Arte[faktua] 239: Juan Garziak itzuli du euskarara ‘Moby dick’ eleberri gogoangarria
Arte[faktua] 239: Juan Garziak itzuli du euskarara ‘Moby dick’ –
Hondarribira egingo du salto larunbat honetan Artefaktua saioak, San Pedroko itsas gizonen kofradian elkartuko baitira Ilaski Serrano eta Juan Garzia idazle eta itzultzailea, horrek euskarara ekarri berri duen Herman Melvilleren Moby Dick izeneko eleberriaz hitz egiteko. Garziaren beraren hitzaurreak irekitzen du liburua, irakurlea testuan kokatzeko edo egileari buruzko informazioa emateko. Izan ere, istorioa sinbolismoz betea dago, nahiz eta, berez, gaia «zeroi zuri handi baten jazarpen setatsu galgarria izan», atarikoan ederki laburbildu den bezala.
Irene Arrarats, itzultzailea eta Berria egunkariko euskara zuzentzailea batuko da beste bien arteko solasaldira.
Apalategia atalean, Eider Adeletx, Mejillón Tigre kolektiboko kidearengana jo dugu gustuko dituen zenbait libururen aitzakian. Errenteriako Lekuona Fabrikan elkartuko da saioa Adeletxekin.
Aitziber Cenzano, Villabonako ‘Basajaun’ liburu saltzaileak Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’ eta Ane Odriozolaren ‘El valle del hierro’ liburuak gomendatuko dizkigu.
Booktubearen atalari dagokionez, Intza Anton Floresek egindakoa izango da aste honetakoa.
Hori guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 15:30ean, ETB1en.
aurreko saioan…
Arte[faktua] 239: Juan Garziak itzuli du euskarara ‘Moby dick’ eleberri gogoangarria
Izugarri zaila da gaur egungo euskara espainolizatu idatzia ulertzea. Non dago galdegaia izenburuan? Zein da izenburuaren helburua, liburua Juan Gartziak idatzi duela adieraztea, edo Mobby Dick euskarara itzuli dutela adieraztea? Bigarrena, jakina.
1) Mobby Dick euskarara itzuli dela adierazteko (eta ez beste hizkuntza batera):
Mobby Dick eleberri gogoangarria euskarara itzuli du Juan Gartziak.
edo
Juan Gartziak euskarara itzuli du Mobby Dick eleberri gogoangarria
edo
Juan Gartziak Mobby Dick eleberri gogoangarria euskarara itzuli du.
2) Mobby Dick itzuli (egin) dela adierazteko (euskarara itzuli dutela inplizituki ulertzen da, eta beraz ‘euskarara’ esalditik kendu liteke, nahi izanez gero):
Mobby Dick eleberri gogoangarria itzuli du euskarara Juan Gartziak.
edo
Juan Gartziak Mobby Dick eleberri gogoangarria itzuli du euskarara
gaztelania hutsa da nire begietan. “Juan Gartzia traduce al euskera la…”.
Mobby Dick itzuliko zela jakina balitz, baina nork itzuliko zuen jakina ez balitz, orduan bai, izenburua ondo legoke.
Zer deritzozue?
Bada, “Juan Gartziak Mobby itzuli Dick” ulertzen diat nik… (broma duk). Nik zer hau deritzot: Gaztelaniazko sintaxia gero eta gehiago erabiltzen dugula oro har, eta ez zaigula axola. Hizkuntzen arauak ez ditugu onartu nahi izaten, eta “hizkuntzek eboluzionatzen dutelako” arrazoibidea baliaturik, hizkuntza kamusten ari garela. Eta hizkuntzarekin batera, adimena. Baina gauden, adimen artifiziala hor dugu aparraren gainetik…
Barka, baina zer esan nahi duzu, aparraren gainean, gainetik hori…, adimen artifiziala dugula ala adimen artifiziala dugula aparraren…..
Esan nahi nuena zera da, geure adimena hizkuntzarekin batean kamusten ari garela, hizkuntza baita adimenaren tresna, eta ironikoki gehitzen nuen, hori paradoxa, adimen artifiziala dugula une hauetan goi-goian, baina aparra apaltzen denean hori ere apalduko dela. Adimen artifiziala ez delako sorginkeria arrunta besterik. Badakik, hodei guztien gainetik eta sasi guztien azpitik…