Arte[faktua] 48: Edorta Jimenez ‘Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua’, Asel Luzarraga, Aretz Iguiniz
Arte[faktua] 48: Edorta Jimenez –
Edorta Jimenez izango da Arte[faktua] literatur saioko aste honetako gonbidatua. Mundakan jaio eta bertan bizi da Edorta Jimenez, eta hantxe elkartu da Yolanda Mendiola aurkezlearekin, Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua izeneko bere azken eleberriaz hitz egiteko. Liburuan bada etengabe azaltzen den ideia bat: gure artean ustelkeria ez dela salbuespen bat, egunerokoa baizik. Eta ustelkeriaren kasuan sartzen dira arrantzale tostartekoen aurkako jazarraldiak, terrorismoaz akusaturikoen kontrako torturak, pisu batean ETAko militante baten heriotzarekin amaituko den ekintza, pilota-kolpe batez hildako gaztea
Irakasle ikasketak egin zituen Edorta Jimenezek. Literatura idazketa ez ezik, itzulpena, irakasletza, kazetaritza eta telebista zein zinemarako gidoilaritza izan ditu ogibide. Oso idazle oparoa da eta ia genero guztiak landu ditu.
Jimenezek gonbidatuta Asel Luzarraga batuko da elkarrizketara saioaren akaberan. Enpresa-zientzietan diplomatua eta euskal filologian lizentziatua da Luzarraga. Punkamine punk musika taldeko abeslari eta liderra izan zen. Saiakera lan bat eta zazpi eleberri argitaratu ditu. Itzulpengintza du gaur egun ogibide.
Irakurlearen tartean Miren Rico gasteiztarrak bere gustuko En la cocina con Kafka liburuaren aipamena egingo digu.
‘Galdetegia’ tartean estimukoak dituzten liburu bana aipatuko digute hiru idazlek: Karlos Cid Abasolok, Katixa Agirrek eta Juan Martin Elexpuruk.
Aretz Iguiniz errugbi jokalari lapurtarrak lagunduko digu aste honetako liburu ‘apalategia’ osatzen.
Tuterako Argia ikastolatik Marenek bidalitakoa da aste honetako booktubea. Bertan Lur Gallastegi idazlearen Uda bat Senegalen eleberria gomendatuko digu.
Hau guztia, larunbatean, 13:30ean, ETB1en.