Asteko estreinaldien errepasoa
Asteko estreinaldien errepasoa –
Estreinaldiak: Azaroak 3
Egilea: Ander Makazaga
.
Battle of the Sexes (La batalla de los sexos)
1973ko tenis partida historikora eramango gaitu Jonathan Dayton eta Valerie Faris (Little Miss Sunshine, 2006) zuzendarien filmak. 55 urteko Bobby Riggs (Steve Carell) tenis jokalari ohiak edozein emakume garaitu zezakeela uste zuen, eta horregatik, Bilie Jean Kingi (Emma Stone) erronka bota zion. Benetako gertakarietan dago oinarrituta filma, izan ere, emakumeen eskubideak defendatzen zituen jokalaria zen Bilie Jean King, eta zenbait lehiaketatan parte hartzeari uko egin zion gizonen eta emakumeen diru-sarien zenbatekoa oso ezberdina zelako. Filmak berreskuratuko duen tenis partida historiako kirol ekitaldirik ikusienetarikoen artean dago, eta partidari “Sexuen arteko bataila” deitu zioten.
.
El sistema solar
Peru eta Espainiaren arteko koprodukzio honek Mariana de Althaus idazlearen eleberri homonimoa du oinarri. Gabon gauean Solar familia elkartu egingo da urte askoren ondoren. Leonardo familia burua, baina, seme Pavelen neskalaguna izandako Inesekin agertuko da; Edurnek, Leonardoren alabak, herentziaren zati bat aurreratzeko eskatuko dio aitari, izan ere, haurdun dago eta ez du bikotekiderik… Tentsio handia sumatuko da familiartean, eta trapu zaharrak jarriko dituzte mahai-gainean. Bacha Caravedo eta Chinón Higashionna arduratu dira filmaren zuzendaritzaz.
.
The Big Sick (La gran enfermedad del amor)
Aurtengo Locarnoko zine jaialdian publikoaren saria eskuratu du Michael Showalterrek zuzendutako komedia erromantikoak. Lehen hitzordu baten ostean, Kumailen (Kumail Nanjiani) eta Emilyren (Zoe Kazan) arteko harremana sendotzen joango da, baina mutilaren familia oso tradizionala denez, gurasoek ez dute neskalaguna horren erraz onartuko. Hala, kultura ezberdinen arteko talka izango du hizpide Nanjiani aktorearen beraren eta emazte Emily Gordonen benetako istorioan oinarritutako filmak.
.
Saura(S)
Espainiako zinegile garrantzitsuenen historia errepasatzen duen bigarren atala dakar Felix Viscarretek. Oraingoan, Carlos Saura zinegile, idazle eta argazkilaria izango du hizpide, eta 60 urtean osatu duen filmografiaz arituko da dokumentala. Sortzaile espainiarraren barrena ikertuko du Viscarretek, eta horretarako, bere zazpi semeek bideratuko dute dokumentala.
.
Flatliners (Enganchados a la muerte)
Joe Schumacherren Flatliners (1990) pelikulan oinarritutako remakea dakarkigu Niels Arden Oplev danimarkarrak. Filmak bost medikuntza ikasleren muturreko esperimentuak kontatuko ditu. Bizitzaren eta heriotzaren arteko muga bilatuko dute denbora tarte labur batez bihotza geldiarazten duen teknika bat erabiliz. Pixkanaka, esperimentuak bortitzagoak bilakatuko dira, eta hala, iraganeko bekatuei aurre egin beharko diete. 1990eko filmean parte hartu zuen Kiefer Sutherland aktorea era aritu da oraingoan, bestelako zeregin batekin, ordea.
Asteko estreinaldien errepasoa
Estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!