Astronomiaren Urtea, Galileo Galilei eta Benedikto Aita Saindua
Greziarrak aurretik
Ohi bezala, dena hasi zen greziarrekin: K.a. hiru mende, Samos-eko Aristarko-k, eguzkia jarria zuen jada Unibertsoaren erdian. Garai hartan ez zen ezagutzen besterik Eguzkia, Lurra, Ilargia eta Merkuriotik Saturnora artekoa baino. Zerua geruza bat zen, eta haren gainean, izarrek dirdir. Eliza katolikoa etorri zen gero, ordea, eta nahiago izan zuen Egiptoko Alejandrian bizi zen Klaudio Ptolomeo greziarraren ikuspegi geozentrista: Lurra zen Unibertsoaren erdigunea, behar bezala, ez alferrik egin baitzuen gizakia Jainkoak, bere ondoren bigarrena izan zedin.
Ptolomeo eta Koperniko
Mila urtean egon zen indarrean Ptolomeoren ikuspegia, zientzilari arabiarrak, Ertaroaren amaiera aldera, ikuspegi greziarra errebisatzen hasi ziren artean. Errenazimendu hastapenean, Nikolas Koperniko poloniarrak, ezin zuen ongi ulertu planetek zergatik dirdiratzen zuten ezberdin sasoiaren arabera, eta, batez ere, Venus eta Merkurioren traiektoriak zergatik ez ziren izaten uste bezalakoak. Kopernikoren ustez, Eguzkiak behar zuen erdian derrigorrez, eta halaxe idatzi zuen liburu batean, baina hipotesi heliozentrista soil gisara, ez baitzuen nahi ipurdia sutan kiskal ziezaioten.
Horixe gertatu zitzaion Giordano Bruno dominikoari, Infinitoa, unibertsoa eta beste munduak izeneko lana argitaratu eta beste mundu batzuk zeudela baieztatzeagatik: sutan erre zuten, bere lanak plazan kiskali ondoren. Ospetsua da sententzia eman zioteneko Brunoren esaera: dardara handiagoa dagizue zeuok nik neuk baino, sententzia ematearekin.
1600. urtean, Brunoren okela-erre usainak Erromako bazterrak kirastu bitartean, Baltikoko irla baten bizi zen Tycho Brahé astronomoari, Europako Behatoki handiena egin zion Frederik erregeak. Brahék hogei urtez gauero markatu zituen ikusitako posizioak eta ondorio batera iritsi zen: ez Eguzkia eta ez Lurra, ez ziren Unibertsoko erdigune. Sistema heliozentriko bat proposatu zuen, baina ez zion Danimarkako hurrengo erregeak barkatu eta Pragara egin zuen ihes.
Ihesaldi hartatik txitoak atera ziren, Bohemian Johannes Kepler zientzialariarekin topatu baitzen Brahé, eta biek ala biek partekatu zituzten kezka eta segurantzak. Ospetsu egin zuten Kepler teoria heliozentristaren garapenak eta hari aplikatzeko proposatu zituen hiru legeek.
Baina teleskopioa asmatu zen 1609. urtean, eta jakina, Galileo deitzen zen italiar batek, ezin izan zuen handik begiratu gabe geratu. Gaurkoekin alderatuta, ez zeukan ahalmen handirik telekospio hark, baina, bederen, ilargiko mendiak eta zuloak ikusten ahal ziren. Ilargia ez zen, beraz, uste bezain borobil eta perfektu. Teleskopioa hobetzen joateak utzi zion Galileori Orion, Pleiadeak eta harantzago, Esnebidea bera ere ikusten. Baita Saturnoren uztaiak ere. Ez dago zalantzarik: eguzkia ez dabil Lurraren inguruan, bere ardatzaren gainean baizik. Eta inperfekzioak ditu, gainera.
Kito. Elizarentzat gehiegi da hori eta 1616. urtean debekatu egin zuen heliozentrismoaren teoria eta Galileori baratxe-baratxe ibili behar duela agindu zioten. 1632. urtean, ordea, liburu bat argitaratzeko baimena ematen dio Urbano VII. Aita Sainduak, beti ere, Lurra dela erdigune aitortzeko baldintzarekin. Galileo futitu egiten da eta bestelako egiak idatzi eta argitaratzen ditu.
Atxilotu egiten dute, eta baieztapenak ezeztatzen izan zuen aski lan, ederki ezagutzen denez. Sutatik libratu zen, baina 1642an hil artean ukan zuten zaintzapean.
Elizaren erritmoa
Eliza katolikoak ez zuen 1822 urtera arte onartu Lurrak bere ardatzean egiten duela bira, eta 1992 urtean Juan Pablo II Aita Santuak egin zuen mea culpa ofiziala, eta Vaticanoko lorategietan Galileoren estatua bat jasotzearen aldeko aldarrikapena.
Baina badakizue zer? Benedikto XVI garrenak, bertan behera utzi du egitasmoa aurtengo Otsailean, oraindik ere egiari egia zor zaiola aitortzeak bihozterrea sortuko balio bezala.