Arte[faktua] 243: June Fernandezen ‘Aingeruak eta neskameak’ haurdunaldi subrogatuari buruzko analisi feminista
Arte[faktua] 243: June Fernandezen ‘Aingeruak eta neskameak’ –
June Fernandezen Aingeruak eta neskameak (Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak) saiakera izango da hizpide larunbat honetako Artefaktua saioan. Egilearekin elkartuko da Ilaski Serrano Bilboko Gas plazan gai konplexu honetaz solastatzeko. Haurdunaldi subrogatuen inguruko ikuspegi ezberdinak jorratu ditu Fernandezek zazpi ataletan banatu duen liburu honetan. Pikara Magazinean eta Argia aldizkarian publikatutako erreportaje eta elkarrizketak ditu saiakerak bere oinarrian. Guztira 19 euskal feminista izan dira liburu kolektibo honetarako elkarrizketatu dituenak. Susa argitaletxeko Lisipe bilduma feministako 14. alea da.
Haurdunaldi subrogatuak guraso izateko aukera ematen duen praktika da, gai konplexua berez, eta ertzez betea. Espainiar Estatuak, adibidez, ez du horrelakorik onartzen, eta jendeak atzerrira jotzen du. Testuingurua, erditzeko modua, egoera sozioekonomikoak edo eskubideak ezberdinak dira praktika onartua den tokietan. Batzuk kontra daude, alde besteak; bitartean fenomenoa globalizatu egin da, bere argi eta ilunekin. Fernandezek, saiakeran bitartez, abaniko zabal bat jarri du mahai gainean hausnarketa egiteko, kontzientzia politiko-kritiko bat pizteko asmoz.
Fernandez kazetaria da ikasketaz, Pikara Magazine aldizkari digital feministaren abiarazle eta koordinatzaile izandakoa. Hainbat hedabidetan argitaratzen ditu artikulu, erreportaje eta elkarrizketak. Horietako batzuk sarituak izan dira kazetaritza alorrean. Idazletzari dagokionez egiletza kolektiboko zenbait liburu eman ditu argitara gazteleraz zein euskaraz. Berak idatziak dira, besteak beste, 10 ingobernables (Libros del K.O.) Mariokerrak. Nola esan/izan bollera euskaraz (Elkar), edo saiora ekarri duen Aingeruak eta neskameak (Susa), zeina gaztelerara itzulita plazaratuko baitu Consonni argiteletxeak Sueños y vasijas izenburupean.
Bestalde, Miel A. Elustondorengana joko du saioak aurrez hobeto ezagutzeko asmoz. Gasteizen egingo dugu topo honetaz eta hartaz galdetzeko.
Errenteriako Lekuona Fabrikako udal liburutegiko Carlos Sanchezen eskutik etorriko dira aste honetako gomendioak. Izan ere, hiru dira horretarako aukeratu dituen liburuak, eta horietako bat aipatu liburutegiak antolatzen duen lehiaketa baten emaitza da, Eguratsak, atmosferas izenekoa.
Hori guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 13:00etan, ETB1en.
aurreko saioan…
Arte[faktua] 243: June Fernandezen ‘Aingeruak eta neskameak’ haurdunaldi subrogatuari buruzko analisi feminista