Arte[faktua] 262: ‘Ezer ez dago utzi nuen lekuan’, Itziar Otegi idazlearen lehen ipuin liburua
Arte[faktua] 262: ‘Ezer ez dago utzi nuen lekuan’ Itziar Otegi –
Itziar Otegi idazle oiartzuarrarekin elkartuko da Ilaski Serrano, Artefaktua saioaren aurkezlea, larunbat honetan, haren Ezer ez dago utzi nuen lekuan (Elkar) ipuin liburuaz solastatzeko, Gasteizen dagoen Arabako Arte Ederren Museoa eta hango obrak lekuko. Askotariko formaz eta edukiz osatua den Otegiren lehen narrazio liburu honetako giroak eta pertsonaiak helburu eta bizipen ezberdinak dauzkate. Pertsonaiei dagokionez, haien bizitzako une erabakigarri bat hartu du idazleak, argazki baten moduan, eta hor gertatzen denari jarri dio sormena eta letra, eta bi irizpide kontuan izanda ordenatu ditu ipuinak. Batetik kronologikoa, adinaren hariari jarraiki, hein batean; eta bestetik, norberaren kontroletik at dagoenari ematen zaion erantzunaren araberakoa. Denbora luzean landutako ipuin liburua da Ezer ez dago utzi nuen lekuan, eta egileak kontatuko dio saioari zein den bere egiteko modua, zerk eman dien abiapuntua ipuinoi, eta norainokoa den ñabarduren garrantzia. ikasketaz eta lanbidez itzultzaile eta interpretea da Otegi, eta haurrentzako Lorerik gorriena (Pamiela-Kalandraka) albuma sortu du Sandra Garayoa ilustratzailearekin batera. Lan honek Etxepare saria jaso zuen 2020an. Aldiz, Ezer ez dago utzi nuen lekuan, ipuin liburuak kontakizun arloko Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria jaso du 2024an.
Iñaki Friera idazle eta itzultzailea gonbidatu du saiora Otegik, lankide izateaz gain iruzkin aberasgarriak egin dizkiolako liburuaren gainean, saioan baten batzuk aipatuko dituen bezala.
Biblioartea atalean, bestalde, Lazkaoko Beneditarren fundazioaren dokumentazio gunea izango da protagonista. Bertako arduradunak, Miren Barandiaranek haren historiaren eta gorde eta biltzen dituzten zenbait materialen berri emango du.
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Naroa Lopez de Arkauteren eskutik dator aste hoetako liburu gomendioa: Jule Goikoetxearen Politeismo bastarta saiakera (Susa).
Booktubeari dagokionez Sakanako Edorta Amillano Goikoetxearena izango da aste honetakoa, eta horretarako aukeratu duen liburua Oihane Iguaranen Hormak (Elkar) eleberria.
Hori guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en.
aurreko saioan…
Arte[faktua] 262: ‘Ezer ez dago utzi nuen lekuan’, Itziar Otegi idazlearen lehen ipuin liburua