eta Azkena Rock Festival jaialdian aurkeztuko digute, zuzenean, “About The Hardest Nut To Crack” diskoa, rock and roll ikono hilezkorraren omenaldia.
Mendizabalan entzungai izango dugu, era berean, Reckless Kelly talde handia, country eta red dirt doinuekin. Amerikar soinuekin jarraituko dugu; izan ere, Robert Jon & The Wreck bandak hegoaldetar rocka, gitarra-soloak, ahots-harmonia aberatsak eta melodia ahaztezinak uztartzen ditu fusio elektrizatzaile batean. Masters Of Reality askotan lotu izan dira stoner eszenarekin eta rock desertikoarekin –izan ere, zerbaitengatik baitira Josh Homme-ren eta haren Kyuss eta Queens Of The Stone Age taldeen mentore–, baina, egia esan, hori baino nortasun handiagokoak dira, eta generoari beste koska bat gehitzeko gai dira beti. 70eko hamarkadaren amaieran, garage rock estiloaren biziberritzearekin batera sortutako banda garrantzitsuenetako bat dugu, zalantzarik gabe, The Chesterfield Kings, eta Azkenaren hurrengo edizioan egiaztatu ahal izango dugu.
Malenkoniaren pertsonifikazioa izaki, Richard Hawley konpositore atenporalak bere estilo dotore eta sakona ekarriko digu ARFra, taldekide guztiekin batera egingo duen show batean, eta ez duela zenbait hilabeteko formatu intimoan. 25 urteko ibilbidean inolako gorabeherarik ez du izan Quique Gonzálezek, belaunaldi oso baten kronistak, eta ia bi hamarkada geroago, Mendizabalara itzuliko da gu berriro hunkitzeko asmoz. “La estrella azul” filmaren soinu-banda entzun ahal izango dugu Mendizabalako agertokietan. Javier Macipe zuzendariaren lehen film luzea fikzioaren eta dokumentalaren arteko historia bat da, Más Birras taldeko buru izan zenari buruzko kontakizuna artista eta jenio ahaztuei buruzko alegia unibertsal bihurtua. Derby Motoreta’s Burrito Kachimba sevillarren rock psikodelikoak trantzeraino eramango gaitu, eta 90eko hamarkadako underground musikaren mugimendutik berpiztutako Psilicon Flesh taldeak metal, pop, funk eta grunge estiloen nahasketa errepikaezina eskainiko digu; gogora dezagun “El día de la bestia” filmaren soinu-banda egin zuela talde horrek. Ezezez taldea hankaz gora jartzen ari da egungo euskal musikaren panorama, eta, oraindik ez badituzu ezagutzen, Mendizabalan egiaztatu ahal izango duzu zergatik. Azkenik, Libe gasteiztarra ostera ere arituko da Azkenan, baina oraingoan bakarkako proiektuarekin.
Sarreren salmenta azaroaren 20an, asteazkenean, hasiko da, 10:00etan, azkenarockfestival.com webgunean, hasierako prezio berezian. Aurreko edizioren batera etorri direnek aurresalmenta esklusiboa izango dute aurretik. Gazte bonua ere izango da salgai 23 urtetik beherakoentzat, eta aurtengo berrikuntza: Kuadrilla bonua, ARF jaialdian hain ohikoak diren lagun taldeentzat, 5 bonu erosita 6. bonua opari.
Azkena Rock festibala 2025 Azkena Rock festibala 2025