Arte[faktua] 92: Bernardo Atxaga, “Etxeak eta hilobiak”, Ramon Agirre
Arte[faktua] 92: Bernardo Atxaga –
Bernardo Atxaga idazle asteasuarra izango da hirugarren denboraldi honetako azken gonbidatua. Egun bizileku duen Zalduondon (Araba) elkartuko gara berarekin, besteak beste Pamiela argitaletxearen eskutik kaleratu duen eleberriaz solastatzeko: Etxeak eta hilobiak. Atxagaren esanetan, bere azken lan luzea izatea nahiko luke. Hori horrela, aurrerantzean, orain arte baztertuak izan dituen obra laburragoei helduko omen die. Liburua sei ataletan banatuta dago; bakoitzak istorio bat kontatzen du, baina pertsonaia batzuk behin baino gehiagotan agertzen dira, eleberri osoari lotura emanez. Azken finean, ibai bakarrera doazen errekak dira.
Esan bezala, Zalduondon elkartuko gara Atxagarekin. Zehatzagoak izanda, bertako Lazarraga jauregian: herrian oso esanguratsua den eraikinean, alajaina. Hortik hasi eta, saioaren lehenengo zatian, paseoan, idazlearen erreferente literarioez, gehien maite duen generoaz eta eleberri batek eman dezakeen lanaz arituko dira idazlea eta Yolanda Mendiola.
Egoera dela-eta probintziaz aldatzeko izandako zailtasunak direla medio, ez da bigarren gonbidaturik izango. Atxagak berak azalduko digu zein zen, hasiera baten, bere asmoa.
Ramon Agirre aktoreak bere liburu kutunen berri emango digu Apalat[egia] tartean: gustuko duen antzerki obra, apalategitik kenduko ez lukeen liburua…
Bestalde, Maialen Bereau ETBko makillatzaileak Uxue Alberdiren Jenisjoplin liburua gomendatuko digu.
Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Igor Estankonak, Patxi Apalategik eta Isabel Etxeberriak, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.
Horretaz gain, Ager Pascual bilbotarra izango da aste honetako Booktuber ataleko protagonista. Honek Erika Elizariren Zendabalitz liburua gomendatuko digu.
Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.