Aurkikuntzetatik

Aurkikuntzetatik –

Abuztuan, egurrezko pieza misteriotsu bat agertu zen Donostiako Ondarreta hondartzan. Oraingoz, itsasontzi baten «zuaker» edo saihets hezurra dela diote adituek.

Aurkikuntzetatik

Halakoetan, gizartearen ikusmina oso handia da; izan ere, asko gustatzen zaigu lurretik ateratzen den hori, gu baino lehenago jendea bazegoela gogorarazten digulako, agian. Horregatik, labur-labur bildu nahi izan ditut Donostian gertatu diren aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenak (eta ustekabekoenak), agian, ahaztuta dituzulako edo, zuzenean, ezagutzen ez zenituelako.

Kontxako badia da traste zaharren kutxaren adibide argiena; bere garaian itsas portua izan ginelako, lur azpian objektu gehien atera diren zonetako bat da, dudarik gabe. Gehienetan, aurkikuntza horiek zoriaren ondorio izan dira, 1945eko irailean gertatutakoa kasu; Marichu ontziak badian hondoa jo zuenean, XIX. mende hasierako bi ontziren hondakinak aurkitzea eragin baitzuen. Agian horregatik, 2020an, Albaola Itsas Kultur Faktoriak gidatutako indusketa lanen helburua Kontxako badian ustez egon zitekeen barku hondarra lokalizatzea izan zen.

Ziurrenik, aurkikuntza ustekabekoena San Lorenzo kaleko eraikin bateko lanek eragin zuten. Hain zuzen ere, bizilagunek igogailu bat nahi zuten, eta 1,10 metroko diametroa eta 1,5 metroko altuera zuten zeramikazko bost tina jaso zituzten bueltan, bale olioa gordetzeko eta saltzeko erabiltzen zirenak. Dirudienez, tinak aurkitzea ohikoa izan daiteke Parte Zaharrean, 1998an, Bretxatik gertu, XVI. mendekoak ziren andaluziar jatorriko hamar tina agertu baitziren.

Antonioko tortilla jaten duenak agian ez daki, baina Donostiako Erdi Aroko harresiaren gainean ari da jaten, edo hori da behintzat, 2021ean, Barandiaran zenaren lanetan, Arkeolaneko kideak ezustean harrapatu zituena; izan ere, haien esanetan, harresi zaharra kanporago zegoela uste zuten.

Ordea, ondare aurkikuntza guztiak ez dira Parte Zaharrean gertatzen. Eta historiaurreari dagokionez, agian, 2005 urtekoa da Donostiako aurkikuntza adierazgarriena, Ametzagainako aztarnategiarena, zeinetan, Gravette aldiko kanpaleku batzuk aurkitu ziren. Eta beraz, zona hori litzateke Donostian bizi ziren lehen biztanleen bizileku, gutxi gorabehera, duela 25.000 urte inguru.

Adibide garaikiderainoko saltoa eginez, Aieteko Lantxabe auzo elkarteak 2021ean jakinarazi zuen Miramongo basoan latsarri zahar bat aurkitu zutela, hau da, XX. menderaino Aieteko baserritarrek erabilitako arropa garbitzeko bi harraska. Egun, eremua txukundu egin dute, eta latsarriaren informazioa jasotzen duten panelak jarri dituzte, hain zuzen ere, burgesiaren turismoaren lehen urte horietan, donostiarren papera gogorarazteko balio dutenak.

Aurkikuntza hauek guztiek iraganarekin konektatzen laguntzen digute, imajinatzera lehen leku hura zena, duela gutxira arte izandako erabilera, eta kontrara, egun, zona zertan bihurtu den ere.  Objektu batek eragin bikoitza du, edo espazioari balio sinbolikoa aitortzeko balio du, edo gizartearen gaitzespena azaleratzeko: erabileragatik, duen konnotazioagatik eta beste hainbeste faktorerengatik. Hain zuzen, hori sorrarazi daiteke ondarearen gaur egungo erabileragatik ere.

Ildo horretatik, eta ondare historikoari tiraka, ahaztu behar ez dugun beste hiriko esparru garrantzitsu bat San Bartolome da. 2014an, indusketek agerian utzi zituzten garai bateko komentuaren eta elizaren aztarnak bazeudela. Eta ez dago sobran gogoraraztea, jatorriz, monasterio femeninoa izan zela, eta bertan hezi eta bizi izan zirela Nafarroako Antso VI .a errege «jakintsuak» 1180an sortutako hiribilduaren bizitza komertziala bultzatzera etorri ziren gaskoi jatorrikoen alabak.

Historiarena ez da New San Bartolome S.L. enpresak abiarazi nahi duen proiektuaren argudio nagusia, inondik inora ere, baina bada adierazgarria, ingurumenarekin eta ondarearekin sor zitekeen bizikidetza «sinbolikoa» 200 aparkaleku plazengatik lohitzea.

Irutxuluko Hitzan argitaratua

Aurkikuntzetatik  Aurkikuntzetatik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude