Arte[faktua] 61: Castillo Suarez, Irautera, Garazi Kamio, Ur Apalategi
Arte[faktua] 61: Castillo Suarez –
Castillo Suarez idazle altsasuarra da aste honetako gonbidatu nagusia Arte[faktua]n. Ez gara elkartu, baina, bere sorterrian edo bizilekuan, Arabako Galarreta herrixkan elkartu gara Irautera poema bildumaz hitz egiteko.
Zazpi urte zeramatzan libururik argitaratu gabe, Urtebetetze festa plazaratu zuenetik. Maitasuna, giza harremanak eta denboraren igarotzea dira poeta nafar honen ohiko gaiak, bihurgunez jariotutako poesia, irakurlearen sentimenduetan arakatzen duena. Naturak eta haren elementuen josketak ematen diote nortasuna poemei, iratzeen antzera irauteko helburuekin sortuak.
Euskal Filologian lizentziaduna da Castillo Suarez. Sakanako Mankomunitateko euskara teknikaria da aspaldian, eta lan arrazoiengatik herri batetik bestera bidaiatzera ohituta dago, eta inspirazio iturri bihurtu ditu desplazamenduak.
Garazi Kamio etorriko da Arte[faktu]ra Castillo Suarezek gonbidatuta. Kazetaria, irakasle eta idazlea da Kamio, eta bi liburu ditu argitaratuak orain arte: Beste norbaiten zapatak, 2011n Igartza Saria irabazi zuen narrazio liburua, eta Orube abandonatuak eleberria. Lagun handia izateaz gainera, Suarezen editorea eta haren lana hobekien ezagutzen duen pertsona da Kamio, poeta nafarraren hitzetan.
Irakurlearen atalean, Arraiozko Maria Jesús Zubietak Hasier Larretxeak idatzitako El lenguaje de los bosques liburua gomendatuko digu.
Galdetegia sailean, berriz, zein libururen egile izan nahiko zukeen esango digu Katixa Agirrek; Hasier Larretxeak gehien hunkitu duen biografia zein izan den argituko digu, eta Edorta Jimenezek berriro zein liburu irakurriko lukeen azalduko du.
Ur Apalategi idazle lapurtarra izango da aste honetako Artefaktu[egileak] izeneko tartearen protagonista.
Nahia Ostaikoetxea eta Ana Martinez bizkaitarrak Unai Elorriaga idazlearen Vredaman liburuari buruz ariko dira Booktouberren atalean.
Nobedadeek, liburu-denden gomendioek, pitxiek eta epilogoak osatuko dute saioa.
Hau guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en