Aurtengo Jazzaldia, ausart
Aurtengo Jazzaldia, ausart –
“Zuhur jokatzeko garaia da”, dio asteon Donostiako Jazzaldiko zuzendariak komunikabideetara bidali duen prentsa oharrak, baina kontrara, ausart jokatu duela iruditu zaigu, uztailean Donostian izatekoak diren nazioarteko izarrak iragarri baititu, “salbuesepen guztiekin”, behin betiko egitaraua ezagutarazi ez duen arren.
Uztailaren 21etik 25era bitarte izango da aurten Jazzaldia Donostian, eta iragarpen honekin asmoak berretsi eta zaleak lasaitu nahi izan dituztela iruditzen zaigu.
Hemen zerrendatuko ditugun artistek “56. Jazzaldira etorri nahi dutela baieztatu digute”, dio antolakuntza taldeak, asmoak beteko direnaren ilusioz:
“Emakumezko ahotsen Jazzaldia izango da aurtengoa: Cécile McLorin Salvant bikaina; Noa, pianista donostiar Iñaki Salvadorrek lagunduta; Buika, sentsuala eta gozoa; Arlo Parks, Londresko sentsazio berria; Aymée Nuviola kubatarra; eta, jakina, Sílvia Pérez Cruz, Farsa Circus Band taldearekin.
Pianisten Jazzaldia ere izango da. Aipatutako Iñaki Salvadorrez gain, izen gehiago ditugu: Italiatik, Franco D’Andrea, musikari transalpinoen dekano loriatsua, eta Giovanni Guidi, Jazz europarraren izar sortu berria; Brad Mehldau jeinua; Kenny Barron ezinbestekoa eta bikaina; Gonzalo Rubalcaba, Karibeko birtuoso gorena; Marcin Masecki poloniarra, moldakorra eta ezustekoa; eta Marco Mezquida, bere proiektu berriarekin, pauso bat gehiago musikaren izartegirako bere goranzko ibilbide etengabean.
Dave Douglas, tronpetista magistrala; Mulatu Astatke bibrafonista eta perkusionista etiopiarra; Dave Holland baxu gailena; Jean Toussaint saxofonista, Art Blakeyren Jazz Messengers-en akademiako dizipulua; Eric Seva saxofonista, Summit diskoari eskainitako omenaldi zoragarri batekin, non beren soinuak eta ideiak bat egin zituzten Gerry Mulliganek eta Astor Piazzollak; Naïssam Jalal flautista harrigarria eta Bill Frisell gitarrista dira beste musikarietako batzuk, datorren 56. Jazzaldian gure artean izan eta parte hartuko dutela hitz eman digutenak.
Eta gainera, Jorge Pardo maisua, Niño Joselek lagunduta, Chick Corea oroitzeko; La Locomotora Negra, Kataluniako Jazz taldeen dekanoa, agurra emateko bere biran; eta JazzEñen parte hartzeko hautatu diren 8 taldeak.
Programazioa gaixotasunak eta bere ondorioek izango duten eboluzioaren itzalean, babesturik, eskaini ahal izatea espero dugu”.
Aurtengo Jazzaldia, ausart