Arte[faktua] 236: Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’ eleberria, maitasunak gure bizitzetan duen lekuari buruzko hausnarketa
Arte[faktua] 236: Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’ eleberria –
Karmele Jaio idazle gasteiztarra izango da aste honetako gonbidatu nagusia. Elkar argitaletxearekin argitaratutako Maitasun kapitala eleberriaz arituko da solasean Ilaski Serranorekin batera Gasteizko San Martin parkean. Beraz, ibilbide arrakastatsu eta oparoa izan duen literatur lanarekin amaituko dugu ikasturtea. Ezohiko hileta batek ematen dio hasiera Maitasun kapitala eleberriari. Olga izeneko pertsonaia nagusia maitale izan duen Martinekin ari da bakarrizketan, haren omenez ospatzen ari den elizkizunetan. Olgak, unibertsitateko literatura irakasleak, bihotz zabalik maitatu du Martin, alderantziz ez bezala. Maitatzeko eta maitatuak izateko modu desberdinei buruzko hausnarketa dakar Jaiok liburuan, Olga eta Martinen istorioaz gain, Bakarnerena eta Laiarena ere gurutzatuz. Izan ere, Laiaren bidez, maitasunaren inguruan tesia egiten ari den ikaslearen bidez, gizarte honetan ditugun maitatzeko modu desberdinak aletuko ditu kontakizunaren zehar, literaturan eta artean esanguratsuak diren obra eta ideiak eleberrira ekarrita, sentitzen dugunaren eta merezi dugunaren arteko kontraesanei eta minei aurrez aurre begiratzeko.
Marga Altolagirre artista, sortzailea, idazlea eta M.A. Studio Laben sortzailearengana joko dugu Apalategian gordetzen dituen zenbait liburu ezagutzeko asmoz.
Maitane Galarraga irakurlearen eskutik iritsiko da aste honetako literatur gomendioa: Garazi Arrularen Lurraz beste.
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, goizeko 10:20an, ETB1en.