“Autokarabana” nobelaren garrantziaz

Fermin Etxegoien ez da idazleon artekoa izan sekula. Bere idazlanak, gehiago izan dira zerbitzuko letrak, beste ezer baino: gidoiak, kronikak, soldata irabazteko idazkiak, zutabeak… Sekula ez dugu aurkitu izan idazle bileretan, poeten arteko mozkor esklusiboetan, Galeusca eta antzekoetan…, egia den arren, kulturaren ingurukoetan ikusi izan dugula beti, batez ere musikarekin lotutakoetan.

Nolabait esateko, Etxegoien irakurle gisa identifikatzen genuen gehiago orain arte, kulturaren produktuak normaltasunez kontsumitzen dituen horietakotzat geneukan, Durangoko karrejuetan liburu bila aurkituko duzunetakotzat. Baina, esan bezala,  ez idazleen arteko. Nola izango da, ba, idazle, ia berrogei urte bete arte, 2004a arte, batere libururik argitaratu gabea izanda? Hemen denok argitaratu dugu, gutxi edo asko, nerabezarotik irten berritan eta irten gabe.

Neuronak eta zeuronak saiakera laburra etorri zen orduan eta argi utzi zuen Etxegoienek, berari buruz aurretiaz uste genuena egia zela: bere espezialitatea dela munduko eta geure inguruko mugimendu garaikideei adi begiratzea, seguru asko oso berea duen musikazaletasunak eraginda. Kalaka telebista saioko eztabaiden arduraduna da orain, uste dudanez.

Eta  Autokarabana argitaratu du. Idazle izan gabetan, idazleei aitortuena zaien lana ekarri digu, lotsagabeki, gainera. Eta iruditzen zait, garrantzia ukan dezakeela gertaera honek.

autokarabana

Autokarabana eleberrian zer kontatzen den

Etxegoienen oso antzeko gizon baten ibilerak dira ardatz. Kooperatiba batean egiten du lan. Dibortziatuta dago. Alaba bat dauka eta bere egunorokotasunak ematen dio nahikoa lan. Bigarren amodioarekin aurrera egitea ere ez zaio erraza egiten. Euskaldun izatearen zirkunstatzietan harrapatua… Denon antzeko morroi arrunta, beraz, bizitzak ematen dizkion aukerak batzuetan probestu eta besteetan alferrik galtzen dituena.

Esan dezagun, existentzialismo cool baten iturritik etorritakoa dela nobelako ur hau. Tarteak tarte, Houellebecq, Roth, Murakami… ekarri dizkigu guri gogora, batzuetan gaiak, bestetan trataerak. Bada zerbait.

Zergatik izan daiteke nobela hau garrantzizkoa

Nire ustez bide bat argi markatzen duelako. Esan nahi dut, orain arte antiheroe garaikideak asko izan direla gurean, baina , irakurriak ditudan liburuetan, gai narratibo nagusia ez zen sekula horretan geratzera mugatzen. Antiheroiak bazeukan beti beste zeregin bat, edo polizia zen, edo gaizkilea, edo abokatua, edo entomologoa, edota apaiza.

Baina Autokarabanako protagonista antiheroia baizik ez da. Horixe bakarrik. Ez daki besterik egiten: gizarteak gurean dituen katramila arruntenetan harrapatuta bizi da, Bilbora joandako Etxegoienen antzeko oñatiar baten antzera. Ez dauka beste zereginik bere antiheroitasun horren amaraunean bizitzen jarraitzea baino, pultsio sexualei men egin eta emezkoekiko desberdintasun eta kontraesanak irentsita. Ez du deskubritu nahi inor, ez du aurkitu nahi azken gerran desagertutakorik, ezin du aberririk salbatu, aski du bere burua lepo gainean eramatearekin. Zela-hala. Antiheroi garaikidearei buruzkoa du gaia esklusiboki.

Esan dugu Etxegoien ez genuela idazletarako. Eta bere prosan ederki nabaritzen da hori. Ez da galdu idazleok sarri galduta ibiltzen garen eremu eta sasietan. Ez da ahalegindu Euskal Literaruraren historia aldatuko duen zerbait edota forma aldetik izugarri berritzailea den ezer eraikitzen. Hizkuntzari dagokionean, euskarak ez du obsesionatu Etxegoien: euskaldun osoa eta normala da bera, eta bere modura kontatu ditu gauzak, euskaldun normal batek dituen erak erabilita eta ez hizkuntzarekin itxututako euskaltzainkume baten antzera. Bidenabar esan dezagun, horixe duela gai ederrenetako bat nobelak, nor ote den hemen euskaldun, edota ba ote den euskaldun normalik munduan. Geure antzera, baten bati zabarregia ere egin dakioke erabiltzen duen erregistroa tarteka. Baina ez da traba. Aitzitik,   arazo eta korapilorik gabe gauzak kontatzeko tresna baizik ez da hizkuntza, espresabide soila. Hizkuntza, idazkera, ez da helburu, bitartekaria baizik ez da.

