Arte[faktua] 235: Estitxu Fernandezen ‘Sortze berri bat’, haurdun, erditzeko edo erdiondoan dauden emakumeei entzuteko aldarria

Arte[faktua] 235: Estitxu Fernandezen ‘Sortze berri bat’ –

Estitxu Fernandez Maritxalarren Sortze berri bat. Indarkeria obstetrikorik gabea saiakera izango da larunbat honetako hizpide nagusia Artefaktua saioan. Harekin elkartuko da Ilaski Serrano aurkezlea Donostiako Ulia mendiko aterpetxean. Fernandez Maritxalar kazetaria, idazlea eta psikologoa da. Bertsolaritzan ibilitakoa, baita Euskal Telebistako aurkezle izandakoa ere. Bi saiakeraren egilea da M ama eme ume (2022), Erika Lagomarekin elkarlanean idatzia, eta Sortze berri bat. Indarkeria obstetrikorik gabea (2023). Lehenengoan amatasuna izan zen gai nagusia; oraingoan, berriz, haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan bizitzen diren egoeretan ipini du fokua, haurdunaldian hasten delako norberak nahi duen bezalako amatasuna bizi ahal izateko unea.

Bi alde ditu saiakera honek, batetik 12 emakumeren testigantzak jasotzen dituena, eta bestetik indarkeria obstetrikoa zer den eta nondik datorren azaltzeko alde teorikoa. Lan mardul hau osasunaren ingurukoa izan arren, emakumearen sexualitateari buruzkoa ere bada, eta orokorrean, gaiari ikusgarritasuna ematea du helburuetako bat.

Solasaldira, Nerea Laso adiskidea gonbidatu du Fernandezek. Laso Xirimiri elkarteko kidea da eta batez ere Fernandezen bidelaguna proiektu honetan guztian. Biek ala biek sortu zuten Xirimiri hezkuntza proiektua orain urte batzuk. Umeen bidelaguna da Laso, eta indarkeria obstetrikoari dagokionez umeen sufrimenduaz mintzatuko da saioan.

Artegileak atalean Felix Arrieta Frutos irakasle eta idazlearengana hurbildu gara gertuagotik ezagutu ahal izateko. Deustuko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusean aurkitu dugu, han ematen dituelako eskolak.

Aintzane Goienetxea pasaitarrak aspaldian irakurritako liburu baten gomendioa emango digu, Julia Navarroren ‘Díme quien soy’ eleberria.

Iraide Arrizabalaga gaztearen eskutik dator aste honetako booktubea, eta aukeratu duen liburua:  Alberto Ladron Arana idazlearen Ilunpeko zelataria (Elkar).

Hori guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, eguerdiko 12:50ean, ETB1en.

artefaktua

aurreko saioan…

Arte[faktua] 234: Mikel Etxabururen ‘Manttalingo alaba’, Saturraranen preso egon ziren emakumeei zuzendutako begirada poetikoa

Arte[faktua] 235: Estitxu Fernandezen ‘Sortze berri bat’, haurdun, erditzeko edo erdiondoan dauden emakumeei entzuteko aldarria

Arte[faktua] literatur saioa ETBn

2 pentsamendu “Arte[faktua] 235: Estitxu Fernandezen ‘Sortze berri bat’, haurdun, erditzeko edo erdiondoan dauden emakumeei entzuteko aldarria”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2024-06-08 02:26

    Pozten naiz, bejondeizuela, oraindik esaten duzuelako haurdun gelditzen direnak eta, beraz, indarkeria obstetrikoa jasaten duten bakarrak EMAKUMEAK direla.

    Asteriskoak, ja.

  • Emakumeak entzun? Besterik ez dugu egiten gizonok! Isiltasun egun bat urtean ongi etorriko litzake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude