Arte[faktua] 55: Beñat Sarasola ‘Deklaratzekorik ez’, Aritz Galarraga, Lorea Agirre

Arte[faktua] 55: Beñat Sarasola –

BEÑAT SARASOLA idazlea da denboraldi honetako azken Arte[faktua] saioko gonbidatu nagusia. Donostiako Igeldo Parkean elkartu gara berarekin, han amaitzen den Deklaratzekorik ez (Susa) bere lehen eleberriaz hitz egiteko. Euskal gatazkaren ondorena, iragandakoak utzitako zama eta harreman afektibo korapilatsuak dira liburuaren ardatza.

Idazle donostiarrak beste bi poema liburu ere baditu aurrez argitaratuak: Kaxa huts bat (Susa, 2007) eta Alea (Susa, 2009). Philip Roth-en Nemesis (Meettok) eleberria euskaratu ere egin du.

Filosofian, Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan lizentziaduna da Beñat. Euskal Telebistako Sautrela saioko aurkezle eta zuzendari lanetan aritua da, eta, egun, EHUko irakaslea eta Munduko Poesia Kaierak bildumaren zuzendaria da.

ARITZ GALARRAGA da Beñat Sarasolaren gonbidatua. Arte eta Literatura ikasketak egin ditu Bilbon eta Bartzelonan. Azken hiri horretako Unibertsitate Autonomoan ari da irakasle lanetan. Doktorego tesia idazten dihardu katalanera itzulitako euskal literaturaz, UAB eta UPPA unibertsitateekin lankidetzan. Ohiko kolaboratzailea da euskarazko prentsan: Argia, Berria, Deia eta Erlea-n agertu izan dira bere testuak, besteak beste.

Irakurlearen atalean, Ibon Díez Laurobak Hor Hago Kevin? (Meettok) liburuaren gomendioa egingo du.

Galdetegian, euren liburu kuttunen berri emango dute ELURRE IRIARTE, ALAINE AGIRRE eta MIREN AMURIZA idazleek.

LOREA AGIRRE Jakin fundazioko zuzendariak bere liburu kuttunen berri emango du aste honetako “Apalategia”-n.

Booktuberren atalean, Jone Oiartzunen bideoa izango da ikusgai: Bernardo Atxagaren Sara izeneko gizona (Pamiela). Bideo hori Galtzagorrik antolatutako II. Booktuberboom lehiaketaren irabazlea izan zen.

Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hori guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 55: Beñat Sarasola 'Deklaratzekorik ez', Aritz Galarraga, Lorea Agirre

Arte[faktua] 55: Beñat Sarasola ‘Deklaratzekorik ez’, Aritz Galarraga, Lorea Agirre

Arte[faktua] literatur saioa ETBn