Honez gero hartuko zenioten traza eleberriari: protagonistaren erretratua gailentzen da ororen gainetik. Dena dago horrexen zerbitzura. Bide batez, ordea, geure gizarte gaurkoa bistatzen da, inoiz gutxitan bezala: bizimoduaren konplikazioak, ar-eme desberdintasunak, aitatasuna eta familia berrien antolakuntza, mendia-hiria dikotomia, lagunartearen balioa, norbanakoaren egoismoa, kasualitatearen balioa, denboraren iragaitea… Eta artifizioren batek edo bestek karranka apur bat egin digun arren, esan dezagun sinesgarria egiten dela kontatutakoa. Etxegoienen alter egoa ikusten dugula lerroetan aurrera joaten, jakin gaberik iritsi behar duen nora. Istorioa kontatzea beste nahirik ez da ageri orrialde guztietan.

Laburbilduz

Fermin Etxegoienen Autokarabana honek, normalagoa egiten du euskal literatura neurri batean eta, bereziki, euskal narratibaren kontsumoa. Gustatuko zaizu ala ez, baina beste hizkuntzetako literaturetan hain ugariak diren eleberrien oso antzekoa da berak argitaratu duena. Konplexurik gabe, inolako kezka edo goi-arnasaren beharrik batere gabe, kontatzen zaigu gaurko gizonezko baten historia eta, bide batez, ez bakarrik berarena. Baita zeurea eta nirea ere.

Fermin Etxegoien
Fermin Etxegoien

Fermin Etxegoien Euskal Telebistako  Sautrela saioan agertuko da.

Astelehenean, Urriak 12, ETB3, 21,30tan eta Larunbata, Urriak 17, 14,35tan, ETB1.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

10 pentsamendu ““Autokarabana” nobelaren garrantziaz”-ri buruz

  • Etxeberria jaun txit aspergarria, nola liteke kritikagintzarako hain trebezia gutxi izanda halako hitz eta lapitz pila gastatzea zeure zilborraren plazerrerako. Inbiraren gaitzak jota zaude, besteen eskaskeriak eta gabeziak neurtzen.

  • Kontxo, aspaldikoa! Ni bai harritu agertzen ez hintzela eta. Orain Iñi deitzen al haiz? Lasai, saiatzearen poderioz iritsiko nauk, agian, hire sintesi ahalmen ikaragarriari hurbiltzera. Maisuak beti maisu, erogorroto kontuetan. Eta heu maisuena.
    (Nire inbidiaren kontu horretan bete-betean asmatu duk, baina agertu beharko diguk Etxegoienek non erakutsi dituen gabeziak eta eskaskeriak. Artista).

  • Kendu egin dugu Iñi delakoak bidalitako bigarren iruzkin bat, sarrera honen gaiari, AUTOKARABANA eleberriari, lotu ordez,beste zerbaitetaz ari delako. Zuzeun ez dira forma txarreko iruzkinak onartzen, are gutxiago, izenpetuak ez baldin badira.

  • Artista, hi bai artista, baina frustratua. Euskal kulturaren epaile gorena, edozertaz iritzi apartak botatzeko gai den inozoa. Lasai GARZONdegi, iritsiko zaik TABAKALERA edo hire neurriko proiektu handi bat gidatzeko aukera. Beno edo agian EZ,…

  • Zure kritika irakurri, liburua eskuratu, irakurtzen hasi eta aitortu beharrean nago gustura irakurtzen dudala. Guztiz ados egindako eleberriaren xehatzearekin. Ez istorioa, ez idazteko tankera ez dira egundokoak, baina lehenengo aldiz jende asko ondo pasatzen dabil euskarazko nobela bat irakurtzen txitean-pitean hiztegira jo gabe. Zorionak Fermin eta zeuri ere, Hasier, egindako kritikagatik.

  • […] Rojok eta H. Etxeberriak ere idatzi dute liburu honi […]

  • […] TXOKOA: AUTOKARABANA Asteazken honetan Irakurlearen Txokoan Fermin Etxegoien eta Autokarabana. Hemen, hemen eta hemen liburuari […]

  • […] buruz ez dut ezer interesantea esateko, horretarako pertsona egokiagoak badaudelako (1, 2 eta 3 gutxienez). Baina hauxe bai esan dezaket, nik gustura irakurri dut, gero eta gusturago. […]

  • […] dut Hasier Etxeberriak Zuzeu.com webgunean idatzitakoa. Nobela garrantzitsua izan zitekeela esaten zuen, hainbat arrazoi tarteko: antiheroi garaikideari […]

  • […] Hasier Etxeberria, Zuzeu, 2009-10-11 […]