Arte[faktua] 253: Gotzon Barandiaranen ‘Galbahea’: amaren maitasun begirada, mundua ulertzeko ipar-orratza bilakatzen denean
Arte[faktua] 253: Gotzon Barandiaranen ‘Galbahea’ –
Gotzon Barandiaranen Galbahea (Susa) poesia liburuaz arituko da Ilaski Serrano Artefaktua saioko aurkezlea egilearekin batera Lasarte-Oriako Antza Inprimategian, besteak beste, Susa argitaletxeak bere lanak inprimatzen dituen lantokian. Amari eskainitako poema batek irekitzen du Gotzon Barandiaranen poemategia. Amaren maitasun begiradatik egin du poetak atzera begiratze ariketa bat, bere memoria emozionalari zein bizipen politiko eta militanteari, 50 urteko atzera begiratze bat, zer baztertu duen eta zer ez gaur dena izateko, eta horretarako guztirako galbahearen irudia erabili du kontzeptu poetiko moduan. Bizitzaren talka eta gatazkez sakon hausnartzeko ariketa zintzoa. Gotzon Barandiaran idazle, poeta eta euskal kulturgile bizkaitarra da. Eleberria, antzerkia, saiakera eta batez ere, poesia dira literatura arloan argitaratu dituen lanak. Musika emanaldietara eraman ditu zeinbait lan, Katamalo izenekoa tarteko. Horretaz gain, Bihotz Bakartien Kluba taldearen partaide izan da Gorka Urbizurekin batera, eta berau da Barandiaranek saiora ekarriko duen gonbidatua. Karrera luzeko musikaria da Urbizu, taldean zein bakarka, Barandiaranen bidelaguna eta aspaldiko lagun handia. Biak ala biak izan dira kide Bihotz Bakartien Kluba talde literarioan zein talde honek bultzatuta sortu zen Katamalo musikakoan.
Aritz Pardina poeta izango da ‘Artegilea’ ataleko gonbidatua. Balea Zuria argitaletxearekin plazaratu duen Ibai ahoak liburuaren egilea da Pardina, eta Orion, bere herrian, elkartuko da saioa gertuagotik ezagutzeko asmoz.
Jesus Mari Jaime irakurle iruindarrak bere liburu gomendioa eskainiko du irakurlearen txokoan, eta horretarako aukeratu duen liburua: Salman Rushdie idazlearen Cuchillo eleberria.
Hori guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en.
aurreko saioan…
Arte[faktua] 253: Gotzon Barandiaranen ‘Galbahea’: amaren maitasun begirada, mundua ulertzeko ipar-orratza bilakatzen denean