Arte[faktua] 91: Anjel Lertxundi, “Gilles de Rais”, Juan Kruz Igerabide, Amaia Lasa
Arte[faktua] 91: Anjel Lertxundi –
Anjel Lertxundi idazle oriotarra izango da aste honetako gonbidatu nagusia. Zarauzko Golf Klubean elkartuko gara berarekin, argitaratu dituen azken lanez hitz egiteko: Itzuliz usu begiak saiakera eta Gilles de Rais eleberria. Lehena itzulpengintzaren eta literatur sorkuntzaren inguruko gogoeta sakon bat dela esan dezakegu, eta bigarrena, berriz, Gilles de Rais pertsonaia historikoa aitzakiatzat hartu eta hirugarren karlistadetan girotutako kontakizuna. Alberdania argitaletxearen eskutik kaleratu ditu bi lanak.
Saioaren lehenengo zatian, paseoan, Itzuliz usu begiak liburua izango dugu hizpide. Besteak beste, poesia itzultzearen zailtasunaz eta euskal itzulpengintzaren egoeraz solastatuko gara. Bigarren zatian, berriz, aipatutako eleberriaren eta bertako pertsonaia nagusien inguruan hitz egingo dute Lertxundik eta Yolanda Mendiolak. Vincent izeneko antzerkilaria da eleberriko protagonista, zeinak enkargu bat jasotzen duen bi militarrengandik. Bertan, antzerkiaren eta errealitatearen mugaren lausoa ezagutuko du protagonistak.
Juan Kruz Igerabide idazlea gonbidatuko du Lertxundik solasaldira. Honen esanetan, mundua ikusteko moduak nahiz literaturak sortu du beraien arteko adiskidetasuna. Liburua atera berri du honek ere, Alberdania argitaletxearen eskutik: Noiz arte arrazoi. Aforismo liburua da, kaleratu duen laugarrena. Beraz, aforismoen eta Lertxundiren azken eleberriaren inguruan arituko dira bi idazleak saioaren azken zatian, bestearen liburuari buruz duten iritzia emanez.
Amaia Lasa idazle getariarra pixka bat gehiago ezagutzeko aukera izango dugu Artefaktu[egilea] tartean.
Bestalde, Tabakalerako Elisabeth Dominguezek, Fernand Delignyren Permitir, trazar, ver liburuaren gomendioa egingo digu.
Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Karmele Jaiok, Elena Olavek eta Irene Arraratsek, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.
Horretaz gain, Azkoitiko antzerki eskolako Igor Arrieta, Noa Aranbarri eta Luken Gardoki izango dira aste honetako Booktuber ataleko protagonista.
Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.